Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak erretiratu egingo du Untzaga Jubilatu Etxearen fatxadan jarritako argazki handia, erabiltzaileek hala eskatuta

Udalak erretiratu egingo du Untzaga Jubilatu Etxearen fatxadan jarritako argazki handia, erabiltzaileek hala eskatuta

Untzaga Jubilatu Etxean jarrita dagoen argazkia

2018/06/28

Argazkiak beroa ematen du barruan. Neurri handikoa da eta eraikinaren aurrealdea osorik hartzen du. Udalak hausnarketa bat egingo du argazkia beste nonbaiten jartzeko.

Eibarko Udalak erabaki du kentzea Untzagako zentroaren fatxada nagusian abendutik jarrita egon den argazki erraldoia, Jubilatuen Etxera joaten diren pertsonek udal arduradunei argazkiak arazoak ematen dizkiela esan diete-eta.

Eguraldiak berora egin duenean hauxe ikusi da: argazki horrek fatxada osoa hartzen duenez, negutegi efektua egiten duela eta barruko tenperatura asko igo dela azken egunotan.  Jubilatuen Etxera joaten direnek egindako eskaera horri erantzun nahian, Udalak aste honetan bertan erretiratuko du argazkia. Handik kendu ondoren, dena aztertu eta beste leku aproposagoren bat bilatuko du.

Argazki hori Ego Ibarra batzordeak Eibarko memoria bisuala indartzeko sustatu duen proiektuaren argazkietako bat da. Asmo horren aurreneko urratsean, sei argazki jarri dira herriko kaleetan. Eta orain kenduko den horretan  Untzaga plaza azaltzen da 1910ean,  eta Eibarko Jubilatuen Etxeko kideek beren fatxadan jartzeko aukeratu zutena dugu.  Sasoi hartan Alfontso XIII. Plaza izena zuen eta musikako kiosko zaharra ikus daiteke, Beasaingo Udalari saldu eta gaur egun herri hartan dagoena.   Argazki honen originala Eibarko Udal Artxiboan dago eta Castrillo-Ortuoste Funtsekoa da.

Lehenxeago esan den bezala, Udalak herriko kaleetan jarri zituen argazki erraldoiak sei izan ziren. Untzagako argazkiaz gain joan zen urtean Ipuruako futbol-zelaiaren fatxadan beste argazki handi bat jarri zen (neskekin osatutako Eibarko lehenengo futbol taldea, 1971koa); beste bat Karmen elizaren ondoan (Urkizu aldea jasotzen du argazkia, 1960koa, Orbea fabrika eta inguruak).

Azkenik, urte honetako urtarrilean beste hiru argazki handi jarri ziren: bata Unibertsitate Laboralaren azpiko horman; bigarrena Azitaingo gasolindegiaren ondoan, eta azkena, Toribio Etxebarria kalean, San Andres elizaren azpiko horman.