Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 'Gurasoak Martxan' programaren beste edizio bat jarri du abian

2021/10/19

Hiru saio antolatu dira urrian eta azaroan, gurasoei seme-alabekiko komunikazioaren inguruan formaziorako eta gogoetarako gune bat eskaintzeko.

Eibarko Udalaren Gizartekintza Sailak eta herriko guraso elkarteek hitzaldi ziklo bat antolatu dute ‘Gurasoak Martxan’ programaren barruan; hitzaldi horietako bat urrian izango da eta beste biak azaroan.

Saioen helburua da seme-alaba nerabeak dituzten gurasoei haiekin duten komunikazioari buruzko prestakuntzarako eta gogoetarako gune bat eskaintzea, tresnak emanez arrisku-egoerak prebenitzeko. Hitzaldiak seme-alaba nerabeak dituzten gurasoei zuzenduta egongo dira, nagusiki; dena den, edozeinek parte hartu ahal izango du.

Nolanahi ere, eta nahiz eta edonor joan ahal izan, parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea mezu elektroniko bat bidaliz gizartekintza@eibar.eus helbidera, edo ikastetxe bakoitzaren Guraso Elkartearen bidez.

Aurtengo hiruhilekorako programatuta dauden hitzaldiak hiru dira. Lehenengoa urriaren 26an izango da eta hauxe izango da gaia: ‘Disziplina positiboa eta limite/arauen adoste/ezarpena’. Bigarrena azaroaren 9an egingo da eta honako izenburua izango du: ‘Identificación y manejo de las emociones en la adolescencia’. Eta hirugarrena azaroaren 23an izango da honako gaiarekin: ‘Sare sozialen erabilera egokiak sustatzea, arrisku egoerak murrizteko’.

Portalean izango dira (lehen solairuan) hitzaldiak, 18:00etatik 19:30era, eta bai online bai modu presentzialean parte hartu ahalko da. Baikara kolektiboak emango ditu hitzaldiok.