Udalak Errebaleko Merkatu Plaza indartzeko proiektua aurkeztu du

2025ean, Udalak hobekuntza-obrak eta -jarduketak aurreikusten ditu, espazioa eta merkataritza-dinamika optimizatze aldera. Jarduketa hauek LJEtik (Lehentasunezko Jarduera Eremua) datozen funtsekin finantzatuko dira.
2022an Errebaleko Merkatu Plaza inauguratu zenetik, Eibarko Udalak lan handia egin du merkataritza-espazio erakargarri bat sortzeko.
Gaur-gaurkoz, asteko hainbat egunetan, 13 baserritarrek saltzen dituzte merkatuan tokiko eta garaiko produktuak, eta 4 postu finko daude, egunerokoak. (egunero zabaltzen dutenak): Lusai taberna-jatetxea, Zaporeak izozki-denda, Txutxiplum gozoki-denda eta Basagunea produktu ekologiko eta gertukoen denda. Horrez gain, Errebalen vending makina bat ere badago, Lazkaoko Iztueta baserriko esnekiekin.
2024an postu finko gehiago irekitzea lortu bada ere, Udalak proiektu bat jarri du abian Errebaleko merkataritza-espazioa sustatu eta dinamizatzeko, merkatua balioan jartzeko eta bertara ahalik eta bezero gehien erakartzeko.
Jon Iraola Eibarko alkateak proiektu honen garrantzia azpimarratu du: “Errebaleko merkatua leku estrategikoa da tokiko merkataritzarako, eta bertako instalazioak hobetzen jarraitu nahi dugu, albait erakargarriena eta irisgarriena izan dadin. Gure konpromisoa da gertuko merkataritza indartzea eta aukera berriak sortzea hala saltzaileentzat nola bezeroentzat.
Proiektuak hainbat esku-hartze planteatzen ditu kanpokoaren eta barrukoaren arteko ikusgarritasuna eta lotura hobetzeko. Hori horrela, 3 jarduketa mota egingo dira: batetik, lokaletako bat udal-bulegoa izango da. Hala, herritarrek hurbilago izango dituzte eskatutako zerbitzuak, eta merkataritza dinamizatzeko espazio bat irekiko da, merkatua erakargarri bihurtzeko egiten diren kanpainak aprobetxatuz.
Bestetik, merkatu-plazaren barruko espazioa hobetu eta berrantolatuko da. Horretarako, baserritaren lan- eta salmenta-mahaiak aldatuko dira, eta erabilera berriak izango dituen lan-tresna funtzionalago bat sortuko da. Hori horrela, baserritarrei gauzak biltegiratzeko leku handiagoa emango zaie, haien eskaerari erantzunez. Bestalde, elementu berriak jarriko dira merkatu barruan, erabilera hobetu eta arazoei irtenbidea emateko.
Azkenik, merkatuaren kanpoko ikusgarritasuna hobetzeko, kanpoaldeko fatxadan informazio-pantaila bat jarriko da, zeinean merkatu barruko zerbitzuen berri emango den, herriko ekitaldiak iragarriko diren eta interes orokorreko beste jarduera batzuk ere zabalduko diren. Era berean, argidun errotulu bat jarriko da merkatuaren kanpoaldean, plaza nabarmentze aldera.
Iraolak esan duenez, “hobekuntza hauek Errebal erreferente komertzial eta soziala izatea ahalbidetuko dute. Espazio bizia izatea nahi dugu, dinamikoa, aukera berriak eskaintzen dituena bai merkatarientzat bai hurbiltzen diren herritarrentzat”.
Honekin guztiarekin, Udalak merkataritza-espazio egokiagoa eta erakargarriagoa eskaini nahi du, saltzaileentzat zein bertaratzen diren bezeroentzat, eta, baita Eibarko merkataritza eremua handitu eta inguruko eskaintza osatzen duen espazio bat sortu ere.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak Debabarrena Lehentasunezko Jarduera Eremu izendatzearen ondorioz lortutako funtsekin finantzatuko da.