Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak enpleguari eutsi dioten enpresei dirulaguntza zuzenak emateko programa berri bat jarri du abian

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2021/12/01

Programa berriak 500.000 euroko kopurua du eta pandemiak eragindako egoeraren ondorioz onartutako Talka Planaren barruan dago sartuta. Bi langile edo gehiago dituzten pertsona juridiko, sozietate zibil edo ondasun-erkidego guztiei dago zuzenduta. Enpresa onuradunek 3.500etik 7.500 eurora bitarteko zenbateko dirulaguntzak jasoko dituzte, langile kopuruaren arabera.

Eibarko Udalak zuzeneko laguntzen programa berri bat jarri du martxan, aurtengo azaroaren 1ean batez besteko plantilla, 2021eko urtarrilaren 1ean zegoenarekin alderatuta, mantendu edo handitu dutela ziurtatzen duten tokiko enpresentzat. Udal programa honek 500.000 euroko diru kopuru bat du, eta pandemiak eragindako egoeraren ondorioz onartutako Talka Planean dago jasota.

Hau izango da Udalak sustatzen duen era horretako bigarren programa (2020an beste bat gauzatu zen), baina alde bat dago: lehenengoa industria-enpresentzat bakarrik izan zen, eta oraingoa enpleguari eutsi dioten pertsona juridiko, sozietate zibil edo ondasun-erkidego guztientzat izango da.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Ikusita pandemiaren garaian plantillei eusteagatik enpresei emandako dirulaguntzen emaitza onak, erabaki dugu berriro ere programa bultzatzea, diru-kopuru gehiago esleituz eta enpresa gehiagotara zabalduz.

“Dirulaguntza hauekin -gehitu du Iraolak- aitortu egin nahi dugu Eibarko enpresek egindako ahalegina; izan ere, beren diru-sarrerak eta jarduera murriztuta ikusi arren, gai izan dira enpleguari eusteko”.

Lehenengo programak 185.000 euro zeuzkan hasieran, eta 250.000 eurora handitu zen, jaso ziren eta ezarritako baldintzak betetzen zituzten eskabide guztiei erantzuteko.

Deialdi berri honen helburua da herriko enpresen enpleguari eustea, enplegatutako pertsonen lan-egonkortasuna sustatuz. Dirulaguntzak eskatzeko baldintzen artean, honako hauek daude: erakunde eskatzaileak gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik egon beharko du alta emanda Jarduera Ekonomikoen Zergan Eibarren, eta 2021eko azaroaren 1ean enpresak bi langile edo gehiago izan beharko ditu.

Dirulaguntzaren zenbatekoa —altan dauden langileen batez besteko plantillaren 2021eko azaroaren 1ari dagokion txostena erreferentziatzat hartuta— desberdina izango da langile kopuruaren arabera. Enpresen plantillak batez beste 2 eta 10 pertsona bitartean baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da. Enpresen plantillak batez beste 11 eta 20 pertsona bitartean baditu, dirulaguntza 5.000 eurokoa izango da. Enpresen plantillak batez beste 21 eta 50 pertsona bitartean baditu, dirulaguntza 6.500 eurokoa izango da. Eta plantilla 50 langiletik gorakoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa 7.500 eurokoa izango da.

Eskabideak egiteko epea gaur hasiko da, abenduak 1, eta zabalik egongo da 2022ko urtarrilaren 14ra arte (egun hori barne).  Enpresa bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahalko du, eta modu elektronikoan egin beharko da Udalaren webgunearen bidez www.eibar.eus. Gainera, izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da.

Eskatzaileek dagokien dokumentazioa aurkeztu beharko dute, eta batez besteko plantillaren txostenak, bai 2021eko urtarrilaren 1ari dagozkionak bai 2021eko azaroaren 1ari dagozkionak ere, zeinak Gizarte Segurantzak emango dituen; halaber, Ogasun eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du, enpresa eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatuko duena.

Dirulaguntzak zuzenean emango dira banakako ebaluazio-sistema baten bidez, eta espedienteak aurkeztu ahala izapidetu eta ebatziko dira, horretarako kreditua erreserbatuta dagoenean. Baldin eta dirulaguntzak ordaintzeko geratzen den diru-kopurua ez bada nahikoa azken eskaerari erantzuteko, geratzen den diru-kopurua emango zaio.

Programa honek pandemiak Eibarko enpresetan dituen ondorio negatiboak arindu nahi ditu eta Udala bultzatzen ari den Talka Planaren parte da, zeinak herriko sare sozioekonomikoari laguntzeko neurri ugari jaso baititu pandemia hasi zenetik.