Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak aurten ere dirulaguntzak emango dizkie jabekideen komunitateei fatxadak zaharberritzeko edota igogailuak jarri eta aldatzeko

Urkizu Pasealekuko etxebizitzak.

Urkizu Pasealekuko etxebizitzak.

2021/05/19

200.000 euroko partida bat esleitu da eta eskabideak aurkezteko epea azaroaren 12ra arte dago zabalik. Udalak, halaber, dirulaguntza programa bat esleitu du auzo-igogailuen mantentze-gastuetarako.

Eibarko Udalak fatxadak zaharberritzeko edota igogailuak jarri eta berritzeko obretarako dirulaguntza deialdi berri bat jarri du martxan 2021. urte honetarako. Dirulaguntza horiei aurre egiteko, aurtengo udal aurrekontuetan 200.000 euroko partida bat jarri da, 2019an egin zen azken deialdiko kopuru berbera.

Eibarko alkate eta Hirigintzako buru Jon Iraolak azpimarratu du “laguntzen programa hau finkatuta dagoela jada urteroko udal aurrekontuetan”, eta egiaztatu du “herritarrei aukera ematen diela lan horiek sortzen dituzten gastuak murrizteko, bereziki, pandemiaren eraginez bizi dugun krisi-une honetan” eta, gainera, “ahalbidetzen du eraikinen irisgarritasuna hobetzea eta eraginkortasun energetikoaren eskakizunetara egokitzea”.

Honako lanak izango dira diruz lagunduko direnak: fatxadak zaharberritzea, igogailuak jarri edo ordeztea, igogailuak zero-kotara jaistea pegoratik irisgarritasuna bermatzeko (lehendik dauden desnibelak kenduz) edota plataforma jasotzaileak jartzea.  Dirulaguntzen deialdian ezartzen da zein diren laguntzak jaso ahal izateko baldintzak.

Igogailuen kasuan, eskaera egiten den urtean bertan edo aurreko urtean amaitutako obrak eta jarduerak dira diruz lagunduko direnak; eta lanek honako helburuak izango dituzte: bizitegi-eraikinen barruan edo eraikinetara iritsi ahal izateko kanpoko aldetik igogailuak ipintzea edo igogailu zaharrak kendu eta berriak ipintzea; modernizazioak; pegoraraino eta pegoraren eta igogailuaren artean egon daitekeen desnibela gainditzeko arrapalak, plataforma jasotzaileak, elementuak edo beste obraren bat egitea.

Baldintza moduan eskatzen da eraikinak azalera erabilgarri osoaren bi heren gutxienez etxebizitzako erabilera izatea, hamar urtetik gorako antzinatasuna edukitzea, hirigintza aldetik egoera egokia izatea eta udal baimena lortzeko mugarik ez edukitzea, ez egotea aurri-egoeran, partzialki eraitsia edo barrutik hutsik, edo Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa eskuratuta edukitzea (EIT).

Dirulaguntza jarduera osoaren aurrekontuaren % 10 izango da, eta hauek izango dira gehieneko zenbatekoak: igogailu berria jartzeagatik, ematen den laguntza ez da 9.000 eurotik gorakoa izango; igogailu zaharra kendu eta zero kotara jartzeko obra egiteagatik edo lehen igogailurik ez zuten beste solairu berri batzuetara heltzeagatik, zenbatekoa ezingo da izan 6.750 eurotik gorakoa; igogailua ordeztu edo modernizatzeagatik, 4.500koa izango da emango den gehieneko laguntza, eta arrapalak, plataformak edo desnibelak gainditzeko beste obra batzuk egiteagatik, 2.250 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa.

Fatxaden kasuan, eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko egiten diren jarduketak saritzeko baldintza mantentzen da.

Hala, udal dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa hiru aukera hauetatik baxuena izango da:  jarduketa-kostuaren % 10; berriztutako fatxada metro koadro bakoitzeko 6 euro; edo 12 euro fatxada metro koadro bakoitzeko, fatxada berriztatzeaz gain, eraikinen inguratzailearen isolamendu-obrak egin eta urteko energia-eskaera murrizten bada.  Ateratzen den zenbatekoari, erakunde publikoek fatxada egiteko eskatzen dituzten ezohiko kostuen % 20raino gehitu ahal izango zaio, amiantoa kentzeagatik sor daitezkeen kostuak barne.

Fatxada zaharberritzeko lanak egiten dituzten eraikinek honako baldintzak beteko beharko dituzte: hamar urtetik gorako antzinatasuna izatea, eraikinak azalera erabilgarri osoaren bi heren gutxienez etxebizitzako erabilera edukitzea, hirigintzaren aldetik egoera onean egotea, fatxadako elementuen tratamendu bateratua edukitzea, azken hamar urteetan lan berberengatik udalaren beste dirulaguntzarik lortu ez izana edo Eraikinaren Ikuskaritza Teknikoa eginda edukitzea.

Udalak onartutako deialdiaren arabera, 2021eko dirulaguntza eskaerak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta aurtengo azaroaren 12an itxiko da.  

Dirulaguntza jaso nahi duten jabekideen komunitateek eskabidea, soilik modu elektronikoan, Udalaren webgunearen bidez www.eibar.eus. egin dezakete.  Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.).

Igogailuak mantentzeko dirulaguntzak

Bestalde, Udalak 2020. urtean auzo-igogailuen mantentze-gastuetarako dirulaguntzen deialdia ere egin du. Kasu honetan, baldintza izango da igogailu komunitarioen erabiltzaileen elkarteak behar bezala eratuta egotea, betiere igogailuek bizitegi-guneetara irisgarritasuna ematen badute eta gutxienez 50 etxebizitzari edo zortzi pegorari zerbitzua ematen badiote.

Kasu honetan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 6.000 euro izango da igogailuko.  Eskaera egiteko epea zabalik dago eta urriaren 15ean amaituko da.  Eskabidea modu elektronikoan egin behar da, eskatutako dokumentazioa aurkeztuz eta egindako gastuak fakturen bidez justifikatuz.

Deialdi hauen bidez, Gobernu-taldeak sendotu egiten du auzo-komunitateekin betidanik duen konpromisoa, irisgarritasuna hobetzeko eta fatxadak eraberritzeko. 

>>> Igogailuak jartzeko eta ordezteko obrak egiteko eta fatxadak berriztatzeko dirulaguntzak (2021)

>>> 2020 urtean auzo-igogailuak mantentzeko gastuetan laguntzeko dirulaguntzak (2021).