Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak deialdi bat egingo du beste behin formazio-ekintzak egiten dituzten langabeei edo lana hobetu nahian ari direnei dirulaguntzak emateko

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2022/07/21

Gehienez 500 euroko laguntza eman ahal izango da pertsona bakoitzeko, eta sartuta egongo dira prestakuntza-jardueraren gastuak, beharrezko materialak edota joan-etorrien kostuak. Diruz lagunduko da Lanbide Heziketako gradu ertain edo goi-graduak egitea, eta enplegagarritasuna handitzen duten ekintzak, hala nola hizkuntzen ikastaro ofizialak edo gidatzeko karneta ateratzea.

Formazio-jarduerak egiten dituzten langabeek zein enplegua hobetu nahi duten pertsonek aurten ere udal-dirulaguntzak jasoko dituzte. Udalak programa honen beste edizio bat jarri du abian, eta 15.000 euroko partida bat esleitu du horretarako. Dirulaguntzen onuradun izango dira Eibarren erroldatuta egon eta unibertsitate mailakoak ez diren prestakuntza-jarduerak egiten dituzten pertsonak, baldin eta jarduerak 2021eko irailaren 1etik aurrera hasi eta 2022an zehar amaitzen badira; edo 2022an hasi eta 2023ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen badira.

Prestakuntza honek enplegagarritasuna hobetzea du helburu eta lan-merkatuan sartzeko aukera gehiago ematea. Ez dute dirulaguntzarik jasoko 2021eko deialdian jada eskatu ziren  prestakuntza-jarduerak, salbu eta ikastaro desberdinak badira edo goragoko maila batekoak.

Diruz lagunduko da lanbide-heziketako gradu ertain edo goi-gradu bat egitea, eta enplegagarritasuna handitzen duen beste edozein kurtso egitea, baita hizkuntza-ikastaro ofizialak ere, euskara izan ezik. Sartzen dira baita ere gidatzeko karneta ateratzeko kurtsoak, A motakoa izan ezik (motozikletak).  Dirulaguntza formazio-jarduera batengantik bakarrik eskatu ahalko da, hau da, ezingo da pertsonako dirulaguntza-eskaera bat baino gehiago egin.

Laguntza hau eskuratzeko baldintzak dira Eibarren erroldatuta egotea, gutxienez, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera; 23 urte edo gehiago izatea, 2022ko urtarrilaren 1ean; eta langabezian egotea edo lana hobetu nahian eskabidea egiteko unean, alegia, urtebetetik beherako eta iraupen jakineko kontratuak izatea, lanaldi partzialekoak eta 1.200 eurotik beherako hileko ordainsari garbia —aparteko ordainsarien hainbanaketa barne— duten kontratuak edukitzea.

Beste baldintza bat da eskatzaileak formazio-jarduera erabat gainditzea, beraz, formazio-jarduera eta hura osatzen duten ikasgai guztiak gaindituta izan behar ditu.  Hizkuntza-ikastaroen kasuan, formazio-jarduera erabat gainditutzat emateko titulazio ofizial bat eskuratu beharko da.   Gidabaimena eskuratzeko ikastaroen kasuan, baimena lortzea izango da baldintza.

Eman daitekeen gehieneko dirulaguntza pertsonako 500 eurokoa izango da.  Dirurlaguntzaren barruan sartzen dira formakuntza-jardueraren kostua, Lanbideko prestakuntza-zentroen direktorio barruan dauden prestakuntza-zentroetako batean egiteko beharrezkoak diren materialak, eta heziketa-zentrora joateko garraio-gastuak.

Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea, gaur, uztailak 21, hasi eta 2022ko urriaren 28an amaituko da. Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira (Pegorako bulegoetan), elektronikoki www.eibar.eus  udal webgunearen bidez, edo Administrazio Publikoen erregistroetan.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak hauexek dira: eskabidea bera, behar bezala beteta (Pegoran eta Udalaren webgunean dagoen ereduaren arabera); eskatzailearen NANa; eskatzailearen banku-kontuaren titulartasunaren justifikazio-agiria; prestakuntza-jardueraren matrikula-orria; langabezian egonez gero, Lanbidek emandako inskripzio-aldien ziurtagiria; eta enplegua hobetzeko egoeran egonez gero, lan-kontratua eta azken hiru nominak.

Jon Iraola alkateak hauxe adierazi du: “Berriz ere abian jartzen dugu programa hau, oso aukera ona baita langabetuak lan-mundura itzuli ahal daitezen, edo, ezagutza berriak eskura ditzaten beren lanean hobetu ahal izateko. Gaur egungo egoeran, non merkatua gero eta lehiakorragoa den eta formazioa ezinbestekoa, Eibarko Udalak pertsona horiengandik gertu egon nahi du eta bide bat eskaini beren hobekuntza profesionalerako".