Eibarko Udala
garapen ekonomikorako laguntzak

Udalak dirulaguntzak ematen jarraitzen du herriko garapen ekonomikoa sustatzeko

2025/02/03
Eibarko Udala.
Eibarko Udala.
2024an 482.045,74 euro izapidetu ziren Berrikuntza eta Ekintzailetzarako.

Eibarko Udalak hainbat dirulaguntza eman zituen 2024an zehar, berrikuntza, trebakuntza, enplegua eta ekintzailetza sustatzera bideratuak, herriko ehun ekonomikoa dinamizatu eta enpresen garapena bultzatzeko asmoz. 482.045,74 euroko inbertsioarekin, dirulaguntza hauei esker, ekimen ugari eraman dira aurrera.

Jon Iraola Eibarko alkateak dirulaguntza hauen garrantzia azpimarratu du: "Funtsezko tresnak dira gure hiriko enpresa-sarea indartzeko, lan-aukerak eskaintzeko eta komunitatearen ongizateari lagunduko dioten proiektu berritzaileen garapena sustatzeko”. Bestalde, Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoko zinegotziak azpimarratu duenez, "ekintzaileei, tokiko enpresei eta lanbide-heziketari laguntzen jarraitzeko konpromsioa dugu, oinarrizko zutabeak baitira Eibarren etorkizun lehiakorrago eta jasangarriago baten alde egiteko”.

80.000 euroko guztizko kredituarekin, 2024ko Erronka teknologikoen lerroari esker, Eibarko industria-enpresen 16 proiekturi lagundu zaio, batez beste 5.000 euro esleituz ekimen bakoitzeko. Funtsak hainbat jardueratarako erabili ziren, besteak beste, berrikuntzarako elementuak erosteko, ekipamendua eta tresnak erosi edo alokatzeko, aplikazio informatiko espezifikoak garatzeko, proiektuak ikertu eta garatzeko, jabetza industriala eta intelektuala babesteko, eta baita produktuak merkaturatzeko bide berriak ezartzeko ere.

10.000 euroko kreditu bati esker, 12 pertsonak jaso zuten langabeen prestakuntzarako edo enplegua hobetzeko dirulaguntza. Finantzatutako prestakuntza-ekintzak hauxek izan ziren: profesionaltasun-ziurtagiriak (kasu 1), erdi-mailako (3 kasu) eta goi-mailako heziketa-zikloak (3 kasu), gidabaimenak lortzea (2 kasu), master-programak (kasu 1) eta hizkuntzetako prestakuntza (2 kasu).

60.000 euroko zuzkidurarekin, enpresak lekuz aldatzeko eta modernizatzeko/handitzeko laguntzak Eibarko denda, zerbitzu eta industrien 17 eskaera onartu zituen.

Aurrekontu handieneko dirulaguntza-lerroak, langabetuentzat bideratutakoak, 21 eskaera babesteko balio izan zuen. Lanbideren dirulaguntzaren bidez (262.734,86 €) 29 kontratu finantzatu ziren: emakumeentzat 17 eta 35 urtetik beherakoentzat 14. Sinatutako 26 kontratu lanaldi osokoak izan ziren.

Azkenik, "Ekintzailetza 2024" lerroaren bidez, 75.145,41 euro esleitu ziren 12 ekimenetarako. Hamalau eskaera finantzaketarik gabe geratu ziren kreditu faltagatik.

Frogatuta geratu da laguntza hauek funtsezko tresna direla enpresa-lehiakortasuna, lanbide-heziketa eta ekintzailetzaren garapena sustatzeko. Udalak berretsi egiten du bere konpromisoa ehun ekonomikoa babesten jarraitzeko eta enpresa-ingurune berritzaile eta jasangarriago bat sortzen laguntzeko, formaziorako estrategiak indartuz, eta eskualdeko ekonomia dinamizatzea bilatzen duten proiektu ekintzaileak lagunduz.