Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Egogain ingurua berrurbanizatzeko proiektua aurkeztu du, gaur egungo autobus-geltokian funtsezko hobekuntzak ekarriko dituena

Irudian, Jon Iraola alkatea, Egogain ingurua berrurbanizatzeko proiektuaren aurkezpenean.

Irudian, Jon Iraola alkatea, Egogain ingurua berrurbanizatzeko proiektuaren aurkezpenean.

2022/10/25

Gaur aurkeztutako proiektuak eremu osoa berrurbanizatzea aurreikusten du, espazio publikoak zabaltzen ditu eta lokal bat gehitzen du bidaiarien itxaronleku gisa, takilla eta komun publikoekin.

Eibarko Udalak, Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria zinegotziak eskainitako prentsaurreko batean, Egogain inguru osoa berrantolatzeko eta berrurbanizatzeko proiektua aurkeztu du gaur. Egitasmoak, besteak beste, funtsezko hobekuntzak aurreikusten ditu egungo autobus-geltokirako.

Gaur goizean egindako Hirigintza Batzordean aldez aurretik azaldu den proiektu honek kontuan hartzen ditu Egogaingo etxebizitza-bloke berriaren promoziotik eratorriko den urbanizazioa eta eraikuntzaren osagarri izango diren urbanizazio-obrak.

Horren haritik, eraikin berriaren fatxada-lerroa gainerakoen lerrotik atzerago geratu denez, espazio publikoa irabaztea lortu da eta espazio hori da kontuan hartu dena Egogain inguruko diseinu berria egiteko. 

Horrela, eraikinaren espazio osagarrian, helburutzat ezarri da eraikin berriaren ondoan espaloia handitzea (zuhaitz-lerro bat egongo da eta egonleku zabal bat eta autobusen maniobra-eremuan toki gehiago sortzea, egungo autobus-geltokia birdimentsionatu eta hobetu ahal izateko.

“Gobernu-taldeak -adierazi du Jon Iraolak- autobus-geltokia toki horretan izatearen alde apustu egin du beti, eta hala egiten jarraitzen du; izan ere, beste indargune batzuen artean, hiriaren erdian dago, eta intermodalitatea bermatzen du, beste garraio-konexio batzuetatik gertu dagoelako, hala nola Ardantzako tren-geltokitik eta taxi-geltokitik. Gainera, geltokitik hurbil dagoen merkataritza- eta ostalaritza-jarduera erakarpen-foku bat da gure herriarentzat, eta horrek sinergiak sortzea ahalbidetzen du."

Udal arduradunek zehaztu dute autobus-geltokia berrurbanizatzeko oinezkoentzako espazioa hobetuko dela, egungo dartsenak bi metro atzeratuz eta sei dartsenetako bat mugituz. Horrela, lortuko da geltoki-buruaren eta egungo espaloiaren irtengunearen ondoko oinezkoen espaloia handitzea.

Era berean, bi espaloiak zebra-bide berri batekin lotzeko proiektua egin da autobusen maniobra-eremutik kanpo geratzen den espazioan. Horrela, seigarren dartsena espaloiaren ondoan kokatuko da, kalean bertan.

Horrekin batera, Udalak geltoki berritua haren zerbitzura dagoen lokal batekin osatuko du. Lokal hori etxebizitza-eraikin berriaren beheko solairuan kokatuko da.  Egogainetik zein San Andres kaletik (eraikinaren atzealdetik) sartu ahal izango da lokal horretara, eta, horrela, Ardantzako tren-geltokiarekiko lotura erraztuko da. Bertan itxarongune bat egongo da erabiltzaileentzat eta hainbat zerbitzu jarriko dira, hala nola  takillak eta komunak.

Ana Telleria zinegotziak gogorarazi nahi izan du autobus geltokia Egogainen mantentzeko proiektu honek —zerbitzua hobetuz, orain planteatzen den bezala— bere garaian, Udalak eskatuta, Mugikortasunarekin lotutako gaietan espezializatutako Leber aholkularitza-enpresak egindako azterlan batek bermatzen duela.

“Azterketa horretan Eibarko autobus-geltokiaren balizko kokapenei buruzko alde onak eta txarrak aztertu ziren, eta Egogain kokapenik onena dela ondorioztatu zen. Horrela, adituen irizpidea bat etorri zen herritarren iritziarekin, zeinek, gehiengo handiz, beste aukera batzuk planteatuta geltokia Egogainen mantentzea erabakitzearen alde agertzen ziren” Telleriak azaldu duenez.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, Jon Iraola alkateak zera esan du: “Argi izan dugu beti Eibarko autobus-geltokiak Egogainen egon behar duela, eta helburu horren inguruan lan egin dugu, hobekuntzak planteatuz. Ez bakarrik kokalekurik onena dela uste dugulako, baizik eta gunea biziberritzeko eragina izango duten sinergiak ere sortzen dituelako, merkatariek, ostalariek eta, oro har, herritarrek adierazi diguten bezala”.

Horren harira, Iraolak hauxe gaineratu du: “Herritarrak eta garraio publikoaren erabiltzaileak, eibartarrak zein bisitariak, pozik daude geltokiak egun duen tokiarekin”.

Azkenik, prentsaurrekoan, udal-arduradunek komun publiko bat jartzeko proiektuaren berri eman dute, zeina paseatzeko gune hori erabiltzen duten pertsonei zuzenduta egongo den. Egogainetik Isasi kalera doazen eskailera mekanikoen ondoan egongo da komuna, eta autobus-geltokiko erabiltzaileei aldi baterako zerbitzua emango die harik eta autobus-geltokiaren etorkizuneko lokalean, etxebizitza berrien etxabean, komunak egin arte.