Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu dute "Udal Bizigune" programan udal etxebizitzak gehitzeko

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu dute "Udal Bizigune" programan udal etxebizitzak gehitzeko

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola eta Miguel de los Toyos Eibarko alkatea.

2019/01/17

Gaur goizean Eibarrek bat egin du programarekin eta udal titulartasuneko zazpi etxebizitza sartu ditu. “Udal biziguneak" aukera ematen du etxebizitzak modu errazago eta homogeneo batean kudeatzeko Alokabideren bidez, zeina lehen unetik arduratzen baita alokairuaren alderdi guztiez, bai maila teknikoari bai errentariekiko harremanei dagokienez.

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak gaur goizean hitzarmen bat sinatu dute, zeinaren bidez herriak 7 etxebizitza -Amañan, 3; Romualdo Galdosen beste 3; eta bakarra Pagein- lagatzen dizkien alokairu sozialean Alokabideri, Udal Biziguneren bidez. Etxebizitzak erakartzeko Bizigune programaren alderdi espezifiko bat da. Joan den udaberrian jarri zuen martxan Etxebizitza sailak, udal titulartasuneko etxebizitzak lortzeko eta etxeak alokairu-merkatu librera jo ezin duten pertsonen esku jartzeko asmoz. Urte erdi baino gutxiagoan programa honek berrogeita hamar bat etxebizitza lortu ditu. Eibarko Udalak, gainera, konpromisoa hartu du laster beste etxebizitza bat jartzeko Udal Biziguneren esku.

Euskadiko udal gehienek etxebizitzak dituzte, askotan hutsik, beste erabilera batzuetara bideratuak edo, baita alokairu-programetara bideratuak ere. Alokabideri egindako lagapenarekin, sozietate publikoak alokairuaren alderdi guztiak gainbegiratuko ditu bai maila teknikoan zein errentariekiko harremanetan: adjudikazio-zerrenda eta prozesua, errenten kalkulua eta kobrantza, zerbitzuen kontratazioak, eta gorabeheren arreta eta etxebizitzaren mantentze- eta kontserbazio-egoera.

Horrek guztiak lasaitasuna dakarkie udalei, zeinek gainera udalerrian erroldatuta egotea (hiru urtez gehienez ere) sar dezaketen etxebizitza eskuratzeko baldintzetako bat bezala; baldintza horrez gain, betekizun ekonomiko, sozial eta antzinakotasunekoak daude Bai Bizigune programan bai Etxebiden, Etxebizitza sailak exijitzen dituenak alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko. Udal Biziguneri egindako lagapena 6 urte luzagarriz egiten da, eta udalek hilero errenta-kanon bat jasotzen dute —Eusko Jaurlaritzako Bizigune programan sartutako partikularren gisakoa—, gehienez ere 600 eurokoa.

Udal titulartasuneko 7 etxebizitza

Eibarko Udalak lagatako udal titulartasuneko 7 etxebizitzak errentan emango zaizkie Etxebideko erregistroan alokairu-etxebizitzan eskatzaile gisa inskribatutako pertsonei. Etxebizitzetako batek lau gela ditu, bik hiru gela, eta gainerako laurek bina gela. Errentariek ordaindu beharreko kuota ez da inolaz ere izango errenta-kontratuko titularren urteko diru-sarreren % 30 baino altuagoa 

Etxebizitzen erreforma- eta egokitzapen-obrak Alokabidek egin ditu eta inbertsio aurreratu bat ekarri dute 96.000 eurokoa, hilero deskontatuko dena Alokabidek udalari errenta-kontzeptuan ordaindu behar dion kanonetik.

Arriola sailburuak balioan jarri du erakundeen lankidetza eta Eibarko udalaren adibidea, non Etxebizitza sailak beste 263 etxebizitza gestionatzen dituen, haietatik 134 partikularrenak. “Oso kopuru garrantzitsuak dira —adierazi du—, Eibarko herriaren kontzientzia sozialaren erakusgarri", baina onartu du hala ere ez direla nahikoak dagoen eskaerari aurre egiteko. Eibarren erroldatutako 824 pertsona daude inskribatuta Etxebiden, eta haietatik 747k errentaren aldeko aukera egiten dute.  

Arriolak animatu egin ditu “hutsik dauden etxebizitzak dituzten udal guztiak, baita udaletik kudeatzen ari direnak ere Alokabideren eta Etxebizitza sailaren esperientzian eta gestioan konfiantza izatera, eta programa honetan sartzera, haren helburua baita Euskadiko herritar guztiek etxe bat izan dezaten”. Eta adierazi du oso zaila dela ulertzen titulartasun publikoko etxebizitzak hutsik egotea, Euskadin etxebizitza bat izateko aukera ez duten hainbeste pertsona egonda.    

Alokabideren kudeaketa

Etxebizitza sailak, Alokabide sozietate publikoaren bidez, 13.231 alokairuko etxebizitza kudeatzen ditu Euskadin. 4.275 Alokabideren jabetzakoak, 3.326 Etxebizitza sailarenak, 5.214 Bizigune programarenak, 265 ASAP programarenak eta 151 hainbat udalenak.

Eibarko alkateak, bestalde, adierazi du “hitzarmen hau izenpetzea oso albiste pozgarria dela, 2017tik hona gestionatzen ari garen lanaren emaitza delako. Alokairu-figura berri bat da, etxebizitzen kudeaketa azkarrago bat egitea ahalbidetuko duena, eskaera handia baitago eta programa honekin erantzuna eman nahi da berme guztiak izanik eta prozedura errazago bat erabiliz, halako etxebizitza batean sartu nahi duten pertsonekin harreman zuzena izatea ahalbidetuz. Gainera, erakusten du erakundearteko erlazioa beti dela onuragarria eta aukera ematen duela egitasmo garrantzitsuak aurrera ateratzeko. Jarraitzen dugu lanean alokairuko bizitokiak handitzeko, frogatuta geratu delako Eibarren benetako premia dagoela".

Bisita Txontako bulegora

Hitzarmena sinatu ondoren, Iñaki Arriola sailburua eta Miguel de los Toyos alkatea Txontako bulegora joan dira bertatik bertara ikusteko Eusko Jaurlaritza eta Eibarko Udala auzoan egiten ari diren hiri-berroneratze proiektuaren aurrerapenak.  

Egitasmo anbiziotsu honetan eraikin zaharrak eraginkortasun energetiko eta irisgarritasun irizpideekin zaharberritzea  aurreikusten da; babestutako etxebizitzak eta oin berriko zuzkidura-bizitokiak eraikitzea; hiri-berroneratze soziala eta ingurumenaren aldetik jasangarria lortzea, bisio integral batekin; eta auzotarren parte hartzea bultzatzea.  

Programaren lehen fasean Txontako 17 atarietako 221 etxebizitza zaharberrituko dira. Horretarako, 2,3 milioi euro bideratu dira. Horietatik, 300.000 euro auzoko bulegoaren funtzionamendurako eta auzoaren biziberritze sozialerako bideratu dira; 1,9 miloi etxebizitzen zaharberritze-laguntzetarako, eta 100.000 euro diru-laguntza osagarrien Berme Funtsarako.