Jardiñetako aparkalekuko lanak abuztuan amaituko dira

Proiektuak aparkaleku-saturazioa arinduko du, auzokoen aspaldiko eskaera bati erantzunez. Era berean, Udala auzoan jarriko diren igogailuetako lehenengoa (Jardiñeta 29, 31, 33 eta 35eko irisgarritasuna hobetuko du) instalatzeko aurretiazko lanak egiten ari da.
Jardiñeta auzoko aparkalekua handitzeko lanak, PSE-EE eta EAJ-PNV udal-taldeen arteko akordio bati esker bultzatutakoak, erritmo onean doaz aurrera, eta espero da abuztuan zehar amaituta egotea.
685.353,34 euroko aurrekontua duen proiektu honek aurreikusten du 50 aparkaleku gehiago sortzea, auzotarren aspaldiko eskaera bati erantzun nahian.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “oso pozik gaude lanek daramaten erritmoarekin eta aparkalekuaren obra abuzturako amaituta egotea espero da. Jarduketa hau funtsezkoa da auzoko aparkaleku kopurua handitzeko eta egungo egoera arintzeko. Egungo udal-gobernuarentzat etengabeko kezka da aparkalekuaren gaia, eta, obra honen bidez, irtenbide egokia eta iraunkorra eskaintzen ari gara”.
Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak honela dio: “Azkenean, eta lan askoren ondoren, Jardiñetak hainbeste aldiz eskatutako aparkaleku publikoaren dotazioa izango du. Hiri-ereduan aurrerapauso bat da, eta hurrengo urratsa izango da trafikoa kontrolatzeko kamerak jartzea aparkalekuan bertan eta auzorako sarbidean.”
Igogailu berriak Jardiñetan
Auzoko beste proiektu handi batekin osatuko da aparkalekua; izan ere, bi igogailu jarriko dira: batak 33 eta 35 zenbakiei emango die sarbidea; besteak, 29 eta 31ri. Injelan enpresak idatzitako proiektuak bi igogailu aurreikusten ditu, bloke bakoitzaren aurrean eta haien artean eta Jardiñetarekin lotuta. Bai oinezkoentzako bideak bai igogailuak mendiaren kontra geratuko dira, ingurunearekin bat eginez eta inpaktua gutxituz.
Igogailuek gaindituko dituzten altuerak 10,25 m-koak izango dira beheko igogailurako eta 7,50 m-koak goiko igogailurako, eta 630 k-ko edukiera izangao dute (8 pertsona).
Udalaren asmoa da lehenengo igogailua eraikitzeko lizitazioa 2025eko azken hiruhilekoan ateratzea, eta lan horiek amaitutakoan, bigarrenarekin hasiko dira.
Lehenengo eraikiko den igogailuaren egikaritze-aurrekontua milioi bat euro ingurukoa da.
Bi igogailu hauek eraikitzea aurrerapauso bat da udal-taldeak auzo honetako biztanleekin duen konpromisoan.
Gaur egun, 29-31 blokeak ibigailuentzako sarbide zuzena du aparkalekutik (hil honen amaieran egongo da amaituta). Puntu horretatik ere irits daiteke 33-35 blokera eskailera batzuetatik, zeinek bi blokeen artean dagoen 7,70 m-ko kota-aldea gainditzen duten. 33-35 blokeak, bestalde, ez du ibilgailuentzako sarbiderik, eta eskaileretatik bakarrik joan daiteke bertara.
Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan “Jardiñetako proiektu honekin argi geratzen da beste behin gobernu-taldeak duen konpromiso sendoa gure auzoetako irisgarritasuna hobetzeko, eta herritarrek beren bizi-kalitatea hobetzeko egindako eskariei erantzuteko”.