Udalak 'Garapenerako Nazioarteko Lankidetza' eta 'Elkartasun Bekak' programen deialdia kaleratu du
Dagoeneko abian da ‘Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Herrialde Pobretuetan’ eta ‘Elkartasun Bekak’ laguntza-programen beste edizio berri bat, Eibarko Udalak aspalditik bultzatzen dituen ekimenak. Helburua da gobernuz kanpoko erakundeen eta Eibarko kooperanteen proiektuak babestea, nazioarteko lankidetzan eta elkartasun lanetan. Era honetan, Udalak oraingoan ere berretsi egiten du bere aurrekontuaren % 1 nazioarteko lankidetza eta elkartasunera bideratzeko konpromisoa.
“Garapenerako nazioarteko lankidetza” programaren dirulaguntzek 375.753 euroko diru-zuzkidura dute aurtengo urtean, eta laguntzon helburua Gobernuz kanpoko erakundeak diruz laguntzea da, garapen-programak antolatzeko jarduketak burutu ditzaten, munduan dauden herrialde pobretuetako biztanleriaren egoera sozioekonomikoa hobetzeko eta herrialde horietan dauden desberdintasunak gainditzeko. Halaber, garapenaren eta nazioarteko lankidetzaren arazoekin lotutako gizarte-eraldaketarako heziketa ezagutarazi eta sustatu nahi da Eibarko gizartean.
Laguntza hauek eskuratzeko, zenbait baldintza ezarri dira: elkarte eskatzaileek dagokien Elkarteen Erregistroan izena emanda egon behar dute, egoitza nagusia edo ordezkaritza Eibarren izan behar dute, eta Udal Elkarteen Erregistroan ere izena emanda eduki behar dute; herrian berariazko jarduerak edo sentsibilaziorako edo garapenerako hezkuntzarako programak egin behar dituzte, edo garapenerako lankidetza-ekintzetan esperientzia egiaztatua izan.
Dirulaguntza hauek eskatzeko epea urte honetako irailaren 1etik 30era egongo da zabalik (egun biok barne). Eskaerak, eskatutako dokumentazioarekin batera, Udalaren web orriaren (www.eibar.eus) bidez egin behar dira. Hor kontsulta daitezke deialdiaren oinarriak eta ezaugarriak ere. Entitate bakoitzak proiektu bat bakarrik aurkez dezake.
‘Elkartasun Bekak’
'Elkartasun Bekak' programa ere abian jarri da, zeinak lankidetzako beka bi ematea duen helburu, Eibarko gazteriaren artean nazioarteko elkartasuna sustatzeko. Beka hauek eskuratzeko, besteak beste, baldintza hauek bete behar dira: GKE baten bidez garatzen ari diren edo abian jarriko diren proiektuetan egitea lankidetza, eta helmugako herrialdean gutxienez bi hilabetez egotea.
Udalak programa horretarako 3.000 euroko partida bat du, beka bitan banatuta. Horietako bakoitzak, gehienez, 1.500 euro izango ditu. Beka hauek jaso ahal izateko, eskatzaileek 18 eta 40 urte bitarte izan beharko dituzte, Eibarren hiru urte lehenago erroldaturik egon beharko dute, eta ezin dira izan beste erakunde edo elkarte batek emandako honen antzeko beste beka baten onuradun aurkeztutako proiekturako.
Bekaren diruarekin lagundu daitezkeen gastuak joan-etorrietarako, istripu- edo eritasun-poliza bat izateko edo helmugako herrialdean ostatu, mantenu edo joan-etorrietarako izango dira. Beka hauek jasotzeko eskaerak aurkezteko epea aurtengo irailaren 1etik 30era bitartean egongo da zabalik (egun bi horiek barne), eta eskaerak Herritarrentzako Bulegoan (Pegora) aurkeztu behar dira, edo, bestela, sistema elektronikoa erabilita (www.eibar.eus) udal webgunearen bidez.
Sentsibilizazio-proiektuak
Esandako programez gain, eta lankidetzari laguntzeko udal proposamenen artean, Udalak urte honetan ere dirulaguntza deialdia atera du garapenerako lankidetzan eta/edo gizarte-eraldaketarako heziketan sentsibilizazio-proiektuak egiteko. Sentsibilizazioa bultzatzea du helburu programa honek; hau da, Eibarko jendearen artean garapen bidean dauden herrialdeekiko eta horietatik etorri diren pertsonekiko elkartasun- eta kontzientziazio-izpiritua sustatzea, eta balore hauek bultzatzea: ekitatea, tolerantzia, diskriminaziorik eza, eta jatorri ezberdinetako gizakien eta kulturen arteko elkartasuna.
Diruz lagundutako proiektuek gizarte-eraldaketarako heziketa sustatu beharko dute, prestakuntza hori hezkuntza formalean nahiz arautu gabean txertatuz. Horretarako, proiektuak boluntarioen laguntza edo erakunde eskatzailearen oinarri soziala izan beharko dute; eta kolektibo zehatzengana edo, oro har, Eibarko herritarrengana jo, jardunaldi, mintegi, erakusketa, ikastaro edo bestelako jardueren bidez.
Ekimen horretarako 25.000 euroko partida bat izendatu da egiten diren proposamenei dirulaguntzak emateko. Proiektu bakoitzaren aurrekontua ez da 10.000 eurokoa baino handiagoa izango, eta entitate eskatzaile bakoitzak ezin izango ditu aurkeztu bi proiektu baino gehiago. Dirulaguntza eskaerak, Oinarrietan eskatzen den dokumentazioarekin batera, Udalaren web orrian (www.eibar.eus) egin beharko dira, bide elektronikoz, aurtengo irailaren 1etik 30era bitartean (egun bihoriek barne).