Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak hasiera eman dio Txontako eta Errekatxuko hiri-antolamendu plan orokorraren aldaketa puntualari eta hari lotutako partaidetza planari

Artxiboko argazkia. Errekatxu Bidea.

Artxiboko argazkia. Errekatxu Bidea.

2023/09/20

Aldaketa puntualaren prozesuak Txonta 125 JI eremuari eta Errekatxuko 17, 19 eta 21 zenbakietako eraikinei dagokie. Herritarren Partaidetza Programa interesa duten pertsona guztientzat dago zabalik; herritarrek prozesuari buruzko informazioa izango dute eskura, eta ekarpenak egin ahal izango dituzte. Ekimenak eremu horiek gaur egun indarrean dagoen legedira (hirigintzakoa zein ingurumen arlokoa) egokitu nahi ditu, hiri-berroneratzearen ildotik, ingurumen- eta bizigarritasun-irizpideen arabera.

Eibarko Udalak abian jarri du Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntualaren prozesua, Txontako 125 JI eremuko eta Errekatxuko 17, 19 eta 21 zenbakietako eraikinei dagokienez. Hirigintza Batzordeak nahitaezko urratsa egin ondoren, aldaketa-prozesuari hasiera eman zaio. Aldaketa horrek Herritarren Partaidetzarako Programa (EAP) dakar berekin, herritarrei programa horri buruzko informazioa emateko eta dokumentua haien ekarpenekin aberasteko xedez. Prozesuaren xehetasunak bidali zaizkie dagoeneko aldaketa puntualak eragindako eremuetan bizi direnei.

Herritarren Partaidetzarako Programa interesa duten pertsona guztiei dago zabalik. Prozesuak lau fase izango ditu eta interesdunek elektronikoki eta modu presentzialean parte hartu ahal izango dute. Lehenengo unean galderak, zalantzak eta iradokizunak jasoko dira, Udalaren www.eibar.eus web-orriaren bidez. Gero, hasierako onarpenaren ondoren, alegazioak jasoko dira. Fase horretan, komunikazio elektronikoa erabili ahal izango da, baina, horrekin batera, Udalak azalpen- eta partaidetza-saioak antolatuko ditu herritarrekin, aurrez aurre egin nahi dutenentzat. Dokumentu berriaren hasierako behin-behineko onarpenaren ondoren, jendaurrean jarriko da udal-webgunean. Azkenik, behin betiko onarpenaren ondoren, dokumentu berria jendaurrean jarri eta partaidetzaren amaierako Memoria idatziko da.

Txontako jarduera, 2006ko HAPOn jasotakoaren arabera, auzoa bizitegi-erabilerarekin berroneratzeko premiatik abiatu zen. Auzoa etxebizitza eskuragarri eta duinekin berroneratzea oinarri hartuta, bai etxebizitza berriak eraikiz, bai lehendik zeuden eraikinak jasangarritasun-irizpideen arabera birgaituz, Udalak hainbat helburu bateratu ezarri zituen: hala nola espazio publikoak eta ekipamenduak handitzea Txontak hiriaren erdigunearekiko duen mendekotasuna murrizteko; ibilgailuen trafikoa murriztea bertako biztanleen segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko, trafikoa berrantolatuz eta bereiztuz; edo industria-eraikin zaharkituetan kutsatutako lurzoruak eraistea eta berreskuratzea.

Hori guztia udalerriko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren mailari eustea ziurtatuz, hirigintza- eta ingurumen-garapen egokiarekin bateraezinak diren  industria-jarduerak lekuz aldatuz, baina baita industria-eraikin bereziak berreskuratuz ere, hiriaren historia eta industria-ondare aberatsa balioan jartzeko.

Txontako125 JI eremua indarrean dagoen hirigintza- eta ingurumen-legeriara egokitu beharra dago, eta hortik Udalak lantzen diharduen HAPOren aldaketa puntuala, antolamendu xehatuaren zehaztapenari ere heltzen diona. Behin prozesua amaituta, esku hartu ahal izango da eremuan

Errekatxuri dagokionez, eta ingurumen- eta bizigarritasun-irizpideen araberako berroneratzearen ildo beretik, beharrezkoa da kalitatezko bizitegi-eraikin berriak antolatzea, egiturazko arazo larriak dituzten eraikinen ordez, bai eta Errekatxu kaleko sekzio bat handitzea, kalea berrantolatzeko eta Bolingua auzorako sarbidea hobetzeko lehen urrats gisa. HAPOren aldaketa puntuala, kasu honetan, Errekatxuko 17, 19 eta 21 zenbakiei dagokie.

HAPOren eta Herritarren Partaidetzarako Programaren aldaketa puntuala idazteko prozesuaren material guztia udal-webgunean argitaratuko da, eta udal-bulegoetan ere eskuragarri egongo da.