Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Eibarko Ingurumen Ekintza Plana 2025 onartu du

Udalak Eibarko Ingurumen Ekintza Plana 2025 onartu du

Arrate.

2019/01/04

Plana 2018ko abenduaren 21ean egindako Gobernu Batzarrean onartu zen.

2018an Eibarko Udalaren Ingurumen saileko lehentasunetako bat izan da hurrengo urteetan, zehatzago 2025 urtera arte, ingurumenaren arloan herrian jarraitu beharreko estrategia zein izango den finkatzea.

Horretarako, Udalak Eibarko Ingurumen Ekintza Plana landu du; plan horrek Eibarko 2025 Plan Estrategikoarekin (haren erronketako bat da herriaren trantsizio ekologikoa bultzatzea) eta Mugikortasunaren Plan Estrategiko eta Integralarekin batera, sailaren jarduera bideratu eta lehentasun batzuk ezarriko ditu hurrengo urteetan lan egiteko.

Gainera, egitasmo horrekin, Tokiko Agenda 21 ekintza-planen ebaluazio eta jarraipen-prozesuarekin bat egiten da; ekintza horiek, orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ihobek sustatu dituztenak, udalei laguntzen diete beren ekintza-planen kudeaketa aktibo bat izaten, haien gauzatze-mailaren ebaluazioan eta iraunkortasun-adierazleen kalkuluan oinarrituta. Horrek aukera emango dio udalari ingurumen-aldagai nagusienen eboluzioari buruzko informazioa izateko, programa horietan parte hartzen duten Udalsarea 21eko gainerako herriekin alderatzeko, eta herriko ingurumenaren egoeraz kontu emateko.

Egin beharreko ekintzen plangintza bat izatea, aktiboki kudeatzen dena ezarritako epe eta lehentasun batzuekin, eta gainera adierazleen eboluzioaren azterketarekin osatzen dena, modu egokia da arlo honetan udalaren jarduera ordenatzeko eta egituratzeko.

Eibarko Ingurumen Ekintza Plana dokumentua Udalaren gainerako indar politikoekin partekatu da Ingurumen Batzordean, eta Udalaren Gobernu Batzarrak onartu du joan den abenduaren 21ean.

Planak 5 ildo estrategiko argi zehazten ditu:

1.- Karbono urriko energia-eredu baten alde egitea eta herria aldaketa klimatikora egokitzea bultzatzea.

2.- Herriaren ingurumen-kalitatearen hobekuntzan eta baliabideen kudeaketa egokian aurrera egitea, ekonomia zirkularreko eredu batean oinarrituz.

3.- Natura-ingurunearen eta hiri-ingurunearen kudeaketa integral bat egitea, espazio degradatuak lehengoratzea bultzatuz.

4.- Mugikortasun jasangarria sustatzea, bai herri barruan bai herrien artean.

5.- Gobernantza-eredu bat eratzea herrian eta Administrazioan ingurumen-politikak sustatzeko.

Ildo estrategiko horietan oinarritzen dira Plana osatzen duten 16 programak eta 80 ekintzak.

Hala, eta Ingurumen Ekintza Planak ezarritakoa betez, 2019an Ingurumen sailak landuko duen lehen gaia aldaketa klimatikoaren aurkako borroka izango da.

Sailarentzat lehentasunezkoa da kontu horretan pausoak ematen hastea eta plan bat egitea aldaketa klimatikoaren aurkakoa. Horrekin lotuta, 2019ko aurrekontu-zirriborroan lerro bat ireki da erronka horri ekiteko, eta lehen urratsa Udalaren Plan Estrategiko bat egitea da.

2019an lantzen segituko dugun beste kontu bat da herritarren sentsibilizazioa ingurumenaren arloan; espero dugu sailak egiten dituen kanpainetan, hala nola Zuhaitz eguna, Mugikortasun Iraunkorraren Europar Astea edo hondakinak murrizteko eta birziklatzeko kanpainak, eibartarrek emandako erantzuna eta harrera orain arte bezain ona izatea. 2019an, eta lehenago azaldutakoaren harira, sentsibilizazio-kanpaina bat egingo dugu aldaketa klimatikoari buruzkoa.

Sentsibilizazio-kanpaina horiek oso garrantzitsuak dira eibartarren artean kultura eta kontzientzia ekologiko bat sortzen laguntzen dutelako, eta kontzientzia hori ezinbestekoa izango da etorkizunera begira. Horregatik, beharrezkoa da esparru horretan lan egiten jarraitzea.

Udalerriaren Ingurumen Ekintza Planaren beste erronka bat da gure natura-ingurunearen eta hiri-ingurunearen kudeaketa; alegia, garrantzitsua da iraunkortasunaren ikuspegitik egindako baso-lurren kudeaketa bat egitea, espezie autoktonoak berreskuratzea sustatuz.

Horretarako, zer dugun jakin beharra daukagu. Hala, 2018an, Sailak Udalerriaren Natura Ondarearen Inbentario batean jardun du lanean; ekimenak —Eskola Agenda 21en parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleen ideietatik abiatuta—  aukera ematen digu jakiteko zer dugun gure ingurune gertuenean eta zein diren indargune eta ahulezia nabarmenenak, hala, non eta nola esku-hartu erabakitzeko. Inbentario hori, jendaurrean laster aurkeztuko dena, lan-tresna ezinbestekoa izango da ingurune horren kudeaketa eraginkor eta egokia egiteko.

Eta gainera lanean jarraituko dugu Eskola Agenda 21 programan. 2019an, parte hartzen duten ikasleek hiri-hondakinen gaian sakonduko dute. Egia bada ere eibartarren birziklapen-tasa eskualdeko altuenetariko bat dela, % 57-58 ingurukoa, egia da ere ezin garela erlaxatu eta etengabe lanean jarraitu behar dugula Europako helburuak lortzeko, izan ere, gero eta zorrotzagoak baitira.

Halaber, gure ikastetxeetan eskola-ortuak bultzatzen segituko dugu, aurreko urteetan egin dugunaren ildotik.

Udal ordezkarien iritziz, Ekintza Plan bat izatea, Eibarko Ingurumen sailak hurrengo urteetan jarraituko duen estrategia ezarriko duena, oinarrizkoa da, zeren plan hori ibilbide-orria izango baita jakiteko non gauden eta nora iritsi nahi dugun. Ditugun baliabideak, bai ekonomikoak zein pertsonalekoak, mugatuak dira; hortaz, ahalik eta era eraginkorrean erabili behar dira. Eta horretarako, ezinbestekoa da hau bezalako Ekintza Plan batek eskaintzen dituen antolaketa eta segurtasuna.

Gainera, Ekintza Plan honen ezaugarrietako bat da Ingurumen Batzordean landu dela oposizioaren gainerako taldeekin; haietako batzuek (Eibarko EAJ-PNV eta EH-Bildu) ekarpenak eta iradokizunak egin dituzte, eta hainbat planean sartu dira.