Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak fabrikazio mekanikoari eta soldadurari buruzko enplegu-programaren edizio berri bat jarri du martxan

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2023/03/09

Eibarren erroldatutako langabeei edo lan prekarioa dutenei zuzendutako programan izena emateko epea ostegun honetan zabalduko da eta martxoaren 24an itxi. Aurreko edizioetan oso emaitza onak lortu dira, eta parte-hartzaileen % 50ek baino gehiagok lortu du lana.

Udalak fabrikazio mekanikoaren eta soldaduraren arloan prestakuntza eta enplegua sustatzeko programa berri bat jarri du abian. Armeria Eskolako Elkartearekin lankidetzan egingo da, eta ostegun honetan, martxoak 9, hasiko da bertan parte hartzeko eskaera egiteko epea. Haren helburua da langabeen edo lan prekarioa dutenen gaitasunak hobetzea.

8 hilabeteko programa izango da eta eduki hauek landuko dira: txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa, orga jasotzaileak gidatzea, elektrodo estali bidezko soldadura; horretaz gain, formazioa emango da konpetentzia pertsonaletan, enpresetako praktikak egingo dira eta laneratzen lagunduko da.

Aurten “lan prekarioa” dutenek ere izena eman ahal izango dute.  Horren harira, egoera hauek hartzen dira lan prekariotzat: iraupen jakineko kontratuak (urte batetik beherakoak), lanaldi partzialeko kontratuak eta hileko soldata garbia 1.000 €-tik beherakoa dutenak, aparteko ordainsarien hainbanaketa barne.

Programa honetan parte hartu ahal izateko, interesdunek baldintza batzuk bete behar dituzte, besteak beste, langabezian egotea edo lan prekarioa edukitzea, Lanbiden izena emanda egotea, eta gaztelaniaz idatziz eta ahoz ulermen-maila egokia izatea. Gainera, baloratu egingo da Fabrikazio Mekanikoaren edota Soldaduraren arloan lan-esperientzia edota ezagutzak edukitzea.

Interesdunek ostegun honetatik martxoaren 24ra bitartean formalizatu ahal izango dute eskabidea Pegoran bertan edo www.eibar.eus  udal webgunean. Aurkeztu beharreko agiriak hauexek izango dira: NANa edo agiri baliokidea, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, lan-bizitza edo curriculum vitae eguneratua.

Parte-hartzaileak hautatzeko lehen fasearen ondoren, prestakuntza hasiko da (Armeria Eskolan egingo da): txirbil-harroketa bidezko mekanizazioko gaitasun teknikoak (210 ordu), orga jasotzaileak gidatzeko gaitasunak (30 ordu), soldadurako gaitasunak (60 ordu), garapen pertsonalerako gaitasunak (16 ordu) eta enpresako praktikak (gutxienez 60 ordu).

Eibarko Udalak programa honen antolakuntzan izandako esperientzia errepikatzea erabaki du, aurreko edizioetako emaitza onak ikusita. Zehazki, iazko edizioan, parte hartu zuten 15 pertsonetatik erdiek baino gehiagok lortu zuten lan-merkatuan sartzea kontratu baten bidez.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela Udalak horrelako programak bultzatzea, “emaitza onak lortu direlako, bai mekanizazio- eta soldadura-programa honen aurreko edizioetan, bai duela gutxi amaitu diren birjartze- eta biltegi-jardueretan, zeinetan parte-hartzaileak lana topatzen ari diren”.

Eta zera gaineratu du: “Zalantzarik gabe, programa hauek nabarmen handitzen dituzte prestakuntza- eta enplegu-aukerak, eta, beraz, halako ikastaroak bultzatzen jarraituko dugu, enplegua izateko eta hainbat produkzio-sektoretan trebetasun berriak eskuratzeko aukerak handitzen dituztelako”.