Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak eta Lanbidek dirulaguntza-programa berri bat jarri dute martxan Eibarko enpresek langabetuak kontratatu ditzaten

2019/11/08

Lanbidek 54.104 euro ordainduko ditu, urrian abian jarri zen programaren osagarri. Zabalik dago enpresek dirulaguntza eskatzeko epea.

Eibarko Udaleko osoko bilkurak dirulaguntza-deialdi berri bat onartu du herrian kokatutako enpresek langabetuak kontratatzeko. Urrian abian jarri zenaren programa osagarri bat da; hala, Lanbidek 54.104 euro gehiago jarriko ditu Eibarrentzat, langabezia gehien dagoen eremuetan enplegua sustatzeko ekintzak bultzatzeko. Dirulaguntzen bigarren deialdi honetan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta azaroaren 22an amaituko da.

Diruz lagunduko diren kontratuak aurtengo urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindakoak izango dira eta kontratuen gutxieneko iraupena hiru hilabetekoa. Kontratazioa edozein modalitatetan egin daiteke, trebakuntza- eta ikaskuntza-kontratu gisa izan ezik. Dagokion sektoreko hitzarmenaren arabera egin beharko dira kontratuok, eta kontratazioek plantillaren gaineko enplegu garbia sortzea ekarri beharko dute,  kontratuaren xede diren pertsonak lanean hasi aurreko hiru hilabeteetan.

Kontratatzen diren pertsonek Eibarren erroldatuta egon beharko dute, gutxienez 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera. Langabeak izan beharko dute, eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon LANBIDEn, kontratazioa egiten den unean. Ezingo da diruz lagundu enpresa berak langile bera kontratatzea, aurreko deialdietan diruz lagundu bada.

Deialdi honetan, gutxienez hiru hilabeteko kontratuak finantzatuko dira, lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak, lanaldiaren % 50arekin gutxienez, kreditu erabilgarria agortu arte. Aurreko deialdian ezarritako baldintzak ez bezala, oraingo honetan, kontratuen luzapenak hartuko dira kontuan, baldin eta hasierakoa, gutxienez, 3 hilabetekoa bada.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, Gizarte Segurantzaren eta soldata-kostuen % 75ekoa izango da, muga hauekin: 3.000 euro lanaldi osoko hiru hilabeteko kontratuengatik; 6.000 euro sei hilabeteko edo hortik gorako lanaldi osoko kontratuengatik; eta lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, gutxienez % 50ekoa izan beharko da, eta dirulaguntzaren zenbatekoa kontratu-lanaldiaren portzentajearekiko proportzionala izango da, gutxienez 1.500 eurorekin.

Dirulaguntzaren zenbatekoa % 100era irits daiteke, kolektibo berezietako pertsonak kontratatzen badira; gehienez 9.000 euro lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, eta gutxienez sei hilabeteko iraupenarekin. Kolektibo berezitzat hartuko dira DSBE jasotzen duten pertsonak, 35 urtetik beherako pertsonak, iraupen luzeko langabeak edo 55 urtetik gorakoak. Gainera, diruz lagun daitezkeen kontratuen % 40 emakumeei egin beharko zaizkie.