Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Errebal kalea berrurbanizatuko du oinezkoen mugikortasuna hobetzeko

Udalak Errebal kalea berrurbanizatuko du oinezkoen mugikortasuna hobetzeko

Ibarkurutzeko iturria.

2019/11/12

Ibarkurutzetik Julian Etxeberriaraino, espaloiak zabaldu eta galtzadaren mailan jarriko dira; galtzadari tratamendu berezitu bat emango zaio bere izaera desberdina nabarmentzeko. Ibarkurutzeko iturria ere zaharberritu egingo da, gaur egun oso hondatuta dago eta. Helburua da balioan jartzea eibartarrentzako hain sinbolikoa eta estimatua den iturria.

Errebal kalea, Ibarkurutze eta Julian Etxeberriaren arteko ibilbide osoan zehar, berritu eta hobetu egingo da; espaloiak galtzadaren maila berean jarri eta zabaldu egingo dira, zoladura aldatu —Fermin Calbeton kalean egin berri diren obren antzera—, oinezkoen pasabide berriak sortu, eta autobusen geralekua birkokatu egingo da.

Jon Iraola Obra zinegotziaren hitzetan, “Jarduketa honen helburua da aurrera jarraitzea Eibarko erdigunea osatzen duten kaleak trafiko gune ‘lasai’ bihurtzeko planean, ibilgailuen abiadura murrizten saiatuz, eta oinezkoen irisgarritasuna eta mugikortasuna erraztuz. Hori guztia, azken batean, herritarrentzat hiri atseginagoa egiteko eta, aldi berean, merkataritza-jarduera sustatzeko”.

Proiektuan planteatzen da Arraguetako igoeraren amaieran dagoen oinezkoen pasabidetik aurrera jardutea, Errebal hasieratik jarraitu eta Julian Etxeberriaraino, Aldapatxo parean.

Espaloien eta galtzadaren tratamendu berezituaz gain, ibilgailuak aparkatzeko eremuak aldatuko dira, baina gaur egungo kopurua murriztu gabe. Era berean, lehendik daudenez gain, beste bi zebra-bide egingo dira. Bata, Bidebarrietako egungo merkatu-plazatik igotzen diren eskaileren parean, eta, bestea, San Agustinekiko bidegurutzea pasatu ondoren.

Beste berezitasun bat da kendu egingo dela autobusen egungo behin-behineko geralekua (Bolintxo saltokiaren aurrean) eta lehengo kokalekura itzuliko dela, alegia, erabilera anitzeko eraikin berriaren aurrera.

BBVAren ondoan lurperatutako edukiontzien ilara mantendu egingo da.

Berrikuntza gisa, Ibarkurutzeko iturriaren eta inguruaren berrikuntza integrala jasotzen du proiektuak. Eibarko sinbolo preziatuenetako bat da, eta, urteen poderioz, hondatu egin da.

Proiektu honen bidez, Estaziño aldea San Agustin zeharbidearekin lotuko da, eta Julian Etxeberriaren azken zatia Toribio Etxebarriaren hasierarekin. Gune horietan guztietan, galtzada eta espaloiek tratamendu berezia dute, gainerakoen aldean desberdina, eta horren helburua da oinezkoari lehentasuna ematea eta oinezkoen mugikortasuna sustatzea.

Proiektua duela egun batzuk aurkeztu zen Udaleko Obra Batzordean, eta, gaur egun, proiektua idatzi duen taldea egitasmoa amaitzen ari da, aste honetan behin betiko entregatzeko.

etiketak: Ibarkurutze, Eibar, Errebal