Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak beste urrats bat eman du Txonta auzoa biziberritzeko, Plan Orokorra aldatuz

Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Hirigintzako zinegotziak prentsaurrekoa eman dute Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala aurkezteko.

Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Hirigintzako zinegotziak prentsaurrekoa eman dute Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala aurkezteko.

2024/03/05

Aldaketa Udalbatzak onartu beharko du. Horrek aukera emango du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak auzoan esku hartuta, babes ofizialeko 200 etxebizitza eraiki eta aisialdiko guneak sortzeko. Aldaketa puntualak, halaber, bere gain hartuko ditu Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 zenbakiak.

Jon Iraola Eibarko alkateak eta Ana Telleria Hirigintzako zinegotziak gaur goizean aurkeztu dute Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren aldaketa puntuala, zeinak auzoaren planeamendua prestatzea duen helburu, etorkizunean hirigintzaren aldetik auzoa garatu eta berroneratu ahal izateko.

Batetik, aldaketa honek aukera emango du Txontako hegoaldean Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko alokairuko 200 etxebizitza eraiki ditzan. Inbertsio hori Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen 2020ko otsailean, eta haren helburua da babes ofizialeko etxebizitza-premiari erantzutea eta auzoa biziberritzen laguntzea. Horretarako, bai Udalak bai Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuten 2021ean.

Jarduketa honek lagundu egingo du Txonta auzoaren eraberritze integral bat burutzen. Batetik, espazio libreak sortuko dira auzoaren bihotzean, eta Txonta kalea oinezkoentzako gune bihurtuko da, hala, erdigunearekiko duen mendekotasuna murriztuz.  Bestetik, oraingo egoera hobetuko da, bi noranzko izango dituen bide bat egingo baita, auzoa iparretik hegora zeharkatuko duena, oinezkoen segurtasuna hobetuz. Eta, azkenik, lehendik dauden eraikinen ingurunea ere hobetuko da.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak milioi askoko inbertsio bat jarri zuen herriaren esku, zehazki, auzoaren hegoaldeko partearentzat, eta ezin genuen aukera hori galtzen utzi. Horregatik, hilabeteak daramatzagu lanean gure planeamenduaren aldaketa puntual hau planteatzeko; izan ere, auzoaren premia nagusiei erantzuteaz gain, herriaren, eta, zehazki, Txonta auzoko bizilagunen interesi begira diseinatu baita; haiek izango dira-eta inbertsioaren zuzeneko onuradunak.”

Halaber, aldaketa honek antolamendu berri bat jasotzen du auzoaren ipar partearentzat, alegia, Urkizuko pasealekutik gertuen dagoen ingurunearentzat, non etorkizunean hirigintza-garapen bat aurreikusten den eremuaren jabe nagusia den eragile pribatu baten eskutik.

Planeamenduaren aldaketa puntuala, Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 zenbakientzat

Era berean, Txontarako egin beharreko lana baliatuz, Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 zenbakientzako planeamenduaren aldaketa Udalbatzaren onespenerako jarriko da.

Errekatxu kaleko 17 eta 19 zenbakietan dauden eraikinen egoera txarrak, eta 21 zenbakiko etxebizitza desagertu izanak premiazko egiten dute ingurua berroneratzeko esku-hartze bat egitea; eta aldaketa honek erantzun egiten dio eraikin horietako auzokide batzuek adierazitako premiari, planeamendu berri baten beharra baitzuten beren etxebizitzen arazoak konpontzeko soluzio bat bilatze aldera.

Ana Telleria Hirigintzako zinegotziak zera adierazi du: “Planeamenduaren aldaketa honen bidez, aukera ematen diegu zenbaki horietako bizilagunei beren etxebizitzen egungo egoerarako konponbide egokiak aztertu, planteatu eta gauzatu ahal izateko. Bai alderdi politikotik, bai alderdi teknikotik (udal-arkitekto andrearekin), ikusi genuen kaleari antolamendu berri bat ematea bide bat izan zitekeela bizilagunen arazoak konpontzeko, eta berehala ekin genion lanari.”

HAPOren aldaketa puntualaren proposamena lantzeko prozesuarekin landutako material guztia udal-webgunean argitaratuko da, eta udal-bulegoetan ere eskuragarri egongo da.

Jendaurrean jarriko den aldaketa puntuala Udalbatzak onartu beharko du, aurki egingo den ezohiko batzar batean.

Lehendik dauden etxebizitzak eta Gisastubideko AIBE zenaren eraikina birgaitzea

Hau guztia gehitu behar zaio auzoan lehendik dauden etxebizitzak birgaitzeko martxan dagoen egitasmoari  (221 etxebizitza, Txonta kaleko 2, 3, 5, 15, 17, 25, 27, 29, 36, 38, 40, 42, 44, 46, 48, 50 eta 52 zenbakietan kokatuak). Proiektu hau ia amaitzear dago eta Eusko Jaurlaritzak, Eibarko Udalak eta Next Generation funtsek finantzatzen dute.

Hasiera batean, Txonta birgaitzeko proiektua auzoko 17 pegora eta 224 etxebizitzatarako zen, baina pegoretako bik proiektuan ez sartzea erabaki zuten; beraz, proiektuan, guztira, 187 etxebizitza sartu ziren.  

Horrela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2017ko amaieran Txonta auzoari 2.300.000 euro eman zizkion (zenbateko hori 2.535.000 euroraino gehitu zen 2020ko uztailean), Next Generation funtsetatik  2.150.000 euro etorri ziren, eta Eibarko Udalak 400.000 euroko ekarpen gehigarria egin du, birgaitze-obrak egiteko jabeen erkidegoei aitortutako gainerako dirulaguntzen zenbatekoa aurreikusitako partiden zenbatekoaren (BEZ barne) % 60 baino txikiagoa den kasuetarako.

Ondorioz, auzoan jada 5.000.000 euro inguruko inbertsio bat egin da.  

Gogorarazi behar da birgaitze-proiektu honen xedea, batetik, igogailuak eta arrapalak instalatzea dela eta etxebizitzen irisgarritasuna bermatzeko balio duen beste edozein obra egitea, eta, bestetik, eraikinaren inguratzailea hobetzen laguntzea (fatxadak, teilatua, hegalak). Halaber, energiaren kontsumoa murrizteko, beste jarduera batzuk egin ahal izan dira norbere borondatez, hala nola galdara indibiduala ordeztea errendimendu altuko gas naturaleko beste batez; ur beroa lortzeko sistemak ezartzea eguzki-xafla termikoen bidez; edo berogailu-sistemak eta ur bero zentralizatua izatea, biomasa-galdara edo energia berriztagarriko beste sistema batzuk jarrita.

Bestalde, EUROPAN 17 proiektuaren barruan aurreikusita dago AIBE enpresak Gisastubide kalean zuen eraikin zaharra birgaitzea eta gazteentzako zuzkidura-bizitoki bihurtzea. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila arduratuko da proiektu hori gauzatzeaz, eta, horretarako, udal-gobernua gestioak egiten ari da gaur egun.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Alkatetzara iritsi nintzenetik, esfortzu ekonomiko handia egiten ari gara erabiltzen ez diren industria-eraikinak erosi eta balioan jartzeko.  Horren adibide da Hijos de Gabilondo eta Lapeyra eraikina erosi izana. Biak ere Barrena kalean, eta bi proiektu desberdinekin,  gure herriko premiei erantzuteko. Orain, ildo beretik jarraitu behar dugu Txontan, eta AIBEn hasiko gara, eraikinean zuzkidura-etxebizitzak eginez. Betiere beste erakunde batzuen babesarekin eta haiekin lankidetzan, haiek ahalbidetzen baitute gure herriarentzat eta eibartarrontzat hain garrantzitsuak diren proiektuak egitea."