Udalak eskola-kirolaren diagnostikoa jarri du martxan Eibarren

Eibarren eskola-kirolaren diagnostikoari hasiera emateko aurkezpenaren irudia.

Eibarren eskola-kirolaren diagnostikoari hasiera emateko aurkezpenaren irudia.

2022/04/08

Prozesuak sakon aztertuko du zein den eskola-kirolaren errealitatea herrian, eta zer urrats jarraitu behar diren ondorengo fase batean eredua eguneratzeko. Abian dira eskola-kirol egokituko taldeak (EKE) eta kirol inklusiboko taldeak (EKI); Eibarko hainbat eskolatako 7 neska-mutiko parte hartzen ari dira.

Eibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Athlon Coop. enpresarekin batera, hasiera eman dio herriko eskola-kirolaren analisia eta diagnostikoa egiteko prozesuari. Prozesuaren helburua da Eibarko kirolaren Plan estrategikoa inplementatzen jarraitzea eta herriko kirol-zerbitzuen irisgarritasun unibertsala bermatzea.

Lan hori aurrera eramateko, aste honetan hasi dira herriko eskoletan inkestak banatzen. Eskoletako zuzendaritza-taldeak eta guraso-elkarteak prest agertu dira laguntzeko.  

Prozesua iaz hasi zen, Udalak eta dibertsitate funtzionala duten seme-alaben gurasoek izandako bileretan, izan ere, guraso horiek jakinarazi baitzuten egungo eskola-kirol ereduak ez dituela asetzen Eibarko neska-mutikoen premiak.

Ikasturte honetatik aurrera, Eibarrek Eskola Kirol Inklusiboko eta Eskola Kirol Egokituko taldeak ditu. Ekimen horien helburua da dibertsitate funtzionala duten eta eskola-adinean dauden haurrei kirol-jardueran parte hartzea erraztea, etorkizuneko diseinuan lan egiten den bitartean,egungo ereduan dagoen gabezia arintzeko.

EKI  izeneko programa (Eskola Kirol Inklusiboa) iazko abenduan iragarri zen, eta urtarriletik dago martxan; oso balantze positiboa egin dute inplikatutako eragile guztiek. Bestetik, aste honetan bertan hasi da EKE programa (Eskola Kirol Egokitua); bertan sei neska-mutikok hartzen dute parte eta datorren urtean ikasle gehiago hartzea espero dute.

EKE taldeak astean bi saio egingo ditu, ordubetekoak, haietako bat ‘lehorrean’ eta bestea igerilekuan, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin lankidetzan.

Hori guztia gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Andre Curiel Kirol zinegotziak, Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak eta Athlon enpresaren ordezkariek.

Jon Iraola Eibarko alkateak zera esan du: “Uste dugu ume guztiek kirola egin ahal izatea funtsezko eskubide bat dela. Lanean dihardugu pertsona guztiek eskubide eta aukera berdinak izan ditzaten, haien kondizioa edozein dela ere; eta, horren harira, plan hauek pauso garrantzitsu eta beharrezkoa dira ume horiek beren eskolakideekin kirola egiteko eskubidea bermatzeko”.

Ander Curiel kirol zinegotziak hala esan du: “Kirolak topagune bat izan behar du Eibarko gazteentzat. Elkargune bat, non inor ez den bazterrean sentituko bere kondizio fisiko edo mentalarengatik. Lehiarako tokiak beste batzuk izan behar dira.  Lan egin behar dugu EKE eta EKI programak eskola-kirolaren eredu barruan egon daitezen, eta diagnostiko honek aukera emango digu ondorio batzuk atera eta epe laburrean ezartzeko.”

Azkenik, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak adierazi du “udalerri bateko kirol-hastapenaren ereduak definitzen duela haur eta gazteei arreta emateko dugun modua. Horregatik, garrantzitsua da adin goiztiarreko haurrekin harremanetan dauden eragile guztiekin lan egitea, eskola-adineko kiroletik garapen-helburu komunetan jardun dezagun”.