Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak herritarrak 'Klima Bai!' lehiaketan parte hartzera animatzen ditu

2021/10/06

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, herrien arteko lehiaketa moduan dago planteatuta eta helburua da herritarrak ekintza klimatikoan sentsibilizatzea eta heztea. Gutxienez 35 familia eibartar behar dira proiektuan parte hartu ahal izateko; izena emateko epea urriaren 15ean amaituko da (egun hau barne).

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamenduak ‘Klima Bai!’ izeneko lehiaketa jarri du martxan herritarrak ekintza klimatikoan sentsibilizatu eta hezteko. App baten eta webgune baten bidez, etxetik zazpi ekintza-eremutan (energia, elikadura, ehungintza, uraren kontsumoa, hondakinak, mugikortasun jasangarria eta biodibertsitatea) egin ahal izango dituzten hainbat erronka planteatzen dira: lehiaketak gogoeta eragin nahi du herritarren eguneroko ohiturei buruz eta ohitura horiek aldatzeko moduari buruz, ekintza jasangarriagoak bihurtu daitezen eta klima-aldaketaren aurka borrokan lagun dezaten.

Horrela, lehiaketa Klima Bai! aplikazioaren bidez garatuko da (Google Play eta Apple Store-n eskuragarri dagoena eta/edo Klima Bai! Webgune plataformaren bidez). Herrien arteko lehiaketa gisa planteatuta dago; horrela, azken puntuazioa herri bakoitzeko familia parte hartzaileen puntuazioen batura izango da.  

Eibarko Udalak izena eman du dagoeneko ekimenean. Orain, beraz, erronka da Eibarko familiek parte hartzea, zeren eta lehiaketan parte hartu ahal izateko gutxienez 35 familia egon behar baitira izena emanda urriaren 15erako (egun hau barne). Horregatik, Eibarko Udalak eibartarrak animatzen ditu lehiaketan parte hartzera.

Jon Iraola alkateak hala esan du: “Klima-aldaketa aurre egin beharreko erronka bat da, eta, horretarako, ezinbestekoa da gure esku dagoen guztia egitea arazo handi honen aurka elkarrekin lan egiteko; izan ere, ez daukagu denborarik eta klima-aldaketarekiko ekintza atzeratzea gero eta arriskutsuagoa da. Desafio itzel honen aurrean ekintza guztiak txikiak izan arren garrantzitsuak baitira”.

Parte hartu nahi duten eibartarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamenduko webguneko Klima Bai! aplikazioan (gip.eus/klimabai) eman behar dute izena.  Zenbat eta jende gehiagok eman izena, orduan eta aukera handiagoa izango dute udalek puntuak pilatzeko, beren udalerria ingurune jasangarriago bat bihurtzeko eta sariak jasotzeko.

Puntuazio altuena lortzen dituzten udalerriek sarietako bat jasoko dute (40.000 euroko lehen saria, 20.000 euroko bigarren saria eta 10.000 euroko hirugarren saria); udalerri bakoitzak erabakiko du klima-aldaketara egokitzeko zer proiektutan inbertituko duten dirua.

Bestalde, parte hartzen duten pertsonek aukera izango dute beren eguneroko ohiturek klima-aldaketan duten eragina ezagutzeko, alternatiba jasangarriagoak ezagutzeko, eta, gainera, zozketa bidez, lehiaketako eremuei lotutako sari batzuk eskuratzeko hala nola, etxebizitzaren energia-auditoretza bat, bizikletak, ibilgailu elektriko bat gidatzea, tokiko produktuak eta produktu ekologikoak kontsumitzeko bonuak, tokiko kontsumo-taldeetan parte hartzea, ehun-material jasangarria, etxean hondakinak prebenitzeko kit bat, eta natura behatzeko materiala.

Eibarko Udalak, Aldundiaren ekimen honekin bat egitean, berriz ere bere sentsibilitatea erakusten du ingurumenarekin zerikusia duten era guztietako ekintzekiko, eta horren adibide dira azken hilabeteetan egin diren Mugikortasunaren Astea, Asteklima edo Klimatoia bezalako programak.

Herritarrei egindako inkesta batetik eratorritako proiektua

Proiektu hau diseinatzerakoan, kontuan hartu dira Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Gipuzkoako familiei egindako inkesta bat jakiteko klima-aldaketari buruz herritarrek duten ezagutza maila eta pertzepzioa. Inkesta horren arabera, 2020an herritarrek klima-aldaketaren inguruan duten kezka handitzen hasi zen. Zehatzago, inkestatutakoen % 46k dio oso kezkatuta dagoela klima-aldaketaren bilakaeraren aurrean.

Inkestan nabarmentzen zen beste datu bat, eta lehiaketa antolatzerakoan kontuan hartu dena, hau da: galdetutako pertsonen % 85ek adierazi zuen neurriren bat hartu zuela aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko. Erregistratutako ekintza nagusien artean, honako hauek zeuden: zaborra bereiztea, erabili eta botatzeko artikuluak ez erabiltzea, etxetresna elektriko eraginkorrak erostea, tokiko establezimenduetan erosteari lehentasuna ematea Internet bidezko erosketen aurretik, gertuko produktuen aldeko apustua egitea, etxean energia aurrezteko moduari buruzko informazioa jasotzea edo garraio publikoan edo oinez mugitzearen aldeko apustua egitea.