Eibarko Udala

Udalak eta Euskal Trenbide Sareak hobetu egin dute trenbidea estaltzeko proiektua Estaziño-Azitain zatiaren arteko eraginak gutxiagotzeko

2021/10/25
 Azitainen eraikiko den pasealekuaren fotomuntaketa.

Hobekuntza horiek funtsean bermatu egiten dute pasealekua ahalik eta gehien urruntzea Barakaldoko, Elektrocicloseko eta Barrenako etxebizitzetatik eta hobekuntzak dakarzkiote Eguzki Begiko etxebizitzetarako irisgarritasunari. Proiektuari egindako aldaketek auzotarrek bere garaian egindako eskabideei erantzuten diete; Udalak zabalik dauzka ateak herritarren proposamen berriak jasotzeko.

Eibarko Udalak eta Euskal Trenbide Sareak hobekuntza garrantzitsu eta esanguratsuak egin dituzte Estaziño ingurua Azitainekin lotuko duen trenbide gaineko pasealekuaren etorkizuneko proiektuan. Hobekuntza horiek, batetik, bermatu egiten dute pasealekua ahalik eta urrunen geratzea inguruan dauden etxebizitzetatik, eta, bestetik, hobekuntzak dakarzkio auzotarren irisgarritasunari. Gainera, proiektuak kontuan izango ditu azpiegitura berriak zarataren aldetik eragin ditzakeen eragozpenak, hala badagokio, neurriak hartzeko.

Hobekuntza horiek Udalak 2019an deitu zituen azalpen-bileretan, eta baita urte bereko azaroan Beheko Tokiko lokaletan auzotarren eskariz egindako bilkuran etxebizitzetako bizilagunek planteatutako eskabide eta proposamenei erantzuten diete.

Nolanahi ere, Jon Iraola alkateak adierazi du “Udalak zabalik dituela ateak herritarren proposamenak jasotzeko, eta, hala badagokio, proiektuan hobekuntza berriak sartzeko”.

Pasealekua Estaziñoko egungo tren-geltokitik hasiko da. 7 metro inguruko zabalera izango du, eta igogailu berri baten bidez iritsiko da bertara; hasieratik, hortaz, guztiz irisgarria izango da. Halaber, Estaziño kalea Matxariarekin eta Ibargainekin lotzen duen pasarelaren zabalera handitu egingo da. Horrek aukera emango du, etorkizunean, eta behin Ibargaineko bizitegi-unitatea garaturik, jarraipena eman ahal izateko pasealekuari Pagaegi kalerantz eta Errebaleko ingururantz. Pasealekua, zatirik gehienean, sei metroko altuerara egongo da trenbide gainetik.

Trenbidearen geltokitik Barakaldo kaleko 19 zenbakiaren ekialdeko izkinaraino —trazatuaren puntu hurbilena—, pasealekua gutxienez 11 metro urrunduko da etxebizitzetatik. Hala, 17 zenbakiaren kasuan, gutxienez 15 metrora egongo da, eta Barakaldoko gainerako etxebizitzei dagokienez eta Urkizuko dorreetaraino distantzia handitzen joango da; izan ere, etxebizitzak gero eta gehiago aldenduko baitira trenbide-trazatutik.

Barakaldo kaleko 23 zenbakiaren parean dago jatorrizko proiektuarekiko aldakuntzarik garrantzitsuena, zeren eta pasealekua zati horretan ez baita trenbide gainean egongo; mendi aldera egingo du Elektrocicloseko gune urbanizatuaren gainean. Modu horretan, hirurogei metroan gutxi gorabehera, pasealekua desbideratu egingo da trenbide gainetik, berriz ere justu Elektrocicloseko eraikinaren aurrera bueltatzeko.  

Hala, Barakaldo kaleko 25 eta 27 zenbakien paretik doan trenbide-zatia ez da estalita geratuko, ezin baita bermatu 8 metroko gutxieneko distantzia. Diseinu berriarekin, distantziaren arazoa gainditzeaz gain, hobetu egingo dira Elektrocicloseko etxeetarako oinezkoen sarbideak; izan ere, pasealekutik bertatik sartu ahalko dira, hala, bizilagunak herrigunera gerturatuz.

Horren harira, pasealekuaren egitura Electrocicloseko etxebizitzetatik 8 metrora geratuko da. Gainera, beheko solairuetako etxebizitzen pribatutasuna zaintzeko, pasealekuaren albo batean metro eta erdiko zabalerako lorategi-gune bat egingo da, paseatzen dabiltzanei etxeetara ematen duen barandara gerturatzea eragozteko. Era horretan, paseatzen dabiltzanak 9,5 metroko gutxieneko tarte batera egongo dira beti.

Barrenan, pasealekuko jatorrizko trazatua aldatu egingo da eta desplazatu, etxebizitzetatik 8 metroraino urrunduz.

Eguzki Begiko etxebizitzei dagokienez, igogailu berri bat egingo da bertaraino Barrena kalean, pasealekurako sarbide unibertsala ahalbidetuko duena, eta, handik konexioa pasarela bidez.

Azitainen pasealekura iristeko eskailera batzuk egingo dira Azitaingo trenbidearen eta erreka gaineko pasarelaren inguruan.  Pasealekua hor amaituko da bariantearekin lotuz.

Bere ibilbide osoan, pasealekuak bidegorri bat izango du, atseden-tokiak, bankuak eta gainerako altzariak, denak ere herritarrei ingurune atsegin eta abegitsu bat sortzeko helburuz.

Afekzio akustikoei dagokienez, pasealekuaren egitura guztia zabalik egongo da bi aldeetatik; hortaz, Euskal Trenbide Sareko teknikarien arabera —proiektuaren idazketaren arduradunak—, ez da afekzio akustikorik izango. Edonola ere, Udalaren eskariz, ETS-k azterlan bat egin behar du trenbidearen Eibarko ibilbide osoarena, behar den tokian inpaktu akustikoa murrizteko neurriak hartzeko; beraz, halako inpakturik balego, neurriak hartuko lirateke.

Era berean, Elektrociclosen gehien eragindako etxebizitzen kasuan, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak bere garaian egindako eskaintzari eusten diote, alegia, nahi duten bizilagunek aukera izango dute beren etxebizitzak Eusko Jaurlaritzari saltzeko edo, hala bada,  beste batzuen truke aldatzeko Eibarren,

“Hau ez da prozesu berri bat —adierazi du Jon Iraola alkateak—, 2019tik dator, izan ere, urte hartan pasealekuak eragindako bizilagunek beren kexak eta aldaketa-proposamenak egin zituzten”.  Aldaketa horiek, gehitu du Iraolak “udal teknikariek aztertu eta landu dituzte, eta proiektuan sartu dira ahalik eta egitasmorik onena diseinatu ahal izateko".  “Hala ere, zabalik jarraitzen dugu hobekuntza eta ekarpenetara, proiektua bizilagunen interesekin bateratzeko”.

Finantzaketari dagokionez, egitasmoa Europako Next Funtsak izenekoen bidez finantzatuko da % 90ean; hortaz, Eibarko Udalak ordaindu beharko duen zenbateko osoa gutxi gorabehera 366.000 eurokoa izango da, gehi dagozkion zergak. Kopuru hori 2024an ordaindu beharko da.

Proiektu honen bultzada PSE-EEk eta EH-BILDUk berriki lortutako akordioari esker izan da posible. Akordio horretan, gainera, hiriaren ekialdean hainbat milioi euroko beste proiektu garrantzitsu batzuk garatuko dira, funtsean Barrena kalea berroneratzeko eta hobetzeko helburuz.