Eibarko Udala
mugikortasun jasangarria

Mugikortasun Jasangarrirako Sailak Eibar-Azitain tartea estaltzeko obraren ingurumen- eta paisaia-integrazioaren lanak esleitu ditu

2026/09/30
Artxiboko irudia.

Lanak udazkenean hasiko dira, eta 620.624 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko epea dute egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako Sailak ETS Eusko Trenbide Sarea erakunde publikoaren bidez esleitu ditu datorren udazkenean hasiko diren Eibar-Azitain zatia estaltzeko obraren ingurumen- eta paisaia-integrazioko lanak. Zati hori trenbidearen gainean eraikitako plataforma bat da, 1.000 metrotik gorako luzera eta 10 metroko batez besteko zabalera duena, eta hainbat eskailera-tartetatik eta pasealekuan zehar kokatutako hiru igogailutatik sar daiteke bertara; joan den apirilaren 1ean ireki zen herritarrentzat. 

Kontratua Aguas y Jardines SL enpresari esleitu zitzaion, 620.624 eurorekin eta bost hilabeteko egikaritze-epearekin, eta Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak eta Eibarko Udalak finantzatzen dute. ETSri dagokio obren lizitazioa, kontratazioa, exekuzioa, zuzendaritza eta finantzaketa osoa; udal gobernuak, berriz, bere gain hartu du, besteak beste, hartutako soluzioaren garapen osoa ezartzen duen proiektua idatzi eta onartzea.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “ekintza honekin beste urrats bat emango dugu Estaziño-Azitain pasealeku berriaren ingurua eraldatzeko. Estaltzeari esker, 1.000 metro baino gehiagoko espazioa berreskuratu dugu herritarrentzat, eta, orain, azalera hori kalitatezko berdegune bihurtuko dugu, eta horrek gure herriko biodibertsitatea eta azpiegitura berdea hobetzen ere lagunduko du”. Era berean, eskerrak eman dizkie Susana Garcia Chueca sailburuari eta Eusko Trenbide Sareari: “Haien konpromisoak eta lankidetzak erakusten dute, beste behin ere, erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa dela Eibar eta eibartarren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuak bultzatzen jarraitzeko”.

Klima-aldaketara eta larrialdi klimatikora egokitzeko egungo egoerarekin bat etorriz diseinatu da proiektua, herritarrei lorategiz hornitutako kalitatezko hiri-espazio berri bat eskainiz, Eibarko herriaren biodibertsitatea eta azpiegitura berdea handitzeko xedez.

Ekimenak gramineoak, landare bizikorrak (altura desberdinetakoak, baina metro batetik gorakoak denak) eta zuhaixkak ( 2 metroko altuerakoak) dituen lorategia barne hartzen du, estalkiaren egitura-mugen arabera.

Bilbo-Donostia trenbidearen estalkiaren gaineko berdegune berrietarako planteatutako ureztatze-sistemari esker, parterreak modu automatizatuan ureztatu ahal izango dira, baita eskuz ere, sisteman matxuraren bat gertatuz gero edo tenperatura altuko garaietan laguntza-ureztapena egitea nahiago izanez gero.

EBko NExt Generation funtsak

Estaldura Next Generation EU funtsekin finantzatu da, Espainiako Gobernuaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez, eta Mugikortasun Jasangarriko Departamentuaren eta Eibarko Udalaren arteko hitzarmena izan du, trenbidea udalerrian hirigintzan integratzearen adibide gisa. Izan ere, hau antzerako ezaugarriak dituen hirugarren proiektua da Eibarren. 2011ren hasieran, Ardantza geltokia eta trazaduraren zati bat estali ziren. 200 m baino zertxobait gehiagoko luzera zuen, eta 2.258 m²-ko azalera. Lau urte geroago Amaña Ardantza tartea ireki zen herritarrentzat, 650 m-ko luzera eta 8.500 metro koadrorekin.