Eibarko Udala
etxebizitza

Udalak diagnostiko bat eta ekintza-plan bat bultzatu ditu, 1 Barrutia Bizitegi-Merkatuko Tentsio-Eremu izendatzeko

2026/01/08
Eibar
Eibar.

5 urtean alokairuaren prezioa % 20,3 igo denez, 1 Barrutia ezarritako lege-atalasearen gainetik dago. IKEl Research & Consultancy aholkularitza-enpresarekin batera egingo den azterlanak aukera emango du hiru urtera begirako neurri zehatzak hartu eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean eskabide formala aurkezteko.

Eibarko Udalak, IKEl Research & Consultancy aholkularitza-enpresa espezializatuarekin lankidetzan, proiektu estrategiko bat jarri du abian, zeinaren bitartez, udalerrian etxebizitza eskuratzeko orduan dagoen egoera sakon aztertuko den,  eta aurrera egingo den 1 Barrutia  Bizitegi-Merkatuko Tentsio-Eremu izendatzeko asmoan, maiatzaren 12/2023 24 Legeak, etxebizitza-eskubideari buruzkoak, dioenari jarraituz.

Ekimenaren oinarria aurretik egindako azterlan bat da, berresten duena 1 Barrutiak bete egiten dituela legeak tentsio-eremu izendatzeko ezarritako baldintzak, nahiz eta  udalerriak bere osotasunean ez dituen betetzen. Zehazki, eremu horretan alokairuaren prezioak % 20,3ko igoera izan du azken bost urteetan, eta, hori horrela, legeak tentsio-egoeratzat hartzeko zehazten duen atalasea gainditu egiten da.

Bizitegi-merkatu tentsio-eremuak izendatzea aurreikusita dago biztanleriaren zati esanguratsu batentzat etxebizitza-eskaintza nahikoa edo ekonomikoki eskuraezina izateko benetako arriskua duten eremuetarako. Hala, Udalak bultzatutako proiektuak helburu bikoitza du: batetik, etxebizitzaren egoera demografikoari, sozioekonomikoari eta merkatuaren egoerari buruzko diagnostiko zorrotza eta eguneratua eskaintzea herriari; eta, bestetik, hiru urterako ekintza-plan espezifiko bat egitea, modu eraginkorrean eta koordinatuan esku hartu ahal izateko.

Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, “etxebizitza gure garaiko gizarte-erronkarik nagusiena bihurtu da, baita Eibarren ere. Azterlan honek aukera emango digu datu objektiboetan oinarritutako erabakiak hartzeko, arazoei aurrea hartzeko eta politika publikoak etxebizitza duina izateko eskubidea bermatuko duten irtenbide errealetara bideratzeko, batik bat gazteei eta familiei begira”.

Proiektuak hiru fase nagusi izango ditu: Lehenengoan, diagnostiko sakon bat egingo da etxebizitza babestuaren eskaria, alokairu eta salerosketako merkatuaren ezaugarriak eta etxebizitza-politika publikoen eragina aztertze aldera, eta horretarako estatistika-iturri ofizialak eta Udalaren beraren datuak hartuko dira oinarri.

Bigarrenean, berariazko ekintza-plan bat egingo da, zeinean, prozesu parte-hartzaile baten bidez, udaleko hainbat sailek hartuko duten parte, hala nola Hirigintzak, Gizartekintzak, Gazteriak edo Berdintasunak. Lan-tailerrak egingo dira, datozen hiru urteetako lehentasunak eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiteko beharrezkoak diren adierazleak zein diren identifikatu eta adosteko.

Azken fasean justifikazio-memoria bat idatziko da aplikatu beharreko lege-esparrua eta diagnostikoaren laburpena jasoko dituena, legearen araberako baldintzak eta proposatutako neurriak betetzen direla egiaztatuz.  Dokumentu hau 1 Barrutia eremu tentsionatu izendatzeko eskaeraren eta Eusko Jaurlaritzarekin izango diren harremanen oinarri izango da.

Hirigintza Saileko zinegotzi Luis Vicente Castellanosen esanetan, “lan  honek etxebizitzaren gaiari ikuspegi integral eta planifikatutik heltzea ahalbidetzen digu. Arazo bat egiaztatzetik harago doa; izan ere, neurri zehatz, ebaluagarri eta koordinatuak definituko dira udal arlo desberdinen artean, merkatuaren desorekak zuzentzea helburu”.

Azterlanak hiru hilabete inguru iraungo du, hamabostean behin jarraipen-bilerak egingo dira eta lanak zatika joango dira entregatzen. Dokumentu guztiak euskarri digitalean eta ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) aurkeztuko dira. Proiektuak IKEI aholkularitzaren diziplina anitzeko talde bat izango du, etxebizitza-politiketan eta planifikazio estrategikoan eskarmentu handia duena. Horrez gain, Eibarko Udaleko teknikariek eta politikariek ere modu aktiboan hartuko dute parte. 

Bestalde, bermatu egingo da genero-ikuspegia txertatuko dela proiektuaren fase guztietan, hizkera ez-sexista erabiliko dela eta gutxieneko baldintzak beteko direla kalitateari, ingurumenari eta lan-arriskuei dagokienez.