Eibarko Udala
enplegua

Udalak, Armeria Eskola Elkartearekin batera, enplegua bultzatzeko programa berri bat jarri du abian

2026/09/21
Kartela.

Programaren helburua da langabezian dauden edo lan prekarioa duten Eibarko 15 pertsonaren lan-egoera hobetzea. Izena emateko epea 2026ko irailaren 21etik urriaren 2ra (biak barne) egongo da zabalik.

Udaleko Enplegu eta Talentu Sailak, Armeria Eskola elkartearekin batera, industria arloan enplegua sustatzeko programa berri bat jarri du martxan. Oraingo honetan, prestakuntza mekatronika industrialean eta mekanizazioan oinarrituko da, inguruko enpresek asko eskatzen dituzten arloak dira-eta. Programaren helburua da langabezian dauden edo lan prekarioa duten Eibarko 15 pertsonak laneratzeko gaitasuna hobetzea, neurrira egindako ibilbideen bidez.

Ekimen hau Eibarko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren (2026-2030) barruan kokatzen da, hau da, enplegua sustatzeko eta herritarren enplegagarritasuna hobetzeko udalaren ibilbide-orrian. Programa langabeen kualifikaziora bideratutako jarduketen parte da, tokiko enpresa-sarearen eta profesional-eskaera handiena duten sektoreen beharretara egokitutako prestakuntza-ibilbideen bitartez gauzatuko dena. Kasu honetan, mekatronika industriala eta mekanizazioa aukeratu izanak udalaren apustu estrategikoari erantzuten dio, zeinak prestakuntzaren, pertsonen eta industriaren talentu-premien arteko lotura indartzea duen xede. 

Eibarko Udalak programa honetan izandako esperientzia errepikatzea erabaki du, aurreko edizioetako emaitza onak ikusita. Zehazki, iazko edizioan, parte hartu zuten 15 pertsonatik % 30ek lortu zuten lan-merkatuan sartzea kontratu baten bidez, eta % 40k beren formakuntza-prozesuan jarraitu zuten, beste formakuntza-ibilbide batzuen bidez. Gainera, ikasleen balorazio positibo orokorra 9,64koa izan zen.

Programa 10 hilabetekoa izango da, eta prestakuntza teknikoa eskainiko du mekatronikan eta mekanizazioan, orga jasotzaileak gidatzeko lanetan eta ongizate emozionaleko gaitasunetan. Gainera, programak gutxienez 80 orduko praktikak eskainiko ditu enpresetan, eta programa osoan parte hartzen dutenei laneratzeko laguntza emango die. Klaseak Armeria Eskolako instalazioetan emango dira, eta ikastaroa uztailean hasiko da.

Programan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira: Eibarren erroldatuta egotea, langabetua izan edo lan prekarioa edukitzea, edo Lanbiden izena emanda egotea. Gainera, ezinbestekoa da gaztelaniaz behar besteko maila edukitzea bai ahoz bai idatziz, eta baloratu egingo da esperientzia profesionala edota ezagutzak izatea fabrikazio mekanikoaren alorrean. 

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eibarren etorkizuna duen industria daukagu eta, aldi berean, lana topatzeko aukera bat behar duten pertsonak. Honelako programekin bi errealitateak gerturatu nahi ditugu eta lagundu inor atzean gera ez dadin”.

Era berean, adierazi duenez, “aurreko edizioek izan duten harrera onak erakusten digu merezi duela bide horiek zabaltzen jarraitzea. Parte hartzen duten pertsonak tresna gehiagorekin, konfiantza gehiagorekin eta, batez ere, lan aukera berriekin ateratzea nahi dugu”.

Izen-ematea

Izena emateko epea irailaren 21etik urriaren 2ra arte, biak barne, egongo da irekita. Interesa dutenek izena eman ahal izango dute Pegoran bertan edo modu elektronikoan, udalaren webgunearen bitartez. Bigarren kasuan, beharrezkoa izango da ziurtagiri digital bat edukitzea (B@K-Q, NAN elektronikoa, Izenpe txartela, eta abar.). Aurkeztu beharreko agiriak hauexek izango dira: eskatzailearen NANa edo agiri baliokidea, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, lan-bizitza edo curriculum vitae eguneratua.