Eibarko Udala
landa-bideak

Aurrera jarraitzen dute Eibarko landa-bideak berreskuratzeko lanek, herritarrei Eibarko mendiekiko eta biodibertsitatearekiko harremana errazteko xedez

2025/07/29
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.

Ekainean eta uztailean zehar, Eibarko Klub Deportiboak hainbat lan egingo ditu inguruetako bidezidorretako sasiak kentzeko eta bideak txukun mantentzeko

2024an, Eibarko Klub Deportiboak, Eibarko Udaleko Ingurumen Arloaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarriatasunaren Departamentuaren finantzaketarekin, herriko hainbat landa-bide (landaretzagatik erabat itxita edo erabiltzeko egoera txarrean zeudenak) garbi mantentzeko eta berreskuratzeko proiektua hasi zuen. 

"Beste behin ere, herritarren laguntza  garrantzitsua da gure lana eraginkortasun handiagoz egin ahal izateko. Eibar Kirol Elkartea egiten ari den borondatezko jarduera funtsezkoa da gure mendi eta landabideak mantentzeko, eta eskertzen dugu egindako esfortzua", adierazi du Eva Juez Garmendiak, Ingurumen arloko arduradunak.

Patxi Lejardi zinegotziak eskerrak eman dizkio Iraunkortasuneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiori, "eskerrik beroenak Iraunkortasuneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiori, gure ingurune naturalarekin erakutsitako konpromiso irmoagatik eta bideak berreskuratzeko proiektu honi emandako babesarengatik. Zure sailaren lankidetzari esker, gure mendi eta naturguneen irisgarritasuna hobetzeaz gain, herritarrek inguratzen gaituen biodibertsitatearekin duten lotura indartzen duen ekimen bati jarraipena eman ahal izan diogu". 

Hala, 2024an, 10 bidezidor egokitu ziren guztira.  Batetik, aspalditik itxita zeuden bi bide berreskuratu ziren: Txabola Pagolatik Akondia mendi-leporaino, eta Altamiratik Unbe mugarriraino, Galdaramiñorako noranzkoan.  Eta, bestetik, udalerriko bide enblematiko batzuen zortzi zati garbitu ziren, hala nola Urkorako igoera, Urkoko “barrankoa”ren pasabidea, eta Illordorako, Topinbururako eta Galdaramiñorako bideak. Gainera, Asurtza azpiko iturriaren ingurua ere txukundu zen. 

Belar-sastrakak kentzeko eta bideak irekitzeko lan gehienak 2024ko ekainean egin ziren, eta, ondoren, udazkenean, berriz ere sastrakak eta eroritako zenbait zuhaitz kendu ziren. Eibarko Klub Deportiboak lurren jabeekin batera egin zuen lan guztia, eta Udalari garbitutako bideen berri eman zion. Horretarako, egokitutako bideen mapa egin zuen. 

Lan horiek osatzeko, joan den ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran, 29 egurrezko zutoin jarri ziren berreskuratutako zatietan, gure inguruetako ibilbide eta pasealeku naturalak ezagutarazteko, basoak eta biodibertsitatea pertsona guztiei hurbiltzeko helburuarekin. 

2024an hasitako proiektuarekin jarraitu eta herritarren eta naturaren arteko lotura sustatzeko xedez, ekainean eta uztailean Eibarko Klub Deportiboak berriz ere garbitu ditu iaz txukundu ziren hamar bideak. Era berean, beste bi bidezidor berri berreskuratu dira, Lindarikoa eta Altamirakoa.  Udazkenean, berriz ere txukunduko dira aurretik garbitutako bideak, berriak seinaleztatuko dira, Asurtza azpiko iturriaren egoera hobetuko da eta bertara iristeko bideak egokituko dira, goiko zein beheko aldetik.

Ekimen hau Eibarko Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren barruan kokatzen da (7.1.7 ekintza), eta bat dator Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren helburuekin; izan ere, proiektu honen bidez, udalerrian dagoen bidezidor naturalen sarea zabaltzen eta hobetzen lagundu nahi da, jarduera fisikoa egiteko eta naturarekin harremanetan jartzeko espazio berriak izateko, bai eta klima-aldaketaren eszenatoki berrietara egokitutako zirkuituak berreskuratzeko, tenperaturak arintzeko zuhaiztiak eta itzalak dituzten guneekin. Hitz batean, bidezidor sare hau egokitzea eta sustatzea baliagarria izango da Eibarko natura- kultura- eta paisaia-aberastasuna erakusteko. 

Berreskuratutako bideei buruzko informazio guztia aurki egongo da eskuragarri Eibarko Klub Deportiboaren webgunean. Helbideak: https://www.deporeibar.com/mendia/eu/2025/07/22/bide-garbiketa-eta-markaketa/  eta https://www.deporeibar.com/mendia/eu/eibarko-ibilbideak/eibarko-oinezko-bideak/.