Eibarko Udala

Udalak ehun bat LED argi jarri ditu Azitaingo industrialdean eta Romualdo Galdos kalean

2021/10/21
Romualdo Galdos kalean jarri diren LED argiak.
107 farola berri hauek lehendik herriko hainbat tokitan jarritakoei gehitu behar zaizkie, efizientzia energetikoaren alorreko planaren barruan. Aurrekontua 47.131.68 eurokoa izan da; diru hori sei urte baino gutxiagoan egongo da amortizatuta, kontsumo elektrikoa murriztu egingo baita.

Eibarko kaleak energia-eraginkortasuneko sistemez pixkanaka-pixkanaka hornitzeko udal-planak beste urrats bat eman du, Azitaingo industrialdean eta Romualdo Galdos kalean argiteria publikorako 107 LED argi berriren instalazioarekin; gehienak jarrita daude jada eta gainerakoak datozen egunetan ipiniko dira. Kopuru hori azken urteotan herrian jarri diren beste farola berriei gehitu behar zaie.

Azitaingo industrialdean guztira 74 argi aldatu dira eta Romualdo Galdos kalean 33.  Bi jarduketa hauek egiteko inbertsioa 47.131,68 eurokoa izan da; 7.838 Energiaren Euskal Erakundeak finantzatu ditu dirulaguntza baten bidez, eta gainerakoa Udalaren kontura izan da. Elektrikarien Udal Lantaldea ari da argiak jartzen, bere bitarteko propioekin.

Azitaingo industrialdean argiak aldatzeak urtean 56.655 KWH-ko aurrezpen bat ekarriko du energia-kontsumoan; eta Romualdo Galdosen kasuan, urteko aurrezpen zenbatetsia 12.399 KWH-koa izango da.  Hori guztia, argi berrien potentzia txikiagoari eta kontsumo urriagoari esker. Egindako kalkuluen arabera, inbertsioa sei urte baino gutxiagoan egongo da amortizatuta, energia-kontsumoaren faktura txikiagoa izango delako.

Eibarko kaleetan argiak aldatzeko eta LED sistema jartzeko plana 2014an jarri zen martxan. Une hartatik aurrera argiak aldatzen hasi ziren erdiguneko kaleetan eta hurrengo urteetan herriko beste leku batzuetan jartzen hasi dira.

Planak martxan jarraitzen du eta datozen urteetan Eibarko beste auzo eta toki batzuetan jarraituko dute argiak ordezten harik eta lan guztia osatu eta herriko kaleetako argiteria publiko guztiak LED sistema izatea lortu arte.  Plan hau Energiaren Euskal Entitateak aitortutakoa da, eta hura da jarduketak diruz laguntzen ari dena.

Eibarko Udala lan egiten ari da energia berriztagarriekin eta efizientzia energetikoko sistemen aplikazioarekin duen konpromisoa gauzatzeko.  Besteak beste, CO2 igorpenak murriztea, aurrezpen energetikoa eta energia berriztagarrien iturriak erabiltzea.

Jarduketa horien artean honako hauek egiten ari dira, argiteria publikoan argi tradizionalaren ordez LED motako beste batzuk jartzea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren alderdietan ingurumen-irizpideak bultzatzea, Eibar osoan materia organikoa biltzeko edukiontziak jartzea, leku jakin batzuetan biomasa-galdarak instalatzea edo eguzki-energiako panelak ipintzea.

Halaber, eskailera eta arrapala mekanikoetan energia aurrezteko sistemak aplikatu dira 'stop & go' sistemaren bidez, eta elektrizitate- eta gas-hornidurako kontratuak aldatzeko prozesu bati ekin zaio, energia- eta ekonomia-aurrezkiak lortzeko.