Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak elkarretaratze-deia egin du Ukrainako herriari elkartasuna eta babesa erakusteko

2022/03/08

Ekitaldia bihar izango da, martxoak 9, 20:00etan, Untzaga plazan, eta 5 minutuko isilune bat egin ondoren Ukrainako bandera igoko da. Horrela, Eibarko Udalak bat egiten du EUDELek udal guztiei egindako deialdiarekin. Udalak laguntza humanitarioa bidali die ukrainarrei eta udal etxebizitza bat eskaini herrira datozenei harrera egiteko.

Eibarko Udalak, EUDELek euskal udal guztiei egindako deialdiari erantzunez, elkarretaratzea antolatu du biharko, martxoak 9, Untzaga plazan, Eibarko herritarrek ukrainar herriari babesa eta elkartasuna adierazteko.

Ekitaldia 20:00etan izango da, ahalik eta jende gehien batu ahal izateko. Bertan, 5 minutuko isilunea egingo da eta, ondoren, Ukrainako bandera igoko da, udaletxeko fatxadaren aurrean egongo den mastan.

Eibarko Udalak —Eibarren bizi diren pertsona ukrainarrei komunikazio berezi bat bidali die ekitaldiarekin bat egin dezaten— herritar guztiak gonbidatzen ditu elkarretaratzera joatera eta, horrela, eibartarrek beti erakutsi duten elkartasuna adieraztera.

Bilkura hau Udalak ukrainarrekin izan dituen beste keinuetako bat da, hala nola, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bidez bideratu diren 3.000 euroko laguntza humanitarioa Ukrainara bidaltzea, edo udal etxebizitza bat eskaintzea  6 pertsona hartzeko Ukrainako gerratik ihesi Eibarrera etor daitekeen jendearentzat.