Eibarko Udala
Garapen Ekonomikoa

Udalak enplegua sustatu eta garapen ekonomikoaren aldeko apustua egiten du

2025/02/20
Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza.

Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak 3.345.301,12 euroko aurrekontua izan du 2024an, hainbat alorretako proiektuak aurrera ateratzeko. Sailak 2024ko jarduketa-memoria argitaratu du, garatutako proiektu nagusiak zabaltze aldera.

Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak baliabideak eskaini eta proiektuak sustatzen ditu herriko beste hainbat eragilerekin batera, helburua izanik Eibar bizitzeko, lan egiteko eta enpresen garapenerako toki erakargarria izatea.

Horretarako, 2024 urteko memorian jasota dauden 6 lerro estrategikoren inguruko proiektuak garatzen ditu, herrian kalitatezko enplegua sortu eta garapen ekonomikoa bultzatze aldera.

Eibarrek enpleguaren alorrean duen erronka dela-eta, Saileko lehen estrategia-lerroa enplegua eta talentua sustatzea da. Hori horrela, 2024an, guztira 266.901,33 euroko dirulaguntzak bideratu ditu lanik gabeko pertsonak kontratatzera eta haien formaziora. Horrez gain, 4 programa garatu dira  gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko.  Programa hauek inguruko enpresei erantzunak ematen saiatzen dira, profil egokia duten langileekin bete daitezen hutsik dauden lanpostuak, eta, era berean, langabezia-tasa jaisten lagun dezaten. 2024an burutu dituzten 4 programei esker, parte-hartzaileen % 32 lan-munduan sartzea lortu da. % 65ek beste ibilbide batzuen bitartez jarraitu du formazioa jasotzen.

Lerro estrategiko honen markoan, talentu berria sustatzeko egitasmoak ere gauzatzen dira, Azitaingo Lanbide Heziketa zentroarekin lankidetzan. Horrez gain, DBHko gazteekin ere lan egiten da, eta baita Eibarko Lanbide Heziketako 3 zentroekin ere.

Saileko bigarren lerro estrategikoa ekintzailetzaren ekosistema indartzera zuzenduta dago, eta helburua da auto-enpleguaren hautua egiten duten  edo enpresa-proiektu berriak martxan jartzen dituzten pertsonei babesa ematea. Horretarako, Udalak lau lan-lerroren inguruan lan egiten du: 1) Enpresa-proiektu berriak sortzeko dirulaguntzak.  2024an 75.000 eurotik gora banatu dira 12 enpresa-proiektu berritan; 2) Abian jarri dira, Debegesarekin erkalanean, HELDU! eta EHUNDU ekintzailetza berritzaileko programen bi edizio berri, zeinetan 8 proiektuk hartu duten parte;  eta 3) Udalak Debegesarekin eta BIC Berrilan Gipuzkoarekin batera dituen eta kudeatzen dituen 3 inkubagailuetara proiektuak erakartzeko ahalegina.  Inkubagailuen iazko okupazio-tasa % 60koa izan da.

Enpresa-proiektu berriak abiatzeko babesaz gain, Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak estrategia-lerro bat du, zeina enpresetan berrikuntza piztera zuzenduta dagoen, enpresak indartu eta haz daitezen.     

Hori lortze aldera, BPTD, Sportek Hub edo antzerako ekimenekin batera jarduten du lanean, Eibarko Industrien Ekosarea bezalako proiektu berritzaileak sustatzen ditu, eta  dirulaguntzak eskaintzen ditu berrikuntzaren alde lan egiteko. 2024an zehar, Eibarko 18 enpresak hartu dute parte Eibarko Industrien Ekosarea izeneko espezialitate-aholkularitzaren programan.  Esperietzia aintzindaria da, lehiakortasuna eta ingurugiro-jasangarritasuna batzen dituena. Bestalde, hainbat ekonomia-sektoretako 33 enpresak 140.000 euroko dirulaguntza jaso dute enpresak lekualdatzeko, handitzeko edo modernizatzeko, baita industria-enpresek izan ohi dituzten erronka teknologikoei aurre egiteko ere.

Laugarren estrategia-lerroak tokiko merkataritza bultzatzea du helburu. Horretarako, Udalak lankidetzan jarraitzen du Eibar Merkaraitza Gune Irekiarekin (EMGI), Dendarien Elkartearekin eta Gipuzkoako Merkatarien federazioarekin. Bat eginik indarrak batzen dituzte tokiko kontsumoa eta merkataritza indartzeko, Eibarko kaleak bizirik egon daitezen, enplegua bermatu dadin eta belaunaldi-erreleboa erraztu dadin. Ohiko jarduerez gain, lehen aldiz antolatu dira 2024an Braderie merkatua eta Eibar Modan izeneko desfilea. Halaber, ahalegin berezia egin da www.erosieibarren.eus guneari indarra emateko, plataforma gisa  hirugarren sektoreko erakusleiho izan dadin, merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen inguruko ekintza nagusiak bilduz.

Nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreari dagokionez, Eibarren pisu handirik ez duen arren, Udalak lanean jarraitzen du modu orokorrean lehen sektorea indartzeko estrategian, eta bereziki Errebal merkatua, zeinean 3 postu berri zabaldu diren 2024an. Herrian ibilbide luzea duten Lore Azoka eta Azoka Ekologikoa antolatzeaz gain, Basarrixa Hurretik programari ere jarraipena eman zaio, landa-eremua gazteengana hurbildu eta balioan jartzeko, baserrietara eta Errebal merkatura bisitak eginez lehen hezkuntzako ikasleekin, Debemenekin elkarlanean.   

Azkenik, Sailaren seigarren estrategia-lerroak turismoa bultzatu nahi du Eibarren. Sektore horrek —Eibarko industria-ondarea, historia eta gaur egungo baliabideak ikusita— gaitasuna du lanpostu eta proiektu berriak sortzeko. 2024an, ohiko bisita gidatuez gain, Eibarko industrien mapa argitaratu da, eta FITUR bisitatu; azoka horretan industria-turismoan ibilbide luzeagoa duten beste esperientzia batzuk ezagutu eta haiekin harremana izateko aprobetxatu da.   

Memoriak aipatutako 6 lerro estrategikoak ez ezik, Kontsumitzailearen Informazio Bulegoari buruzko informazioa ere jasotzen du; izan ere, KIB bulegoa Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren mende dago. Azken urtean, kontsumitzaileen bulegoak 1.493 kontsulta izan ditu, 163 erreklamaziotan bitartekaritza-lana egin du eta 3 hitzaldi antolatu ditu.

Memoria ikusteko interesa izanez gero, Udalaren web-orrian  (www.eibar.eus) dago eskuragarri Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren atalean.