Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak dirulaguntza-lerro bat atera du Eibarko merkataritza-establezimenduak digitalki egokitzeko

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2020/07/14

100.000 euroko partida duen dirulaguntza maiatzean onartutako Plan baten parte da, eta helburua du osasun-krisiak sektore komertzialean dituen ondorio ekonomikoak arintzea. Komertzioko 2.000 eurora irits daitekeen dirulaguntza eskatzeko epea uztailaren 20an hasi eta irailaren 30eraino luzatuko da, egun biak barne.

Eibarko Udalak Covid-19ren osasun-krisiak eragindako ondorio sozioekonomikoak arintzeko abian jarritako talka-planaren barruan, lerro berri bat zabaldu da Eibarko merkataritza-establezimenduak digitalki egokitzeko.

Laguntza-lerro honetan diruz lagun daitezkeen gastuak, 100.000 euroko aurrekontua dutenak, merkataritza-establezimenduak kontsumo-errealitate berrietara digitalki egokitzeko eta dibertsifikatzeko egin beharreko inbertsioei dagozkienak izango dira; inbertsio horiek 2020ko martxoaren 14tik irailaren 30era bitartean egindakoak izan beharko dira.

Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira ekipamendu informatikoan egindako inbertsioak, hala nola marketin digitaleko produktuak eta estrategiak merkaturatzeko kanal berriak garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak diren ekipo eta programa informatiko espezifikoak; enpresaren web-orrien garapena, bai eta kasu bakoitzean daudenak egokitzea edo hobetzea ere; eta egokitzapen digitaleko eta/edo dibertsifikazioko proiektuak ezartzeko eta abian jartzeko aholkularitza-gastuak.

Dirulaguntza hauek jaso nahi dituzten establezimenduek baldintza batzuk bete beharko dituzte: besteak beste, plantillan 50 langile baino gutxiago egotea; merkataritza-jarduera jendearentzat zabalik dagoen merkataritza-lokalean egitea Eibarko mugen barruan; edo Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 2020ko martxoaren 14a baino lehen alta emanda egotea eta dirulaguntza hau eskatzen den egunean indarrean jarraitzea.

Gainera, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren honako talde edota epigraferen bat izan beharko da: elikagaien, edarien eta tabakoaren txikizkako salmenta establezimendu finkoetan; elikagaiak ez diren produktuen salmenta establezimendu finkoetan; era guztietako artikuluak, establezimendu txikiak; elikadura-zerbitzuak; arropa-garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak; edo ile-apaindegiak eta estetika-zentroak.

Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideen epea uztailaren 20an, goizeko 8:00etan hasi eta 2020ko irailaren 30ean, 13:00etan, amaituko da. Eskabideak elektronikoki soilik egin ahal izango dira, www.eibar.eus web-orriaren bidez (Bekak, Diru-laguntzak eta Laguntzak atalean). Ildo horretan, adierazi behar da laguntza eskatzeko sistema uztailaren 20ra arte ez dela webgunean gaituko.

Eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Enpresaren nortasun juridikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.
  • Legezko ordezkaritzaren kasuan, ordezkaritza hori egiaztatzeko dokumentuak.
  • Eskatzailearen banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria.
  • Azken hilabeteko langileen izen-abizenen zerrenda.
  • Egindako gastuen fakturak.
  • Beste erakunde batzuei dirulaguntzak eskatu bazaizkie, egindako dirulaguntza eskaera horien zerrenda, edo bestela, jaso diren dirulaguntzena, zenbatekoa eta helburua zehaztuz.

Hala badagokio, dirulaguntzaren portzentajea onartutako gastu eta inbertsioen % 50ekoa izango da; nolanahi ere, lokal bakoitzeko emandako gehieneko dirulaguntza 2.000 eurokoa izango da. Merkataritza-lokal batean baino gehiagotan egindako inbertsioen kasuan, enpresa bakoitzeko gehienez ere 4.000 euro emango dira.  

Udalak dirulaguntza-lerro honetarako ezarritako partida 100.000 eurokoa izan arren, behin diru guztia agortuta eskabideak erantzun barik geratu badira, handitu ahal izango da partida eskabide guztiei erantzun ahal izateko.

Dirulaguntzetarako eskabideak aurkezten direnetik aurrera, horiek ebazteko prozesua hasiko da; horrela, deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, laguntzak gehienez ere hiru hilabeteko epean ordainduko dira, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, Hala, eskabideak plataforma digitalean erregistratu ahala joango dira baloratzen.