Udalak aurten ere bat egingo du ‘Planetaren ordua’ ekimenarekin

Larunbatean, martxoak 22, 20:30-21:30 bitartean, amatatu egingo dira udaletxea argiztatzen duten Untzagako fokuak, udaletxeko erlojuko eta arkupeetako argiak, baita Eibarko Bizikleta plazako argi batzuk ere.
Eibarko Udalak bat egingo du aurten ere ‘Planetaren Ordua’ ekimenarekin, eta, larunbatean, martxoak 22, 20:30etik 21:30era bitartean, ordubetez itzaliko dira Untzaga plazako fokuak, udaletxeko erlojuko eta arkupeetako argiak, eta baita Eibarko Bizikleta plazako argi batzuk ere, klima-aldaketaren aurkako keinu sinboliko gisa.
‘Planetaren Ordua’ WWF erakundeak sustatu eta Nazio Batuek babestutako mugimendu global bat da, eta haren eginkizunetako bat da gogoraraztea natura planetaren bizi-euskarriaren sistema dela, behar dugun guztia ematen diguna, bai arnasten dugun airea, bai edaten dugun ura, baita jaten ditugun elikagaiak ere, eta orain zaindu behar dugula, gure planetaren osasuna eta, aldi berean, gure osasuna eta ongizatea babesteko.
Lehen aldiz egin zenetik, kanpaina munduko ingurumen-mugimendu handienetako bat bihurtu da, eta bozgorailu bat eskaintzen die milioika pertsonari eta 200 herrialde baino gehiagotan bat egiten duten milaka enpresa eta erakunderi. Hala, nahiz eta oraindik egun batzuk falta diren martxoaren 22rako eta ordubeteko itzalaldirako, 300 herri eta hiri baino gehiagok egin dute bat Planetaren aldeko mugimendu honekin.
Zientziak ohartarazi du tenperatura globalaren igoera 1,5 °C-tik behera mantentzearen premiaz. Klima-aldaketa arintzeko eta aldaketa horren ondorioetara egokitzeko gero eta kontzientzia handiagoa egon arren, krisi klimatikoak ez du etenik.
Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuak ofizialki baieztatu du 2024a erregistratutako urterik beroena izan zela. Copernicusen datuek berresten dute, halaber, 2024an lehen aldiz gainditu dela industria aurreko mailatik gorako 1,5 ºC-ko langa. Muga hori urte bakar batean gainditzea eta Parisko Akordioaren 1,5 °C-ko tenperatura-muga gainditzea ez dira gauza bera, Parisko batezbestekoa epe luzeagokoa baita, baina urrats oso kezkagarria da. Tenperatura globalaren igoerak muturreko fenomeno meteorologikoak ekarri ditu, hala nola uholdeak, bero-boladak eta sute suntsitzaile gero eta ohikoagoak. Horren erakusgarri izan zen iazko urrian Valentzian izandako DANA fenomenoa.
Beharrezkoa da tenperatura globalak mugatzea, klima-aldaketaren ondorioa arintzeko, baina hori egiteko tartea gero eta murritzagoa da. 1,5 ºC-ko langa gainditzen bada, tenperaturak murrizteko erronka eta kostu handiagoei egin beharko diegu aurre. Berotze gradu-frakzio bakoitza garrantzitsua da pertsonentzat, naturarentzat eta gure etorkizunarentzat.
Hala, Eva Juez Garmendia Eibarko Ingurumen zinegotziak ziurtatu duenez, "argia ordubetez itzaltzea bezain keinu sinplearekin, klima-aldaketaren aurkako eta naturaren aldeko mugimendu global handi honekin bat egitera animatu nahi ditugu herritarrak, edozein ekintza, txiki izanda ere, garrantzitsua baita. Larrialdi klimatikoaren egoeran bizi gara, eta denon artean egin behar diogu aurre". Agian 60 minutu gutxi dira larrialdi klimatikoari aurre egiteko, baina mundu osoko milioika pertsonak bat egiten badute, ordu hori ingurumenaren aldeko milaka ekintzetako beste bat bihurtzen da. Ordu horrek milioika pertsona inspiratzen ditu gure planetaren alde jokatzera, eta, ondorioz, ordu guztiak dira beharrezkoak.
Azkenik, argia itzaltzeko keinu sinbolikoa urtero antolatzeaz gain, WWF-k #MiRincónDelPlaneta/Munduko nire txokorik gustukoena ekimenean parte hartzea proposatzen die herritarrei; ekimen horretan naturako txoko gustukoren bat partekatzen da. Planeta hunkitzen gaituzten eta zaindu nahi ditugun leku txiki horietaz osatzen da.