Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak badu dagoeneko Ipurua II eraikinaren aurreproiektua, hiriko kirol-eragileen beharrei erantzungo dieten erabilerak eta zerbitzuak zehaztuko dituena

Ipuruako kiroldegiaren artxiboko irudia.

Ipuruako kiroldegiaren artxiboko irudia.

2023/05/12

Dokumentuak egokitzapenak eta hobekuntzak izan ditzake, baina oinarriak ezartzen ditu behin betiko proiektua egiteko. Egingo den eraikin berriak ahalbidetuko du kirol-ardatz bat sortzea futbol-zelaitik Ipuruako kiroldegiko kanpoko igerilekuetaraino; elizaren egitura eta komentu zaharraren arkupea mantendu egingo dira. Udalak, agintaldi honen hasieratik, 1,2 milioi euro baino gehiago eman dizkie dirulaguntzetan Eibarko kirol-klubei.

Eibarko Udalak badu dagoeneko Ipuruako kiroldegi berriaren aurreproiektua, Ipurua II izenekoa. Bertan, instalazio berriaren diseinua eta eskainiko dituen erabilerak eta zerbitzuak jasotzen dira. Instalazio hori Moja Kontzepzionisten udal-jabetzako komentu zaharraren lursailetan kokatuko da; eraikin berria libre geratzen den espaziora egokituko da, elizaren eraikina eta sarrerako arkupea mantenduz, Udalak aurreproiektua egiteko prozesua hastean agindu zuen bezala.  

Dokumentuak, halaber, Ipuruako kiroldegiko instalazioak berregituratzeko asmoa ere jasotzen du.

Udalak azken hilabeteetan hainbat kirol-eragilek (klubak, elkarteak, erabiltzaileak) dituzten beharrak bildu ditu, eta, horregatik, aurreproiektuak behar horiei erantzuteko irtenbide bideragarrienak jasotzen ditu.

Horrela, igerileku-gune berri bat sortzea aurreikusten da, hainbat neurritako lau ontzirekin, egungo igerileku estaliaren edukiera metro kubikotan bikoiztuko duena. Era berean, saskibaloiko hiru pista sortuko dira, beste kirol batzuk egiteko egokitu ahal izango direnak; aire zabalean kirola egiteko gune bat jarriko da; eraikinaren estalkiaren gainean aisialdirako terraza zabal bat egingo da, eta kafetegirako gune bat.

Aurreproiektuak eliza zaharraren barrualdea hainbat erabileratarako egokitzeko aukera irekitzen du, eta kirol-instalazio berriaren inguruan parking-gune bat izatea planteatzen da; hala ere, bigarren puntu hori baloratu egingo da, auzoan aparkaleku horiek egiteko dagoen beharra zehazteko. Edonola ere, aurreproiektuan jasotako proposamenak egokitzapenen eta hobekuntzen mende daude, behin betiko proiektuaren oinarriak ezarri aurretik.

Ipuruako kiroldegiari dagokionez, eraikina berregituratuko da, eskaintzen dituen zerbitzuak birbanatuz eta espazioak optimizatuz. Aurreikusten da fitness, yoga eta pilates gune bat jartzea, eta areto espezifikoak egokituko dira gimnastika erritmikoa, arte martzialak eta dantza bezalako diziplinetarako.  

Erdiko pista eta harmailak dauden bezala lagako dira, baina larrialdietako argiak hobetuko dira.  Egungo igerileku estalia desmuntatu egingo da, baita gimnasioa ere, zerbitzu horiek Ipurua II instalazio berrian eskainiko baitira.  Bestalde, harmailen azpiko espazioetan, kirol- eta kultura-jardueretarako areto espezifikoak sortzea planteatzen da.

Aurreproiektuaren edukian oinarrituta, kalkulatzen da kiroldegi berria eraikitzeko eta oraingoa eraberritzeko aurrekontua 20 milioi euro ingurukoa izango dela.

Aurreproiektuaren edukia aztertu ondoren, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Kiroldegi berri honekin, eta erabileren proposamenean ikus daitekeen bezala, erantzuna ematen diegu hiriko kirol-eragileen premiei, bai eskola-kirolari dagokionez, bai kirol federatuari eta lehiaketakoei dagokienez”.

Zentzu horretan, “Eibarri kirol-instalazio erakargarri eta funtzional berriak emango dizkiogu, eta kiroldegia berritzearekin batera, Ipuruako futbol-zelaitik kanpoko igerilekuetara doan kirol ardatz bat sortuko dugu”.

1,2 milioi baino gehiago klubentzako dirulaguntzetan

Proiektu berri hauei dagokienez, Udala apustu handia egiten ari Eibarko klub eta elkarteek osatzen duten kirol-sare zabal eta aberatsari diruz laguntzeko.

Datuek argi eta garbi erakusten dutenez, udal-agintaldi hau 2019. urtean hasi zenetik, Udalak 1,2 milioi euro baino gehiago bideratu ditu herriko kirol-klubentzako dirulaguntzetan.

Datu horri zera gehitu behar zaio: hiriko kirol-kluben urteko aurrekontuaren % 25 Udalak ordaintzen duela.

Gainera, Udalak hilabeteak daramatza lanean eskola-kirol egokitu eta inklusiboa bermatuko duten programak abian jartzeko.