Udalak gabonetako bigarren eskuko azokaren bigarren edizioa antolatu du abenduaren 18rako

2021/11/26

Errebal Plazia izango da azokaren kokalekua, eta umeentzako bi tailer egongo dira material birziklatuekin Gabonetako apaingarriak egiteko. Azokan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik lekua eskatzea. Izena emateko epea gaur bertan hasiko da.

Herritarrak kontzientziatzeko, hau da, objektuek bigarren bizitza bat izan dezaketela eta beste pertsona batzuek berrerabil ditzaketela erakusteko, Eibarko Udalak bigarren eskuko gauzen azoka bat antolatu du abenduaren 18rako. Azokaz gain, umeentzako bi tailer egongo dira material birziklatuekin Gabonetako apaingarriak sortzeko. Tailerretako bat 3tik 6 urte bitarteko umeentzat izango da. Kasu horretan, umeek heldu baten laguntza izan behar dute. Bigarren tailerra 7 urtetik gorakoentzat izango da.

Tailerrak goizeko 11:00etan hasiko dira eta 13:30 inguruan amaituko. 25 minutuko iraupena izango dute. Plazak mugatuak izango direnez, bost txanda egongo dira aukeran, 11:00etatik 13:00etara. Txanda Errebal plazan bertan hartu behar da hilaren 18an.

Erabilitako objektuak merkatuan saltzeko, bi aukera daude: bata da postu bat (mahai bat) erreserbatzea norberak nahi dituen objektu erabiliak saltzeko, eta, bigarrena, erabilitako objektuak (gehienez 10) gordailu-zerbitzuan uztea, antolakuntza-taldea haiek saltzeaz ardura dadin. Horretarako, salgaiak, abenduaren 18an, larunbatean bertan, goizeko 9:00etatik 10:00etara eraman beharko dira azokara.

Objektu horiek gordailu-zerbitzuan erregistratuko dira, saltzaileak egokitzat jotzen duen prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Gehienez ere 10 objektu edo gauza utz daitezke, denak egoera onean. Kasu horretan, ez da onartuko arroparik, osagarri erabilirik, tamaina handiko objekturik… Laga ahalko dira liburuak, musika eta pelikulak (diskoak, CDak, DVDak…), kiroleko artikuluak, apaintzeko objektuak, Gabonetako apaingarriak eta tamaina txikiko etxeko tresnak. Antolaketa-taldea arduratuko da gauzak zaindu eta saltzeaz, azoka zabalik dagoen bitartean

Azoka ixten denean, 14:00etan, saltzaileak azokara etorri beharko dira salmentaren zenbatekoa jasotzeko edo saldu gabekoak eramateko.

Aukera bietako edozeinetan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea eta adinez nagusia izatea. Hitzordua 943670249 telefonora deituta hartuko da. Izena emateko epea gaur bertan, azaroaren 29an, irekiko da, eta abenduaren 13ra arte egongo da zabalik (egun biak barne).

Merkatu honekin, eibartarrak herriko ‘Ekonomia Zirkularra’ izenekoaren beste kate-begi bat gehiago izatea lortu nahi da, nahi duenak guk behar edo nahi ez ditugun objektuak erosteko aukera edukiko baitu, eta, era horretan, objektuei bigarren bizitza bat emango zaie.

2019an, Udalak Gabonetako Bigarren Eskuko Azokaren lehen edizioa antolatu zuen, eta bi elkartek eta 14 partikularrek jarri zituzten salmenta-postuak erabilitako objektuak saltzeko. Gainera, 44 pertsonak utzi zituzten objektuak gordailu bidezko salmenta-zerbitzuan, eta antolatzaileak arduratu ziren haiek saltzeaz.

2020an ez zen egin, Covid-19a zela-eta. Hala ere, aurten, azoka honen bidez, azaroan abian jarri diren ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren azken txanpa bete nahi da,  Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen harira jarri eta hain harrera ona izan duten tailerrak. Aurreko azokan bezala, Eibarko elkarte, ikastetxe eta herritar guztiek har dezakete parte.

Bigarren eskuko azoka hau egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren dirulaguntza du Udalak, eta beste dirulaguntza bat ere eskatu zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari.