Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak gogorarazten du ez dagoela Arrateko jairik, eta ibilgailuek eta pertsonek sarbide mugatua izango dutela

Arrateko Santutegia.

Arrateko Santutegia.

2020/09/04

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak sarbideak kontrolatuko dituzte, Arrateko eta Olabeko zelaiak itxi egingo dira, eta mahaiak eta parrillak prezintatu. Arauak betetzen ez dituztenei zigorra jarriko zaie. Herritarrei arduraz jokatzeko eta pandemiak eragindako osasun-aholkuak betetzeko eskatzen zaie, pertsonak pilatzea saiheste aldera.

Eibarko Udalak gogorarazten du Arrateko jaiak bertan behera geratu direla, eta datorren asteartean mugatuta egongo direla bertarako sarbideak, bai ibilgailu zein pertsonentzako. Bozeramaleen Batzordeak hartutako neurri honekin, saihestu nahi da talde jendetsuen pilaketak gertatzea, hala agintzen baitute COVID-19ak eragindako osasun-aholkuek.

Azitain eta Matxariako pistetatik, bakarrik bertan bizi direnak sartu ahal izango dira. Gainera, kontrolatu egingo dira errepidetik pasatzen diren ibilgailuak, eta handik jo nahi dutenek justifikatu egin beharko dute euren sarbidea. Egun horretan, halaber, Arrateko zelai osoa eta inguruak, baita mahaiak eta parrillak ere, prezintatuta egongo dira, eta zelai inguruan kanpina jartzea ere debekatuta egongo da. Olabeko zelaia ere itxita egongo da.

Neurri hauek betetzen direla bermatzeko, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak egun osoan ibiliko dira zaintza-lanak egiten, bai Arrateko sarbideetan, bai inguruetan, araudia betetzen dela bermatzeko, eta zigorra jarriko zaie neurriak betetzen ez dituzten pertsonei, edo jarrera edo jokaera arduragabeak hartzen dituztenei. Horren harira, Udalak eskatzen du arduraz jokatzeko.

Debekuen berri emateko, Arraterako sarbide guztietan informazio-kartelak jarriko dira, ibilgailuen pasabidea ahalik eta gehien mugatuz.  Kartelok Azitaingo eta Matxariako sarbideetan jarriko dira, Itxio inguruan, Arrateko sarreran, eta Olabeko zelaian.

Neurri hauek guztiak gaur goizean egindako Alkatetzaren Ebazpenean jaso dira.