Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak berriz ere martxan jarri ditu Eibarko enpresei laguntzeko bi programa

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2022/07/22

Batetik, enpresa txiki eta ertainak lekualdatzeko, handitzeko edota modernizatzeko 45. 000 euroko partida bideratu du, eta, bestetik, lehiakortasuna hobetzeko programarako 100.000 euro. Programa hauek Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak abian jarritako ekimenen parte dira, eta haien helburua da Eibarko enpresen jarduera babestea eta enplegua sustatzea.

Udalak Eibarko enpresei laguntzeko gehien eskatzen diren proiektuetako biren edizio berri bat deitu du.

Alde batetik, epea ireki da dagoeneko Eibarko enpresak lekuz aldatzeko, handitzeko edota modernizatzeko programarako eskabideak aurkezteko. Udalak 45.000 euroko partida bideratu du programa horretarako, baina kreditu hori agortu eta eskaerak  erantzun gabe geratzen badira, aurrekontu-partida handitu ahal izango da.

Dirulaguntzak jaso ahal izateko, enpresa eskatzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola enpresa-jarduerek Eibarren izatea bere egoitza sozial eta fiskala eta lanlekua ere herrian egotea; udal-jardueren lizentziei buruzko indarreko araudia betetzea; eta enpresaren instalazioak Eibarko udal-mugartean lekuz aldatu edo handitu/modernizatu izana edo Eibarrera lekualdatu izana 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra. Halaber, EJZn alta emanda egon beharko dute 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen.

Dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea gaur, uztailak 22, zabaldu da eta 2022ko azaroaren 4an amaituko da. Eskaerak elektronikoki egin beharko dira www.eibar.es udal webgunearen bidez, ‘Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak’ atalean, deialdian zehazten den dokumentazioarekin batera.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek izango dira: lekualdatu/ handitu/modernizatzeko behar den aholkularitza (fiskala, laborala, teknikoa, juridikoa, administratiboa edo kontabilitate arlokoa); jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioari dagozkionak; lokala eraberritzeko eta egokitzeko obrak; edo instalazio teknikoetan, makinerian, tresnerian, altzarietan, informazio-prozesuetarako ekipamenduetan edo aplikazio informatikoetan egindako inbertsioak.

Udal-dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90koa izango da, eta gehieneko kopurua 5.000 eurokoa. Industria-enpresen kasuan, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.  

Dirulaguntza hauek eskuratzeko aukeratik kanpo geratzen dira partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta diru- irabazi asmo gabeko fundazioak eta elkarteak, salbu eta Eusko Jaurlaritzak laneratze-enpresatzat kalifikatuta daudenak eta laneratze-enpresen erregistroan inskribatuta daudenak, baldin eta sortu berriak badira.

Eibarko enpresen lehiakortasuna hobetzeko programa

Abian jarritako bigarren programa bederatzigarren urtez jarraian egiten da eta helburua da Eibarko 50 langile baino gutxiagoko ETEen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak ematea, horietan proiektu estrategikoak garatzeko.

Udalak 100.000 euroko partida bat bideratu du programa honetarako; nolanahi ere, baimendutako kreditua agortuta eskabideak erantzun barik geratzen badira, aurrekontu-partida handitu egin ahalko da.

Lau kontzeptutan lagunduko zaie diruz programan parte hartzen duten enpresei.  Lehenik, berrikuntzan (produktuena, zerbitzuena edota prozesuena), nazioartekotzean eta proiektuen finantzazioan espezializatutako aholkularitza.  Hemen sartzen dira enpresen lehiakortasuna hainbat arlotatik hobetzeko ekintzak, hala nola arlo digital edo legaletik, enpresa-coachingetik eta giza baliabideetatik. Atal honetan, programak egindako ekintzen kostuaren % 30eraino finantzatuko du.

Bigarren atalean sartzen dira produktuetan, zerbitzuetan eta prozesuetan berrikuntza esanguratsuak —hortik lehiakortasun-abantailak eratortzea espero da—sartzera zuzendutako elementuak eskuratzeko finantzazioa, bai eta produktu berriak eta egungo prozesuak garatzearekin estu lotuta dauden elementuak ere.

Kasu honetan honakoak lagunduko dira diruz: berrikuntza- edota digitalizazio-proiektuak diseinatu, garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren ekipoak, tresnak edo beste bitarteko batzuk erostea edo alokatzea; inbertsioak ekipamendu, makineria eta instalazio teknikoetan; aplikazio informatikoen ezarpena; proiektuak ikertzeko eta garatzeko gastuak; jabetza industrial eta intelektualaren babesa; eta produktuak merkaturatzeko bide berriak ezartzea marketin digitaleko estrategiak sustatuz.  Kasu hauetan, % 80raino finantzatuko da.

Eta diruz lagunduko den hirugarren atalean sartzen dira nazioartekotzea sustatzeko ekintzak, hala nola kanpoko merkatuetan bazkideak, banatzaileak, eragileak eta bezeroak bilatzera zuzendutako jarduerak (% 50eraino finantzagarriak); nazioartekotze-plan bat egitea (% 80raino finantzagarriak).  Eta, azkenik, aurtengo deialdiko berritasun gisa, TicketBai indarrean jartzera bideratutako ekintzak eta inbertsioak ere % 80raino lagunduko dira diruz.

Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte Eibarren lantokiren bat duten enpresek, azken sei hilabeteetan 50 langile edo gutxiago badituzte plantillan, eta deialdian zehazten diren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren talderen baten barruan zergak ordaintzen badituzte.

Dirulgauntzaren zenbatekoari dagokionez, 12 langiletik beherako enpresen kasuan gehieneko zenbatekoa 5.500 eurokoa izango da; 12 eta 25 langile bitarteko enpresetan 5.200 euro; eta 25 langiletik gorako enpresetan 4.750 euro. Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren 3. mailan sailkatuta dauden enpresen kasuan, dirulaguntzak 1.000 euro gehiagoko zenbatekoa izango du.  Enpresa bat baino gehiagoren arteko baterako proiektuen kasuan, enpresa bakoitzarentzako zenbatekoa % 25ean handituko da.

Dirulaguntza hauek eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea gaur, uztailak 22, hasi eta aurtengo azaroaren 12an amaituko da. Lehiakortasunaren hobekuntzara bideratutako azterlanak eta ekintzak egiteko epea 2022ko abenduaren 31n amaituko da.

Dirulaguntzen eskaerak elektronikoki egingo dira www.eibar.eus udal webgunearen bidez. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.)

Programa hauek Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak martxan jarritako ekimenen parte dira, eta haien helburua da Eibarko enpresen jarduera babestea eta enplegua sustatzea.

Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Eibarko enpresei laguntzea eta lehiakorragoak izatea bereziki garrantzitsua da egungo egoera aldakor eta zailean, non ez baita erraza leku bat egitea edo enpresa bakoitzaren berezitasuna nabarmentzea.  Horregatik, halako laguntzak, hain finkatuak daudenak Udalaren programan, bereziki baliagarriak dira enpresei egungo egoera ekonomikoan errazago moldatzeko behar dituzten tresnak emateko.”.