Udalak hainbat ekintza burutu ditu bullyngaren aurkako sentsibilizazio-programaren barruan

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/11/04

Bi sentsibilizazio-jardunaldi egin dira, ikastetxeentzako erakusketa bat, eta bullyingaren aurkako logotipoa diseinatzeko lehiaketa bat. Jarduera hauek Udalak sustatutako Haurren, Nerabeen eta Familien I. Planean daude jasota.

Eibarko Udalak jarduera batzuk burutu ditu, bullyingaren aurkako sentsibilizazio-programaren barruan; programa hori Udalak jarri zuen martxan 2019ko abenduan, 2018-2021erako Haur, Nerabe eta Familien I. Planaren testuinguruan, eta Berritzeguneren lankidetza izan du.

Hilabete hauetan bi sentsibilizazio-jardunaldi egin dira (bata Udaleko politikariei eta teknikariei zuzendua, eta bestea herriko kirol-elkarte eta aisialdiko kolektiboei), ikastetxeentzako erakusketa bat eta bullyingaren aurkako logotipoa egiteko lehiaketa bat.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eibarko Udalean oso konprometituta gaude horrelako jarduerekin eta garrantzi berezia hartzen dute une honetan, non sare sozialek gure eguneroko harremanetan funtsezko papera betetzen duten. Zalantzarik gabe, urrutira komunikatzeko modu horrek eta edukiak zabaltzeko duten ahalmenak jazarpena eta indarkeria errazten dute. Horregatik, ezinbestekoa da ikastetxeetan jarduerak egitea eta errespetuan, enpatian eta tolerantzian oinarritutako heziketa bat bultzatzea.”.

Lehenengo sentsibilizazio-jardunaldia 2019ko abenduan izan zen, eta hamahiru pertsona egon ziren; haietatik zortzi Udaleko kargu politikoak izan ziren eta bost sail desberdinetako teknikariak. Bigarren jardunaldian, 2020ko urtarrilean, 40 pertsonak hartu zuten parte, Eibarko kirol-kluben eta aisialdiko taldeen izenean.

Kontuan izanik, bullyingari dagokionez, ikastetxeen inplikazioa ezinbestekoa dela, ikasleei zuzendutako ekintzak proposatu ziren. Horren harira, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako erakusketa bat egin zen Portalean, Juan San Martin Udal Liburutegiarekin batera.  

Erakusketa, ‘Juul’ izeneko liburuan oinarritua, 2020-2021 ikasturtean egin zen. ‘Juul’ berdinen arteko indarkeriari buruzko kontakizun bat da, ohartarazteko irainak, tratu txarrak, eta umiliazioak indarkeriazko ekintza bat direla eta hautsi egiten dutela sufritzen dituena.

Erakusketan ipuinean oinarritutako egurrezko eskulturak zeuden eta gida didaktiko bat  Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleentzat.

Bisita gidatuak egin ziren Portalean. Jardueran Lehen Hezkuntzako 584 ikaslek parte hartu zuten, Amaña, Arrateko Andra Mari, Juan Antoniko Mogel, La Salle, San Andres eta Urkizu eskoletakoak; haietatik 195 neskatilak ziren eta 188 mutikoak. Erakusketan, ipuinaren testuak eta eskulturak bisita gidatu bat egiteko moduan zeuden jarrita.

Aurreikusitako hirugarren jarduera lehiaketa bat antolatzea izan zen, bullyingaren aurkako logotipo bat eta lelo bat lantzeko. Programa 2019an eta 2020an egitea zegoen pentsatuta, baina pandemiaren erruz eten egin zen, eta lehiaketa 2021ean egin da. Irabazlea Aldatze ikastetxeko neskato bat izan da.

Irabazi duen logoarekin 3.000 txapa egin dira, irailean banatu direnak Eibarko Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietan.