Eibarko Udala

Udalak enpresentzako dirulaguntza-programa berri bat jarri du abian, energia-kostuaren igoeraren ondorioak arintzeko

2023/06/22
Eibarko Udala.

Fakturetan energia-kontsumoaren kostua gutxienez % 25 igo dela frogatzen duten enpresek edota autonomoek 2.000 eta 3.000 euro bitarteko laguntzak jaso ahal izango dituzte. Eskaerak egiteko epea gaur hasi eta aurtengo urriaren 2an amaituko da.

Eibarko Udalak autonomoentzako eta enpresentzako dirulaguntza-programa berri bat jarri du abian, tokiko enpresetan energiaren kostua handitzearen ondorioak arintzeko, eta, horrela, Eibarren jarduera ekonomikoari eta enpleguari eusten laguntzeko.

Programa hau aurrera eramateko, Udalak 200.000 euroko diru-partida bat jarri du, azken bi urteetan beren jarduera gauzatzeak energia-kontsumoan gainkostua eragin duela frogatzen duten enpresa edota autonomoen artean banatuko dena.

Nolanahi ere, gaitutako partida agortu ondoren erantzun gabeko eskaerak badaude eta laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen badituzte, aurrekontu-partida handitu ahal izango da, ebatzi ez direnei erantzuteko.

Dirulaguntza jaso nahi duten enpresen energia-kontsumoaren gainkostua kalkulatzeko, fakturen energia-kostuak konparatuko dira, 2021eko otsailaren 1etik 2022ko otsailaren 1era eta 2022ko otsailaren 1etik 2023ko otsailaren 1era bitarteko aldietan. Horretarako, erakunde eskatzaileak “Gainkostu energetikoaren kalkulua” fitxategia bete beharko du, Udalaren web-orrian bertan eskuragarri dagoen ereduaren arabera, eta aldi horietako fakturen zenbatekoak sartu beharko ditu, non izandako gainkostua automatikoki aterako den.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da programaren oinarrietan ezarritako aldietan energia-kostuen % 25eko igoera izatea gutxienez, energia-iturri desberdinak erreferentziatzat hartuta. Dirulaguntza bakoitzeko jasoko den gehieneko zenbatekoa gainkostuaren % 75a izango da, honako muga hauekin:  energia-kostuaren % 25 eta % 50 bitarteko batez besteko igoera, 2.000 euro; energia-kostuaren % 50 baino gehiagoko batez besteko igoera, 3.000 euro.

Eskatzaileak kontratatutako energia-hornidura hauek hartuko dira kontuan:  elektrizitatea, gas naturala, ontziratu gabeko petrolio-gas likidotuak (PGL) edo fluido termikoak (ur beroa, hotza, fluido hozgarria edo lurruna) industrialde bateko azpiegitura komunen zentral batean sortuak. Ez da BEZa diruz lagunduko.

Gainera, Eibarko beren lantokietan energia-eraginkortasuna hobetzeko edo autokontsumoa sustatzeko inbertsioak egin dituztela frogatzen duten enpresei dirulaguntza 500 euroraino handituko zaie.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, enpresa interesdunek baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola JEZ zergan alta emanda egotea 2021eko urtarrilaren 31 baino lehenagotik; egoitza soziala eta fiskala Eibarren izatea; eta 2023ko otsailaren 1ean batez besteko plantilla mantentzea edo handitzea, 2022ko otsailaren 1ean zegoenarekin alderatuta. Dirulaguntza Eibarko lantokiei bakarrik aplikatuko zaie.

Programa honetan ez dira sartuko era honetako jarduerak: jolas-aretoak, norberaren etxean egiten diren jarduera ekonomikoak; eta partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko erakundeak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren insertzio-enpresaren kalifikazioa dutenak izan ezik.

Dirulaguntza hauek jasotzeko interesa duten eskaerak aurkezteko epea gaur hasi eta aurtengo urriaren 2an amaituko da. Eskaerak elektronikoki egin beharko dira, www.eibar.eus udal-webgunearen bidez, eskatutako dokumentazio guztiarekin batera; dokumentazio horren artean egongo da "Gainkostu energetikoaren kalkulua" izeneko fitxategia, udal-webgunean bertan dagoen ereduaren arabera.