Udalak erosketa-bonuen beste kanpaina berri bat jarriko du martxan eta nahi duten merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduek hartu ahalko dute parte

Interesa duten establezimenduek erosketa-bonuen kanpaina berrian parte hartzeko epea gaur, maiatzak 12, hasi eta maiatzaren 18an amaituko da. Epe hori amaituta, bonuak erosteko datak jakinaraziko dira.
Eibarko Udalak, 75.000 euroko partida batekin, erosketa-bonuen kanpaina berri bat jarriko du abian laster, Eibar Merkataritza Gune Irekia elkartearekin eta Merkataritzako Bulego Teknikoarekin lankidetzan. Interesatuta dauden herriko establezimendu eta denda guztiek hartu ahalko dute parte, bai eta ostalaritzak ere
Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “martxan jartzen ditugun bonu-kanpainek aukera ematen dute Eibarko establezimenduek eskaintzen dituzten zerbitzu eta produktu aberats eta askotarikoak ezagutzera emateko, eta, beraz, oso aukera ona da saltzaileentzat.”.
Kanpaina honetarako zenbateko ezberdinetako 8.100 bonu aterako dira, eta erosketak egin eta zerbitzuak eskuratu ahal izango dira era guztietako establezimenduetan, % 20 eta % 25eko deskontuekin.
Parte hartu nahi duten establezimenduek maiatzaren 12tik 18ra bitarteko epea izango dute izena emateko. Horrela, haien esku jarri den eskabide-fitxa bete eta Eibar Merkataritza Gune Irekia elkarteko bulegoetan entregatu beharko dute, edo bestela, posta elektronikoz bidali helbide honetara: info@eibarcentrocomercialabierto.com. Eskabidea eskuragarri dago www.eibar.eus Udalaren webgunean edo www.erosieibarren.eus webgunean, ostiraletik (maiatzak 12) aurrera.
Eskaera horretan, besteak beste, honako kontu hauek zehaztu beharko dira: establezimenduko kontu korronte baten titulartasuna egiaztatzen duen dokumentua; altan dauden langileen batez besteko plantillaren txostena, Gizarte Segurantzak emana; eta Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ordainketak egunean izatearen indarreko agiria.
Erosketa-bonu kanpaina berri honetan, 3 bonu mota egongo dira: ostalaritza, elikadura, eta merkataritza eta zerbitzuak.
Ostalaritzaren kasuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafe hauek sartzen dira: 671, 672, 673 eta 674.
Elikaduran, JEZ zergaren epigrafe hauek: 641, 642, 643, 644, 647.1, 647.2 eta 647.3.
Azkenik, merkataritza eta zerbitzuetan, hauexek dira epigrafeak: 651, 652.2, 652.3, 652.4, 653.1, 653.2, 653.3, 656, 657, 659, 691.1, 691.9, 972, 973.1 eta 887.
Kanpainatik kanpo geratzen dira Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren 646, 652.1, 654 eta 655 epigrafeak dituzten establezimenduak, alegia, estankoak, farmaziak, ibilgailuen salmentarekin lotutakoak eta gasolindegien jarduerak.
Establezimenduen eskabidea aurkezteko epea amaitzen denean, jakinaraziko da zer egunetan eskuratu ahalko diren erosketa-bonuak.