Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak hobekuntza- eta mantentze-lanak egingo ditu San Andres eta Amaña ikastetxeetan

Amañako eskolako artxiboko irudia.

Amañako eskolako artxiboko irudia.

2023/07/26

Lan hauei esker ikastetxe bietako hezetasuna kendu eta gelen arteko irisgarritasuna hobetuko da San Andres eskolan, kostu osoa 115.000 eurokoa (BEZa barne) izanik. Jarduketek Eusko Jaurlaritzako Udalaguntza programaren dirulaguntza dute.

Eibarko Udala mantentze- eta hobekuntza-lanak egiten ari da Amaña eta San Andres ikastetxeetan, udako oporraldia aprobetxatuz.

Zehazki, jarduketa hauen helburua da ikastetxe bietako hezetasuna kentzea eta San Andres eskolako gelen arteko irisgarritasuna eta komunikazioa hobetzea.  

Lanek, guztira, 114.941,20 euroko kostua dute, BEZa barne. Zehazki, 88.916,20 euro (BEZa barne) erabiliko dira hezetasunak kentzeko eta 7.199,50 euro (BEZa barne) Bidebarrieta kaleko ikastetxearen irisgarritasuna hobetzeko, eta18.815,50 euro (BEZa barne) Amaña ikastetxerako.

Lanak abuztuaren 11n bukatuko dira San Andres eskolan, eta hilaren 18an Amañakoak. Udalak uda sasoia aprobetxatu nahi du ikasturte berriaren hasieran dena ondo egon dadin.

Lanok Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza laguntza-programaren barruan daude sartuta, eta Jaurlaritzak jarriko du kostuaren % 50 inguru.

 Jon Iraola alkateak nabarmendu du uda sasoia izaten dela honelako lanak egiteko unea: “Uda sasoian gaudenez, ikasleen oporrak aprobetxatu nahi ditugu jarduketa horiek egiteko, ikasturte hasieran instalazioak egoera ezin hobean egon daitezen”, azaldu du.

Iraolak zera gaineratu du: “Eibarko Udalean kontuan hartzen ditugu herriko ikastetxeek helarazten dizkiguten beharrak eta eskaerak, eta horiek betetzen saiatzen gara, betiere hezkuntza-arloan ditugun baliabideak eta eskumenak kontuan hartuta. Urtero egiten dugun udal-inbertsioak argi eta garbi erakusten du gure konpromisoa, eskola-eremuek instalazio hobeak izan ditzaten.”

Obra Sailak urte honetan 170.000 €-ko partida bat du xede horretarako.

Beste lan batzuk ikastetxeetako patioetan

Esandako lanez gain, abuztuan eta iraileko lehen astean beste bi obra egingo dira Urkizu eta Amaña ikastetxeetan, patio inklusiboagoak sortzeko eta espazio horiek birnaturalizatzeko. 

Jarduketa hauek Eibarko Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planean (2022-2030) sartzen dira. Plan hori 2023ko urtarrilaren 30ean onartu zen, eta bertan hainbat neurri eta jarduera-ildo ezarri ziren berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta udalerria klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko.

Zehazki, Urkizu ikastetxean 47.899,54 € (BEZa barne) inbertituko dira patioaren zati bat birmoldatzeko. Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak hartu du parte gune hori diseinatzeko orduan, eta patioa birbanatzea eta espazio batzuk sortzea eskatu da.

Hala, mahaiak, eserlekuak eta harmailak izango dituen esparru lasai bat sortuko da, baita mugimendu-gunea ere, naturako elementuekin eta frontoi txiki batekin osatua. Gainera, landaketak izango dituzten hiru eremu sortuko dira eta kortxo naturala eta belar artifiziala bezalako materialak erabiliko dira zoladura bigunagoak eta erabilera anitzekoak izango dituzten espazioak izateko.         

Amaña ikastetxean, iaz helburu berarekin egindako obra osatuko da material naturalez sortutako jolas-eremu osagarri batekin.  Obra horren zenbatekoa 7.7905,76 €-koa da, BEZa barne.

Era berean, Ingurumen Saila azterketa bat egiten ari da udalerriko beste hiru ikastetxeetako patioak egokitzeko eta birnaturalizatzeko, zehazki, Arrateko Andre Mari ikastetxeko patioa, San Andres ikastetxekoa eta Sansaburu eskolaurrekoa. Azterketa hori ikastetxeetako hezkuntza-komunitatearekin batera egiten ari da, parte hartzeko hainbat tailerren bidez.

Esandako obra bi horiek egiteko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari diru-laguntza eskatuko zaio “patio inklusiboak” sortzeko; horrela, aurrekontuaren % 90eraino bete ahal izango da.