Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak eta Mekola-Arratebideko bizilagunek kontsentsu handiz adostu dute auzoko irisgarritasuna hobetzeko proiektua

Udalak eta Mekola-Arratebideko bizilagunek kontsentsu handiz adostu dute auzoko irisgarritasuna hobetzeko proiektua

Mekola.

2019/11/07

Aste honetako bileran bildutakoek aho batez onartutako proposamenak bi igogailu eta parke publiko zabal bat sortzea aurreikusten du Bildosolaren txalet zaharraren lurretan. Parke hori lotuta geratuko da Berdintasunaren pasealekuarekin. Miguel de los Toyos alkateak positibotzat jo du akordioa eta Udalaren eta bizilagunen arteko "gogoeta- eta lankidetza-ariketa" gisa definitu du.

Eibarko Udalak eta Mekola-Arratebide auzokoek kontsentsu handiz adostu dute Bildosolaren txalet zaharraren gunearen irisgarritasuna eta berrurbanizazioa hobetzea ahalbidetuko duen proiektuaren diseinua. Toki horretan jarduteko alternatibak ezagutu eta aztertu ondoren, aste honetan egindako bileran, irtenbide bat onartu zen: bi igogailu egitea Berdintasunaren Pasealekua (udaletxearen atzealdean) Arrateko errepidearekin lotzeko, eta parke-eremu bat sortzea eraitsitako txaletaren lurretan.

Horrela, bi aldeen artean irekitako hausnarketa-prozesu luze bati eman zitzaion amaiera, Udalak txalet zaharraren lurren jabetza eskuratu eta eraitsi ondoren. Trukean, Udalak orube horren jabetzari laga zion Arrateko errepidetik gertuen dagoen lursaila, non etxebizitza-eraikin bat egin ahal izango duen.

Astelehenean egindako bilerara Mekolako 1 eta 9 zenbakien arteko bizilagun-komunitateen ordezkariak eta Arrate-Bideko 16 eta 25 bitartekoak izan ziren deituak. Ordezkari bakoitzak bere komunitateak aurkeztutako alternatibei buruz hartutako erabakiaren berri eman zuen, eta denen artean aukeratu zuten azkenean egingo den proiektua.

Topaketan, proiektuaren ezaugarriak zehaztu ziren. Egungo oinezkoen pasealekutik hasi eta txaleta zegoen lurzatiraino zulatuko dute, pasealekuaren kota berean jartzeko. Laututako gunean parke zabal bat sortuko da, pasealekuari lotutako lorategi-eremu bat izango duena, eta, haren hondoan, igogailu bat eraikiko da. Igogailuak lehen geraleku bat izango du Mekolako blokeetara pasarela baten bidez sartzeko, eta bigarren geraleku bat Mekola kalearen parean. Metro batzuk aurrerago, Mekola kalean bertan, bigarren igogailu bat jarriko da Arratebide aldera sarbidea emango duena.

Bileraren ondoren, Miguel de los Toyos alkateak, bizilagunekin negoziazioetan eta bileretan parte hartu duenak, adierazi zuen pozik dagoela lortutako akordioagatik. “Udalaren eta bizilagunen arteko lankidetza-ariketa bat izan da, elkarren arteko erantzukizun- eta gogoeta-saio bat, eta pozgarria izan da.”

Une honetatik aurrera, eta dagoeneko onartuta dagoen proposamena diseinatuta, Udalak behin betiko proiektua idazteko faseari ekingo dio; alkateak adierazi du “fase horretan ere bizilagunen ekarpenak kontuan hartzen jarraituko dutela”. Eta fase berri horretan, alkatearen arabera, bi gai planteatuko dira: alde batetik, Mekola kalean egin daitezkeen hobekuntzak, Ardantzako babes ofizialeko etxebizitzen urbanizaziotik Arratebide kalearekin bat egiten duen lekuraino; eta, bestetik, kale horretako trafikoari buruzko hausnarketa bat, espazio oso estua baita, espaloirik gabea, eta nekez jasan daitekeen trafiko-dentsitatea duena.