Udalak auzoetako haur-parkeak berriztea sustatuko du

Helburua da haur-parkeen inguruak berriztea eta umeen beharretara egokitzea.
Eibarko Udaleko Gazteria Sailak aurrera jarraitzen du Udalak haur-jolasen espazioak modernizatzeko duen konpromisoarekin, herriko hainbat auzotako parkeak berrizteko programa anbiziotsu batekin.
Jon Perez Gazteria Saileko buruak zera nabarmendu du: “Horrelako proiektuen helburua da haur-parkeen inguruak berriztea eta umeen beharretara egokitzea. Horretarako, hezkuntza-zentroetan prozesu parte-hartzaileak erabiliko dira. Nagusiek aukeratutako katalogo baterako moduko haur-parke bat izan beharrean, umeek eurek, erabiltzaileek alegia, diseinatutako parkeak izatea nahi dugu”.
Jarduketa umeei eskainitako espazio publikoen kalitatea hobetzea helburu duten udal-planen barruan kokatzen da. Haur-parkeetan tirolinak, sareak, jauzietarako koltxonetak, eta halakoak dituzte. Gainera, jasangarritasuna zaintze aldera, egoera onean dauden egiturak berrerabiliko dira.
Eibarko alkate Jon Iraolak ekimen honek hiri osoarentzat duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Eibarko Udalak aurrera egiten jarraitzen du hiri atseginagoa eta gure bizilagunen beharretara egokitua eraikitzeko konpromisoan. Haur-parkeak berritzea ez da soilik hobekuntza estetikoa edo funtzionala, baizik eta gure auzoen orainean eta etorkizunean inbertitzea. Eibarko haur bakoitza bere ikuspegitik diseinatutako espazio seguru eta modernoetan hazi, jolastu eta partekatu ahal izatea nahi dugu. " Gainera, adierazi duenez, "proiektu honek herritarrei entzuteko, parte-hartzea bultzatzeko eta Eibar hiri-eraldaketan haurtzaroa protagonista bihurtzeko dugun borondatea islatzen du."
Ekimen honek 4 ardatz nagusi izango ditu. Lehenik eta behin, haur-ekipamendua modernizatuko da eta egungo beharretara egokitu. Esaterako, adin-tarte desberdinetarako jolasak jarriko dira, elementu seguru eta irisgarriekin. Bestalde, segurtasuna zainduko da. Horretarako, kautxuzko zoladurak erabiliko dira erortzeko arriskua gutxitu eta erabilera-azalera inklusiboa eskaintzeko. Bestalde, ingurumenean begira lan egingo da. Egitura funtzionalak berrerabiltzeaz gain, material jasangarri eta birziklagarriak erabiltzea sustatuko da. Eta, azkenik, proiektuaren berrikuntza nagusia: herritarren parte-hartzea. Parkeak berrizteko plan berriaren barruan, aintzat hartu dira Urkizuko ikasleek egindako diagnostikoa eta proposamenak. Horien bitartez, arrakasta gehien duten jolasen inguruko ekarpenak egin dituzte umeek. Aurretik ere, Urkizun eta Egogainen, parkeetako jolasak familiei galdetuta hautatu ziren, eta horrek komunitateak ere espazio berriaren konfigurazioaren parte hartzea dakar.
Jon Perezen hitzetan, “jarduketa hauek auzoak biziberritzen lagundu ez ezik, familien ongizatea ere bermatuko dute eta kohesio soziala areagotu”.