Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak auto hibrido bat erosi du Brigadarentzat, eraginkortasun energetikoarekin duen konpromisoa betez

Udalak auto hibrido bat erosi du Brigadarentzat, eraginkortasun energetikoarekin duen konpromisoa betez

Erositako autoa.

2018/10/05

“Land Rover” historikoari baja eman zaio, 26 urtez lanean egon ondoren. Eibarren ingurumenaren eta aurrezpen energetikoaren alde bultzatutako planak hainbat jarduerak osatzen dute.

Eibarko Udal Lantaldeak aste honetatik aurrera ibilgailu berri bat du, ohiko lanak egiteko (ekipoak garraiatzea, azpiegiturak mantentzea, Udal Lantaldeko langileak garraiatzea). Hibrido erako autoa da (bi motorizazio konbinatzen ditu: barne-konbustiozko motor bat eta beste bat elektrikoa, bateria nagusiaren osagarri diren bateriek elikatua); erosketa honekin, Udalak berretsi egiten du ingurumenarekin eta eraginkortasun energetikoarekin duen konpromisoa, azken urteotan arlo horretan egiten ari diren neurrien artean beste bat gehituz.

Ibilgailu berriaren erosketa lizitaziora irten zen eta 18.977 euroko kostua izan du. Auto hau ez da lehenengoa udalean ezaugarri horiek dituena; izan ere, bada beste halako hibrido bat Udaltzaingoan, eta haren emaitza onak ikusita lerro horri jarraitzea erabaki dute udal arduradunek. “Joera-aldaketarekin bat eginez, Udalak erabaki du lehengo ibilgailuen ordez beste batzuk jartzea eraginkortasuna eta aurrezpen energetikoa kontuan hartuko dutenak”, azaldu dute Zerbitzuen Udal Sailean.

Ibilgailu berria erosteko erabakia Udal Lantaldeko beste ibilgailu bati baja ematearen ondorioa da; izan ere, “erretiroa hartzeko” garaia heldu zaio Land Roverrari, 26 urtez jarraian zerbitzuan egon ondoren. “Todoterreno” honek ospakizun eta jarduera askotan hartu du parte Eibarren, hala nola karrozei tira egiten jaietan, Arrateko mantentze-lanetan edo elurra kentzen elurteetan.  

Eraginkortasun energetikoaren eta ingurumenaren aldeko lana

Eibarko Udalak hainbat aitorpen jaso ditu azken urteotan eraginkortasun energetikoaren alorrean egin duen lanak direla-eta, besteak beste, CO2 igorpenak murrizteko eta energia aurrezteko jarduerak, eta energia berriztagarriak erabiltzeko ahaleginak. Jarduera horien artean sartzen dira, halaber, argiteria publikoan argi tradizionalen ordez LED erako argiak jartzea, herriaren Hiri Ordenamendu Plan Nagusiaren alderdietan ingurumen-irizpideak sartzea, Eibar osoan materia organikora bideratutako bosgarren edukiontzia ezartzea, eta leku jakin batzuetan biomasa-galdarak edo eguzki-plakak jartzea.

Gainera, telegestio-sistemak ezarri dira argien koadroetan, erabilera energetikoa hobeto kontrolatzeko. Azpimarratu behar da, orobat, energia aurrezteko sistemak aplikatu direla herrian dauden eskailera eta arrapala mekanikoetan, ‘stop&go’ sistemaren bidez (eskailera geldi dago, norbait hurbiltzen dela antzeman eta martxan jartzen den arte). Halaber, elektrizitate- eta gas-horniduren kontratuak aldatzeko prozesu bat egon da eta lortu da energia eta dirua aurreztea eta baita potentzia energiaren erabilera errealera egokitzea ere.