Eibarko Udala
kirolak

Inbertsio berriak egingo dira Eibarko kirol-instalazioak hobetzeko

2025/08/25
Artxiboko irudia. Ipuruako kiroldegia.
Artxiboko irudia. Ipuruako kiroldegia.

Ipurua, Orbea, Unbe eta Astelena kirol-guneetan ekipamendu berriak jarriko dituzte, eta egokitzeko lanak eta hobekuntza energetikoak egingo dira. Udalak berretsi egiten du herriko kirolarekin duen konpromisoa, modernizazioa eta herritarren beharrei erantzutera begirako jarduketak uztartuz.

Eibarko Udalak berriz ere egingo ditu inbertsioak herriko kirol-guneak hobetzeko, kirol-praktikak sustatu eta herritarren ongizatea hobetzeko duen estrategiaren barruan. Jarduketak Ipurua, Orbea, Unbe eta Astelena kirol-guneetan egingo dira, eta egikaritze-aurreikuspena epe motzera eta luzera begirakoa da.

Ipuruan, esaterako, fitness-gelaren ekipamendua berriztuko da, hainbat makina jarrita: korrika egiteko zinta berria, eskailera-makina bat…; horien bitartez, erabiltzaileen eskaera gero eta handiagoari erantzungo zaio. Horrez gain, aurreikusi da rokodromo bat egitea eta squash-pista guztiz berriztea (2025-2026 urteen bitartean). Lan hauek kirol-eskaintza zabaltzea ahalbidetzeaz gain, instalazioak diziplina eta modalitate berrietara egokitzeko aukera ere emango dute.

Orbea kiroldegian korrika egiteko zinta berri bat, ergometro bat eta bizikleta estatiko bat jarriko dira. Gainera, uztailean eta abuztuan itxiko dela aprobetxatuta, guneko hainbat espaziotan hobekuntza-lanak egiten ari dira.  Igerilekuko sabaia aldatu da dagoeneko, eta laster Ur Bat klubekoentzako entrenamenduetarako euste-sare bat jarriko da. Emakumeen aldageletan hezetasun-arazoak konpondu, eta  gimnasioan zoru teknikoagoa jartzen ari dira.  Horrekin batera, makina guztiak birkokatuko dira. Azkenik, gimnasiorako sarbidea pintatzen ari dira, haren itxura eta funtzionalitatea aldatzeko asmoz.

Unberen kasuan, goiko zelaian harmaila berriak jarriko dira, bai lehiaketetan bai entrenamenduetan hobeto hartu ahal izateko jendea. Horrez gain, markagailu digital bat ipiniko da beheko zelaian, teknologia berria txertatuta errazago jarraitu ahal izango baitira partidak eta ekitaldiak, nola jokalariek hala ikusleek.

Astelehena frontoian ere egingo dira hobekuntza-lanak, besteak beste, LED argiteria aldatuko da. Horrek ahalbidetuko du eremuan hobeto ikusi eta egon ahal izatea, eta lagungarria izango da energia eraginkorrago erabiltzeko, aurreztea eta ingurumeneko jasangarritasuna bultzatuz.

Jon Iraola Eibarko alkateak zera nabarmendu du: “Horrelako inbertsioek erakusten dute instalazio modernoak, irisgarriak eta erabiltzaileen premietara egokitutakoak eskaintzeko dugun borondatea. Jarduera fisikoa bultzatzen jarraitu nahi dugu, herri osasungarri baten oinarri gisa”. Andoni Ameztoy kirol zinegotziaren esanetan, aurreikusitako jarduerak irizpide teknikoetan eta erabiltzaileen iradokizunetan daude oinarrituta.  “Lanean jarraituko dugu gure instalazioek eskualdean erreferente izaten jarrai dezaten”.