Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak beste behin abian jarri du Eibarko enpresak lekualdatu, handitu edo modernizatzeko dirulaguntzen programa

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/04/26

Aurten 20.000 euroko partida bat bideratu da, eta dirulaguntza eskatzeko epea azaroaren 5era arte egongo da zabalik. Udal dirulaguntzaren zenbatekoa egindako gastuen % 90ekoa izango da: gehieneko zenbatekoa 5.000 euro izango da, edo 10.000 euro industria-enpresen kasuan.

Eibarko Udalak beste behin deitu du herriko enpresak lekualdatu, handitu edo modernizatzeko dirulaguntzen edizio berri bat. Aurten xedatutako partida 20.000 eurokoa izango da, baina, hala ere, behin kreditua agortuta erantzun gabeko eskabideak egongo balira, handitu egin ahalko litzateke aurrekontu-partida. Programa hau Garapen Ekonomikoaren Sailak martxan jarritako ekimenetako bat da, eta haren helburua da Eibarko enpresen jarduera babestea eta enplegua sustatzea.

Dirulaguntzak jaso ahal izateko, enpresa eskatzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola enpresa-jarduerak Eibarren izatea bere egoitza sozial eta fiskala eta lanlekua ere herrian egotea; udal jardueren lizentziei buruzko indarreko araudia betetzea; eta enpresaren instalazioak Eibarko udal-mugartean lekuz aldatu edo handitu/modernizatu izana edo Eibarrera lekualdatu izana 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra. Halaber, EJZn alta emanda egon beharko dute 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen.

Dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta 2021eko azaroaren 5ean amaituko da. Eskaerak elektronikoki egin beharko dira www.eibar.es udal webgunearen bidez, ‘Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak’ atalean, deialdian zehazten den dokumentazioarekin batera.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek izango dira: lekualdatu/ handitu/modernizatzeko behar den aholkularitzari (fiskala, laborala, teknikoa, juridikoa, administratiboa edo kontabilitate arlokoa) dagozkionak; jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioari dagozkionak; lokala eraberritzeko eta egokitzeko obrak; edo instalazio teknikoetan, makinerian, tresnerian, altzarietan, informazio-prozesuetarako ekipamenduetan edo aplikazio informatikoetan egindako inbertsioak.

Udal dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90 izango da, eta gehieneko kopurua  3.000 eurokoa. Industria-enpresen kasuan, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.   Dirulaguntzaren helburua bete duela justifikatzeko eta jasotako dirua zertan erabili den justifikatzeko epea 2022ko martxoaren 4an amaituko da.

Dirulaguntza hau jaso ahalko dute pertsona juridikoek, sozietate zibilek eta ondasun erkidegoek, betiere dirulaguntza ez badute bazkideek nork bere izenean eskatzen. Dirulaguntza hauek eskuratzeko aukeratik kanpo geratzen dira partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta diru- irabazi asmo gabeko fundazioak eta elkarteak, salbu eta Eusko Jaurlaritzak laneratze-enpresatzat kalifikatu eta laneratze-enpresen erregistroan inskribatuta daudenak, baldin eta sortu berriak badira.

Dirulaguntza-programa honen lehen edizioa 2016koa izan zen, eta, harrez geroztik Eibarko Udalak 16 enpresari eman die laguntza, bai haien instalazioak handitzeko, baita kanpoko enpresak gure herrian finkatzeko ere.

Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza Saileko zinegotzi Ana Telleriaren hitzetan “5 urte daramatzagu dirulaguntza hauek ematen eta egiaztatu ahal izan dugu dirulaguntza honek zuzenean eragiten duela gure herriaren industria-errealitatean, aukera garbi bat delako Eibarren finkatuta dauden enpresek beren instalazioak hobetzeko, eta, beraz, beren jarduera indartu eta are handitzeko, bai eta enpresak gure herrira erakartzeko ere".