Eibarko Udala
Hijos de Gabilondo

Udalak “Hijos de Gabilondo” zena birgaitzeko behin betiko proiektua aurkeztu du

2025/03/20
Argazkia.

Eraikina 1938ko jatorrizko konfigurazioari eutsiz birgaituko da, eta geroago egin ziren alboetako anpliazioak eraitsi egingo dira. Horri esker, espaloiak zabaldu, berdeguneak jarri eta aparkaleku berriak sortu ahal izango dira, besteak beste. Obrak, 8,5 milioi euroko aurrekontua dutenak, 2026ko bukaerarako amaituko dira.

Gobernu-taldeak asteartean aurkeztu zuen Obretako Batzorde Aholkularian “Hijos de Gabilondo” fabrika (Barakaldo eta Barrena kaleen elkargunean) zenaren birgaitze-proiektua. 

Esku-hartze honek —udal-gobernuak funtsezkotzat hartzen duena herriaren alde hau  birgaitzeko— 8,5 milioi euro inguruko aurrekontua du. 18 hilabeteko egikaritze-epea izango du, beraz, aurreikusten da lanak bukatuta egotea 2026ko amaierarako. Proiektua datozen asteetan aterako da lizitaziora.

Helburua Urkizu-Barrena ingurua biziberritzea da, eta  hiria berroneratzeko udal-estrategiaren barruan sartzen da. Estrategia horrek apustua egiten du espazio publiko berriak sortzearen, jarduera ekonomikoa sustatzearen eta ekintzailetzaren alde, eta hori guztia funtzio anitzeko espazioekin eta aisialdirako eremuekin.

Jon Iraola Eibarko alkateak esku-hartze honek herrirako duen garrantzia azpimarratu du:  “Urrats garrantzitsua egiten ari gara herriaren inguru hori eraldatzeko. Erabiltzen ez zen eraikin enblematiko bat berreskuratzeaz gain, enpresa-jarduera kokatutako da bertan, eta, horrela, herriko eta inguruko  ekintzailetzari espazio bat emango zaio, baita jendea elkartzeko eta erakartzeko gune bat sortu ere. Gune horretaz bertako bizilagunek eta eibartar guztiek disfrutatu ahal izango dute”.

Era berean, aipatutako eraikinaren birgaitze-proiektuaren osagarri gisa, Eibarko Udalak lanean dihardu aldi berean beste proiektu batekin, ingurua berrurbanizatu eta hobetze aldera.

Eraikinak, 2024an egin beharreko eraiste-lanak burutu ondoren jatorrizko itxura berreskuratu duenak, estalkia (behar bezala urbanizatuta) zabalik izango du jendearentzat, eta egoteko eta umeak jolasteko guneak ere izango ditu. 

Estalkiaz gain, bi gune aurreikusi dira: ekialdean, aparkaleku bat; mendebaldean, berriz, herritarrentzako gune ireki eta birnaturalizatu bat.

“Hijos de Gabilondo” berria erreferente bat izango da gure herriaren etorkizunerako: eraikin moderno eta funtzionala izango da, herriko industria-historia bizirik mantentzeaz batera, herritarrei hainbestetan eskatzen diren elkartzeko guneak emango dizkiena.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du. Hala, Eibarko Udalak iaz 5 milioi euro inguruko laguntza jaso zuen Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzatik, eta horrek proiektua azkar garatzea ahalbidetu du.

Esku-hartze hau duela urte batzuk PSE- EE eta EH- BILDU udal-taldeek onartutako akordioaren ondorioa da, zeinari esker, Udalak lanean jarraitzen duen herriaren ekialdea berroneratzeko eta modernizatzeko konpromisoan. Horrela, aipatutako proiektuak bat egiten du Estaziño eta Azitain arteko trenbidearen gaineko pasealekuarekin, bai eta LAPEYRA enpresa urteetan egon zen eta gaur egun erabiltzen ez den Barrena kaleko eraikina etxebizitza babestu bihurtzeko proiektuarekin ere.

Azkenik, alkateak ondorioztatu duenez, “ekitaldi honetan zehar herriaren ekialdeko ingurua berroneratzeko proiektu gehiagoren berri emango dugu, gobernu-talde honek aspaldidanik martxan jarri duen proiektu eraldatzailearen adierazle erakusgarri zango direnak”.