Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak erronka berri bat jarri du abian jarduera fisikoa Wellk aplikazio mugikorraren bidez sustatzeko

 Wellk aplikazio mugikorraren bidez jarduera fisikoa sustatzeko erronka berriaren irudia.

Wellk aplikazio mugikorraren bidez jarduera fisikoa sustatzeko erronka berriaren irudia.

2023/06/07

Erronka ekainaren 9tik 23ra bitartean egingo da, eta izena ematen duten pertsonek jarduera fisiko bat ezagutuko dute teknologia berrien bidez ahalik eta kilometro gehien oinez egiteko xedez. Gainera, herritarrek hiru jardunalditan parte hartu ahalko dute, Eibar Ibilixan bideetako ibilaldi osasuntsuak eginez.

Eibarko Udalak, Wellk start-uparekin batera, erronka berri bat jarri du martxan, eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzea helburu duena, adina edozein dela ere, nahiz eta adinekoei bereziki zuzendutako ekimenak egingo diren.

Hala, ekainaren 9tik 23ra bitartean, erronkan parte hartu nahi duten pertsonek izena eman ahalko dute Wellk aplikazio bidez, eta ahalik eta kilometro gehien pilatu oinez ibiliz. 25 kilometrotik gora erregistratzen dituzten pertsonen artean, bi lagunentzako afari bat zozketatuko da herriko ostalaritza-establezimendu batean; hala, zenbat eta kilometro gehiago egin, orduan eta aukera gehiago egongo da saria irabazteko.

Era berean, herritarrak erronka honetan inplikatzeko eta irisgarriago izateko, Eibarko Udalak intentsitate baxu-ertaineko hiru ibilaldi osasungarri antolatu ditu ekainaren 9, 16 eta 22an “Eibar Ibilixan” ibilbideetan. Hiru ibilaldiak 10:00etan hasiko dira Anbulatorioko parketik eta gida bat egongo da. Kiroleko arropa eta telefono mugikorra eramatea gomendatzen da.

Zailtasun gutxiko jarduera bat denez, pertsona nagusiei zuzenduta dago bereziki, sektore horretan kirola egitea sustatu nahi baita. Gainera, kirola egitea sustatzen duten teknologia berriekiko interakzioa eta sarbidea erraztu nahi da, Wellk aplikazioaren bidez.

Programatutako 3 ibilaldiak hasi baino lehen, Wellk-eko arduradun batek lagundu egingo die parte-hartzaileei aplikazioa instalatzen eta martxan jartzen.

Informazio gehiago eskuratzeko, https://wellk.eus/antxitxikaeibar webgunea kontsultatu daiteke, 943203240 telefonoroa deitu, edo mezu elektroniko bat bidali teknikaria@eibarkirola.eus helbidera.  

‘Antxitxika Eibar: Klubak’ erronkaren emaitzak

Bestalde, maiatzaren 25ean amaitutzat jo zen ‘Antxitxika Eibar: Klubak’ erronka. Jarduera apirilaren 27an hasi zen jarduera fisikoa herritarren artean sustatzeko xedez, eta garrantzia eman nahi dio herritarren eta herriko klub eta gimnasioen arteko interakzioari.

Eibarko 12 klub eta gimnasiok eman zuten izena eta guztira 332 lagunek parte hartu zuten;  27.428 kilometro egin ziren guztira.

Kilometro gehien erregistratu zituen kluba Urbat I.K.E izan zen, eta 250 euro jaso zituen Udaletik sari gisa kirol-materiala erosteko. Gainera, erronkan parte hartu zuten bi lagunek 'Oparitu Eibar’ 50 euroko txartel bana irabazi zuten, zozketa bidez, udalerriko merkataritza-establezimenduetan gastatzeko; establezimenduen zerrenda https://erosieibarren.eus/oparitu-eibar/ estekan kontsultatu daiteke.