Eibarko Udala
zuzkidura-bizitokiak

Eibarko alkateak proposatzen du zuzkidura-bizitokiak erreserbatzea pertsona nagusientzat eta mugikortasun murriztua dutenentzat

2025/07/29
AIBE eraikina.
AIBE eraikina.

Iraolak eskatzen du Itxaso sailburuak defendatutako formula aplikatzea Bittor Sarasketan eta AIBEn: bizitoki irisgarriak eskaintzea Bizigune programan etxebizitzak sartzearen truke. Helburua da belaunaldien arteko elkarbizitza sustatzea eta Alokabidek gestionatutako alokairuko parke publikoa handitzea.

Jon Iraola Eibarko alkateak gutun bat bidali dio Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuari, proposamen zehatz bat egiteko, haren Sailak defendatzen dituen lerro estrategikoekin bat datorrena: Eibarko zuzkidura-bizitokien parte bat pertsona nagusientzat, mugikortasun murriztua dutenentzat edo nahi gabeko bakardade-egoeran daudenentzat bideratzea. Helburua da etxebizitza irisgarriak eta pertsona horien beharretara hobeto egokituak eskuratzea erraztea.

Iraolak, bere komunikazioan, Etxebizitza Saila hirian bultzatzen ari den funtsezko bi proiektutan eredu hori aplikatzea iradokitzen du: Bittor Sarasketa kaleko epaitegi zaharren eraikinean – dagoeneko martxan dago – eta Txonta auzoan dagoen AIBE eraikinean, antzinako industria-erabilerakoa. Bi espazio horiek zuzkidura-bizitoki bihurtzen ari dira, hasiera batean gazteei zuzendutakoak, baina, Udalaren iritziz, eskaintzaren zati bat beste behar batzuk dituzten kolektiboentzat gorde dezakete.

“Badira pertsona batzuk gure herrian arazo handiak dituztenak beren etxean mugitzeko irisgarritasun-arazoak direla-eta. Kasu batzuetan, kalera irten ezinda geratzen dira.  Eta, badira pertsona nagusi asko bakardadea sufritzen dutenak. Uste dugu ingurune gazte, dinamiko eta egokitu batean bizitzeak benetako hobekuntza bat ekar diezaiekeela”, adierazi du alkateak.

Proposamen hau Itxaso sailburuak berak berriki publikoki planteatu dituen ildo estrategikoetako baten barruan kokatzen da, kolektibo kalteberentzat ostatu-formula berriak diseinatzeko beharrari dagokionez, baldin eta, haien bizi-kalitatea hobetzearen truke, beren egungo etxebizitzak Bizigune programaren esku uzteko prest badaude, eta, horrela, etxebizitza horiek arrazoizko prezioan alokairuan jartzea ahalbidetzen bada, Alokabide sozietate publikoaren bitartez.

Udal-planteamenduaren helburua ez da soilik zaurgarritasun-egoera horiei erantzutea, baizik eta etxebizitza-parkea aktibatzea, eta, hala, bizitoki berriaren onuradunek lagatako etxebizitzak Alokabidek kudeatutako alokairu babestuaren merkatuan sartzea.

"Etxebizitza sailburuari helarazi diodan proposamenak, bere sailak berriki ireki eta defendatu dituen ildo estrategikoetako batekin bat datorrenak, funtsezko bi helburu ditu", azaldu du Iraolak. "Alde batetik, belaunaldien arteko bizikidetza sustatzea eta gehien behar dutenentzako ingurune erakargarriak eta irisgarriak sortzea. Eta, bestetik, gure higiezinen parkearen erabilera optimizatzea eta Eibarren bizi nahi baina aukera eskuragarririk aurkitzen ez dutenei alokairuko etxebizitzarako sarbidea erraztea."

Azkenik, alkateak eskerrak eman nahi izan dizkio Denis Itxaso sailburuari bere Sailaren politikekin irekitako bideagatik, Euskadiko etxebizitza-merkatua dinamizatzeko beharrezkoak diren proposamen berritzaile eta ausartekin, Eibarko Udalak bidalitako proposamena ahalbidetu dutenak.