Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen berri bat sinatuko dute aurki, Txonta auzoan babes sozialeko 200 etxebizitza eraikitzeko aukera emango duena

Txonta auzoaren irudia.

Txonta auzoaren irudia.

2021/04/21

Hitzarmenak, auzoa biziberritzen laguntzeaz gain, etxebizitza-premiari erantzuten dio. Ekimena lehendik dauden etxebizitzen birgaitze-proiektua osatzera dator.

Udalak, datorren astelehenean, apirileko ohiko bilkurara eramango du Eusko Jaurlaritzaren Lurralde, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eta Eibarko Udalaren arteko hitzarmena, zeinak bi erakundeen arteko lankidetzaren oinarriak ezarri eta aukera emango baitu babes sozialeko 200 etxebizitza eraikitzeko alokairu-araubidean, Txontako hegoaldean. Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2020ko otsailean onartu zen inbertsioa, eta haren helburua da Eibarko etxebizitza-premiari erantzutea eta auzoaren biziberritzen laguntzea.

Hitzarmenaren arabera, eta etxebizitza sozialeko promozioa eraikitzea ahalbidetzeko, Eibarko Udalak aldatu egin behar du puntualki Hiri Ordenamendurako Plan Nagusia, eta horretarako beharrezkoa da udal taldeen gehiengo osoa izatea.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak herriaren, eta, zehazki, auzoaren esku milioi askoko inbertsio bat jartzen du, ezin duguna ihes egiten utzi. Orain, inoiz baino gehiago, herriaren eta Txontako bizilagunen interesei begira lan egin behar dugu, haiek izango direlako inbertsioaren zuzeneko onuradunak."

Proiektuak — lerro nagusiak bere garaian Txontako Mahaian aurkeztu ziren, eta orain egokitzen ari dira bertan egindako ekarpenak jasotzeko—, alokairuko erregimeneko babeseko etxebizitzak eraikitzeaz gain, auzoa berroneratzen lagunduko du; izan ere, errepidea hobetuko da, zeharkatuko lukeen bi noranzkoko errei batekin, espazio libreak sortuko dira auzoaren bihotzean, Txontako kalea oinezkoentzako izango da, eta, lehendik dauden eraikinen ingurunea ere hobetu egingo da.  

Horren harira, Iraolak zera dio, “Esaterako, Txonta 15ean pentsatzen ari naiz, eta, ondoan duen Solac enpresa zaharreko horman, zeina desagertu egingo bailitzateke. Txonta 11 eta 13 zenbakietarako soluzio batean pentsatzen ari naiz, oso egoera prekarioan baitaude. Aukera hemen eta orain dago. Alkate naizen aldetik, egitasmo hau bultzatu beharra daukat eta nire esku dagoen guztia egin, proiektua errealitate bat izan dadin, auzoa biziberritzeko alternatiba serio eta eraginkor bat emateko.

Dauden etxebizitzak birgaitzea

Eusko Jaurlaritzaren inbertsio hau auzoan lehendik dauden etxebizitzen (221 etxebizitza Txonta kaleko 2, 3, 5, 15, 17, 25, 27, 29, 36, 38, 40, 42, 44, 46, 48, 50 eta 52  zenbakiei dagozkienak) birgaitze-proiektua osatzera dator, zeina martxan baitago gaur egun, Ingurumen, Lurralde eta Etxebizitza Sailak 2017. urtearen amaieran Txonta auzoari eman zion 2.300.000 euroko dirulaguntzari esker; 2020an beste dirulaguntza gehigarri bat eman zen 400.000 eurokoa.

Dirulaguntza horiek beren oinarrietan aurreikusitako lan guztiak gauzatzea dute xede, besteak beste, igogailuak jartzea, arrapalak egitea, eta etxebizitzetara iristea bermatzen duen beste edozein obra eta eraikinen inguratzailea (fatxada, teilatua, hegalak) hobetzeko lanak.

Halaber, energiaren kontsumoa murrizteko borondatezko beste jarduera batzuk lagunduko dira diruz, hala nola galdara indibiduala ordeztea errendimendu altuko gas naturaleko beste batez; ur beroa lortzeko sistemak ezartzea eguzki-xafla termikoen bidez; edo berogailu-sistemak eta ur bero zentralizatua izatea, biomasa-galdara edo energia berriztagarriko beste sistema batzuk jarrita. Gainera, emandako diruarekin laguntza gehigarriak emango zaizkie baliabide ekonomiko murriztuak dituzten auzotarrei.

Dirulaguntzan sartuta zeuden 17 pegoretatik, bik inolako lanik ez egiteko asmoa adierazi zuten. Gainerako 15 pegoretan, bik dagoeneko egin dituzte lanak eta jaso dute dirulaguntza; 5ek badute proiektua eta aukeratu dute obrak egingo dituen enpresa; eta beste pegorak  amaitzen ari dira beren proiektua.

Dirulaguntzaren oinarrien arabera, obrak 2022ko azaroaren 30erako egon beharko dira amaituta.