Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Eibarren bizi den ukrainar talde bati lokal bat laga dio material-bilketa kanpaina bat egiteko

2022/03/18

Zezen Plazako erizaintzan jasoko da materiala martxoaren 21etik (astelehena) aurrera, Ukraina-Euskadi elkarteak eskatuta. Elkarteak berak egin du eskatzen den materialaren zerrenda, lehen sorospenetako eta osasun arloko produktuak, elikagaiak edo norberaren higienerakoak.

Eibarko Udalak doan eta aldi baterako laga dio herrian bizi den ukrainar talde bati Zezen Plazako erizaintzako lokala, Ukrainako herriari laguntzeko materiala biltzeko kanpaina berri bat abian jartzeko, Errusiako inbasioaren ondorioz herrialde hori pairatzen ari den krisi humanitarioaren aurrean.

Jon Iraola alkateak azpimarratu duenez, “lagapen hori Udalak Alkatetza honek eskatuta hartu dituen beste erabaki batzuekin bat dator, hala nola gerra hasi eta egun gutxira laguntza humanitario gisa 3.000 euro bidaltzea, edo ukrainar jatorriko pertsonak hartzeko udal-etxebizitza bat lagatzea. Gainera, gure udal-zerbitzuen bidez, beharrezko aholkularitza eskaintzen ari gara Eibarren bizi den komunitate ukrainarrari eta Ukrainatik ihesi datozenei, administrazio-errekerimenduak izapidetzeko behar duten guztian laguntzeko.

Ildo horretan, Iraolak gaineratu du “Ukrainako herritarren esanetara gaudela, beste herrialde batzuetako gerratik eta izutik ihes egin behar izan dutenekin egin dugun bezala. Harro esan dezaket Eibar hiri solidario eta abegikorra dela. Eta oraingoan ezin genuen kontrakoa erakutsi.”

Eibarko Udalak horrela erantzun dio Ukraina-Euskadi elkarteak kanpaina berrirako lokal bat emateko egindako eskaerari; kanpaina datorren astelehenean hasiko da, martxoaren 21ean.

Kanpaina honetan lagundu nahi duten pertsonak, egun horretatik aurrera, Zezen Plazako lokal horretara joan daitezke lanegun guztietan, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00era eta 17:30etik 19:00etara, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00era. Boluntarioak izango dituzte bertan zain.

Kanpaina berri honetarako, elkarteak material premien zerrenda egin du. Osasun-materialeko lehen laguntzako kit-ak, gasak, eskularru kirurgikoak, mantalak, bendajeak, antiseptikoak (ur oxigenatua, betadine), analgesikoak edo erreduretarako kremak eta partxeak eskatzen dira.

Elikagaien kasuan, prestatutako jatekoak eta galkorrak ez den janariak eraman daitezke, barratxo energetikoak, fruitu lehorrak, galletak, tea eta kafea, okindegiko irina eta legamia edo ume txikiendako jatekoak. Norberaren garbitasunerako, higiene-kitak, bizar-orriak, paper-zapi bustiak eta emakumeen higienerako produktuak eraman daitezke. Kandelak, pospoloak, linternak, pilak, lozakuak, esterillak, berogailuak, elektrizitate-sorgailuak edo luzagarri elektrikoak ere bai.

Bestalde, dohaintza ekonomikoak ere onartzen dira, Kutxabankeko kontu honetan egin daitezkeenak: ES16 2095 5001 0091 1443 7029. Horren titularra Asociación Socio-Cultural y de Cooperación al Desarrollo Ucrania-Euskadi da.