Udalak eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute Eibarren 'Singular Dendak' programa ezartzeko
Eibarko Udalak eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioak Singular Dendak sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Singular Dendak kalitate zigilu bat da, Eibarko merkataritzaren profesionalizazio, bereizitasuna eta kokapena sustatu nahi dituena. Eibarko Udalak 6.000 euro bideratu ditu aurten programa honetara. Egun 14 dendak dute zigilua gure hirian, eta indarberritze honen helburua da zigilua duten establezimendu kopurua ehunetik gora joatea Gipuzkoan.
Alberto Albistegui, Garapen Ekonomikorako eta Enplegurako zinegotzia, eta Ana Aranberri, Eibarko Merkatari Federazioaren zuzendaria ekimen hau aurkeztu dute gaur osteguna, maiatzak 4, Eibarko Udaletxean. Biek programaren aldeko balantze bat egin dute, eta txalotu egin diete programara atxiki diren dendei profesionalizazio, bereizitasun eta kokapen hobe baten bila. Zentzu horretan, hitzarmena sinatu ondoren, helburua izango da denda kopurua handitzea, eta, baita ere, sektore gehiago batzea Gipuzkoako merkataritzaren bereizitasun eredu horretara.
Singular Dendak-ek helburu du bezeroari erosketa-esperientzia berezi bat ematea, tratu pertsonalizatuarekin eta xehetasunak zainduz. Hori dela eta, merkataritza hobetzeko prozesuetan oinarritzen da, eta bertan ari diren pertsona guztiak inplikatzen ditu, emaitzak lortzeko, bai bakarka, bai taldean. Aldi berean, enpresen arteko lankidetza sustatzen da, eta merkataritzaren balioespen soziala hobetzen da.
Marka honen bidez, dendek hobekuntza prozesu bat ezartzen dute, hasierako diagnosi batetik abiatuta, bezeroari ematen zaion arreta eta laguntzan, salmenta puntuan, marketinean eta online eta offline komunikazioan. Ondoren, ekintza plan bat ezartzen da, profesionalizazioan, bereizitasunean, kokapenean eta komunikazioan sakontzeko.
Ekintza planak jasotzen dituen hobetzeko jarduerak martxan ipini ostean, ebaluaketa egingo da. Emaitzak onak baldin badira, Singular Dendak zigilua jasoko dute dendek. Halere, aldizkako berrazterketak egingo dira, denden etengabeko hobekuntzaren konpromisoarekin jarraitzeko.