Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Gabonetako Bigarren Eskuko Azokaren beste edizio bat antolatu du abenduaren 16rako

Kartela.

Kartela.

2023/11/28

Jarduera Errebal Plazan egingo da, eta haurrentzako bi tailer antolatuko dira material birziklatuarekin Gabonetako apaingarriak egiteko. Azokan parte hartzeko aldez aurretik erreserba egin behar da eta izena emateko epea gaur (asteartea) hasiko da.

Eibarko Udalak abenduaren 16an bigarren eskuko objektuen azoka antolatuko du aurten ere, objektuek bigarren bizitza bat izan dezaketela eta beste pertsona batzuek berrerabil ditzaketela kontzientziatzeko.

Azokaz gain, haurrentzako bi tailer eskainiko dira Gabonetako apaingarriak sortzeko material birziklatuekin. Tailerretako bat 3 eta 6 urteko umeentzat da. Kasu horretan, heldu batekin egon beharko dute umeek. Eta beste tailerra 7 urtetik gorako umeentzat izango da.

Tailerrak 11:30ean hasi eta 14:00etan amaituko dira eta 25 minutuko iraupena izango dute. Plazak mugatuak direnez, bost txanda egongo dira aukeran, 11:30etik 13:30era arte. Txanda Errebalen bertan erreserbatuko da azoka-egunean bertan.

Erabilitako objektuak saltzeko bi aukera daude: lehenengo aukera da postu bat (mahai bat) erreserbatzea, bakoitzak nahi dituen objektu erabiliak saltzeko. Bigarren aukera da erabilitako objektuak gordailu-zerbitzuan uztea (gehienez 10), eta antolaketa-taldea arduratuko da objektu horiek saltzeaz. Horretarako, saldu nahi diren objektuak ekarri behar dira larunbatean bertan, abenduak 16, 9:00etatik 10:00etara bitartean.

Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta, saltzaileak egoki deritzon prezioarekin, eta salgai jarriko dira.  Gehienez ere 10 objektu laga ahalko dira, eta egoera onean egon beharko dira. Kasu honetan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk, tamaina handiko objekturik... Laga ahalko diren objektuak: liburuak, musika eta zinemako objektuak (diskoak, CDak, DVDak…), kiroleko artikuluak, apaintzeko objektuak, Gabonetako apaingarriak eta tamaina txikiko etxeko tresnak. Antolaketaren taldea arduratuko da artikuluak zaindu eta saltzeaz, merkatua zabalik dagoen bitartean.

Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak azokara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.

Bi aukeretako edozeinetan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea eta adinez nagusia izatea. Zita 943670249 telefonora deituz edo honako estekan dagoen formularioa betez hartuko da: www.merkabi.eus/eibar. Izena emateko epea asteartean irekiko da (azaroak 28), eta zabalik egongo da abenduaren 13ra arte (biak barne).

2019an antolatu zuen Udalak lehen aldiz Gabonetako Bigarren Eskuko lehen edizioa, eta 2021ean eta 2022an bigarren eta hirugarren edizioa. Azken horretan, 28 pertsonak beren salmenta-postua jarri zuten (2021ean 19k hartu zuten parte) eta 17 pertsonak (2021ean 21 lagunek parte hartu zuten) objektuak gordailuko salmenta-zerbitzuan utzi zituzten.  Ikusirik herritarren artean merkatu hauek izan duten harrera ona eta gero eta jende gehiagok parte hartu nahi duela, aurten Udalak hirugarren merkatu bat antolatzea erabaki zuen, udakoa, ohikoak ziren bi merkatuez gain (bizikletena irailean eta Gabonetakoa abenduan).

Bigarren eskuko azoka hau egiteko, Udalak dirulaguntza bat du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarena.   

Bigarren eskuko merkatu hauen antolaketaren eta “Berrerabili eta Berrasmatu” tailerren programaren bidez, herritarren artean sustatu nahi dena da beste herrialde batzuetan errotuago dagoen berrerabilpen-kultura, gure planeta hainbeste kutsatzen duten hondakinen sorrera prebenitzeko. Merkatu honen bidez lortu nahi da  eibartarrok “Ekonomia Zirkularra”ren beste kate-begi bat bihurtzea, eta aukera ematea behar edo nahi ez ditugun objektuak erosteko eta, hala, bigarren bizitza bat eskaintzeko.