Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat aurkeztu dute Eibarren garraio publikoa sustatzeko eta hobetzeko

Argazkian, Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua eta Jon Iraola, Eibarko alkatea.

Argazkian, Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua eta Jon Iraola, Eibarko alkatea.

2022/03/03

Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du eta, horren arabera, Udalak urtero 76.310 euro jasoko ditu Foru Aldunditik. Helburua da Mugi sisteman sartuta dauden udalek, non Eibarkoa dagoen, finantzazioa izatea garraio publiko eskuragarri, unibertsal eta eraginkorragoa egiteko politikak garatzeko.

Eibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute gaur, bi erakundeen artean sinatuko dena. Hitzarmenaren helburua da Eibarko herritarrei garraio publikoaren zerbitzu eraginkorragoa eta kalitatezkoagoa ematea, eta laguntzea, horrela, Gipuzkoako herritarrek mugikortasunerako funtsezko eskubidea izan dezaten.

Hitzarmena gaur aurkeztu dute Eibarren Jon Iraola alkateak eta Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak, zeinek ekimen honen ildo nagusiak eta ezaugarriak zehaztu dituzten.

Aldundiak bultzatutako hitzarmen-proposamenak lau urteko iraupena izango du; dirulaguntza-lerroak urtean 1.354.733 euroko zenbatekoa izango du, Mugi sisteman parte hartzen duten Gipuzkoako 11 udalen mugikortasun-erronkei laguntzeko. Eibarko kasuan, esleitutako zenbatekoa urtean 76.310 eurokoa da, lau urteko epean.

Bi aldeek hitzarmena aurkeztu dutenean azpimarratu dutenez, diru-laguntzaren zenbateko osoaren zati handi bat Eibarko hiri-garraio publikoaren ibilbideei eta maiztasunei dagozkien prestazioak garatzeko ekintzetara bideratuko da.

Bestalde, Udalarekin sinatutako akordioak garraio soziala, demokratikoa eta bidezkoa bultzatu nahi du, garraio publikoa gehien erabiltzen duten herritarrak sarituz; bereziki kolektibo ahulenei hobariak emanez, tarifak erabiltzaileen errentarekin lotuz, garraio-sistema publikoaren ekitatean sakontzeko.

Hitzarmenaren arabera, beharrezkoa da eskumena duten erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa, garraio publikoaren zerbitzua eraginkortasun- eta efizientzia-maila bikainenetan optimizatzeko, eta ikusarazteko garraio publikoa aukerarik onena dela garraio pribatuaren aurrean.

Bi erakundeek, Aldundiak eta Udalak, hitzarmen honen bidez adierazi dute elkarrekin lan egiten jarraitu nahi dutela errepide bidezko garraio-sistema publiko integral bat ezartzeko, Udalaren hiri garraio publikoaren zerbitzuak osagarriak izan daitezen Lurraldebusentzat, eragindako administrazioen berezko eskumenei kalterik egin gabe.

Hitzarmenaren aurkezpenean, Jon Iraola Eibarko alkateak: “albiste ontzat jotzen dut Udalak Aldundiaren finantzaketa-linea espezifiko bat izatea, besteak beste, Eibarko hiri-garraioaren baldintzak hobetzeko.

Gainera, Iraolak akordioaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, “beste behin agerian geratu da erakundeen arteko lankidetza onuragarria dela herrirako proiektu eta plan estrategikoak garatzeko, bereziki Gipuzkoako lurralde osoan eragiten duten ekimenak direnean”.

“Zalantzarik gabe -gaineratu du Iraolak-, hitzarmen honi esker, Eibarko Udalak kalitatezko hiri-garraio publikoa eskaini ahal izango die herritarrei, eta, gainera, hiri barruko joan-etorrietan ibilgailu pribatuaren erabilera murrizten lagunduko du”.

Bestalde, Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko burua, Rafaela Romerok adierazi duenez, “eibarko hiri-garraioa merkeagoa zen, Udalak apustu soziala egin zuelako. Orain, Eibarko Udalak eta Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak sinatzen duten hitzarmen honekin, askoz merkeagoa izateaz gain, askoz hobea izango da zerbitzuaren kalitatean. 76.310 euro horiekin, Eibarrek udalerriko leku guztietara iritsiko den hiriko garraio publikoa diseinatu ahal izango du, zerbitzu, maiztasun eta errefortzu hobeekin. Eibar osora merke eta ekologikoki iristea Udalbusarekin.”

Halaber, Romerok adierazi du “MUGI sistemaren apostua egitea, txartel bakarraren apostua egitea da. Mugi tarifak mugikortasun merkea, berdea, soziala eta demokratikoa bermatzen du. Berdin dio non bizi zaren, berdin dio nora zoazen, baina batez ere berdin dio zenbat diru duzun. Gipuzkoa osoan garraio publikoan, garraio merke eta kalitatezkoarekin bidaiatzeko eskubidea duzu, nahiz eta auto pribaturik ez izan”.